Bertako hamabi sortzailek eginiko hamar proiektu jarri dituzte ikusgai Arma Aretoan; 2024ko Arte Plastiko eta Bisualetarako Laguntzen Programan parte hartu dutenen artean aukeratu dituzte artistak

Bertako hamabi sortzailek eginiko hamar proiektu jarri dituzte ikusgai Arma Aretoan; 2024ko Arte Plastiko eta Bisualetarako Laguntzen Programan parte hartu dutenen artean aukeratu dituzte artistak
Artistek hainbat ikuspegi eta mintzaira aurkeztu dituzte nafar sortzaileen ibilbide artistikoak sendotzeko programan egin dituzten artelanetan
Irudia
Irudia
Irudia

2025eko maiatzaren 22tik irailaren 14ra bitarte, 2024ko Arte Plastiko eta Bisualetarako Laguntzen Programaren barruan garatutako proiektuak egonen dira ikusgai Ziudadelako Arma Aretoan. Sortzaile hauenak dira lanak: Idoia Leache, Marisa Mantxola Gutierrez eta Mikel Usetxi Sarasa, Ignacio Navas, Javier Ozcoidi, Oskia Paternain Erro eta Iñigo Zubikoa Agerri, eta Iker Serrano.

Zortzi artistek udaberrian amaitu dituzte proiektuak: programaren 2024ko deialdian hautatu zituzten, eta urtebetez aritu dira lanean. Iruñeko Udala, Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorraren bidez, elkarlanean aritzen da Uharte Zentroarekin eta Nafarroako Gobernuaren Kulturako, Kiroleko eta Turismoko Departamentuaren Museoen zerbitzuarekin, programaren berri emateko.

Gaur aurkeztu dute erakusketa, ostegunarekin, eta aurkezpenean izan dira Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzia, Oskia Ugarte Abarzuza Uharte Zentroaren zuzendaria eta Celia Martin Larunbe Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ordezkaria.

Arte Plastiko eta Bisualetarako Laguntzen Programak helburu du ikerketari eta artelanen ekoizpenari babesa ematea eta sortzaile nafarren ibilbide artistikoak zabaldu eta sendotzea. 2024ko Programan egin dituzten proiektuetan hainbat ikuspegi eta mintzaira landu dituzte sortzaileek. Idoia Leache Olaguek prozesu industrialetako objektuek ematen dituzten aukera estetikoak ikertu ditu Take me on proiektuan: hala nola ibilgailuen osagaiak eta aireztatze-hodiak beste testuinguru batean jarri ditu beste ikuspegi batetik aztertzeko.

Javier Ozcoidi Arricibitak, berriz, aurreko lanetako hondarrak eta akatsak hartu, eta horiek berrerabiltzeak sormenerako ematen dituen aukerak aztertu ditu, eta materialek pilatzen dituzten esanahi-geruzak ere bai: horrela sortu du Rushes proiektua. Ignacio Navasen Klickflip proiektua argazkiz osaturiko bideojoko baten proposamena da: Tuterako hiri-paisaia irudikatu du nerabe talde baten ikuspegia oinarri hartuta, eta eskola-porrota eta identitaea landu ditu, besteak beste.

Iker Serrano Roblesen proiektuak Latir vegetal du izena, eta paisaia naturala eraldatu du inguruneak gizakien ekintzei nola erantzuten dien aztertzeko, landareen mintzaira hobeto ulertzea helburu. Marisa Mantxola Gutierrez eta Mikel Usetxi Sarasa elkarrekin aritu dira lanean, eta El Atractor. Propaganda luminosa proiektua sortu dute: gaur egungo propagandarako mekanismoak auzitan jarri, eta emozioetan oinarritutako alternatiba bat proposatu dute, manipulaziorik gabea eta publizitateko kode bisual klasikoak berrerabiliz ondua.

Oskia Paternain Erro eta Iñigo Zubikoa Agerri ere elkarrekin aritu dira lanean Re(construyendo) memorias proiektuan: sinbolismoz betetako josteko makina bat hartu dute abiapuntu, karlismoari eta memoria historikoari lotua, eta soinu-instalazio bihurtu dute berdintasunaren eta askatasunaren alde borrokatzeagatik zigortu izan dituzten emakumeak ikusarazteko.

Halaber, erakusketaz gain, artisten testuak bildu dituzte argitalpen batean: beren lanen eta sormen-prozesuaren inguruko hausnarketak dira. Maite Luengo Aguirre Euskal Herriko Unibertstitateko doktoreak idatzi du hitzaurrea, eta testuinguruari egokitutako ikuspegi kritikoa erabili du proiektu artistikoak hobeto uler daitezen.

Argitalpenen ataleko proiektuak
Sei proiektu horiekin batera, argitalpenen modalitatean hautatutako proiektuak ere erakutsiko dituzte. Hainbat formatu eta eduki landu dituzte egileek. Modalitate horren helburua da hainbat euskarritako argitalpenak sortzea, eta artistak eta argitaratzea eskatzen duten arte garaikideko proiektuak babestu eta sustatzea.

Lau proiektu hautatu zituzten 2024ko deialdian. Batetik, Gorka Beunzaren Pegasoenea argazki-liburua: lagun talde batek Pirinioetako herrixka batean izandako bizipenak kontatzen ditu 15 kapitulutan. Bestetik, Paula Eslavaren Una piedra cae en el aliviadero proiektua hautatu zuten: azken 70 urteetako politika hidraulikoen eragin estetikoak landu ditu gaur egungo ikuspegiarekin. Katixa Goldarazena Azpirotzen Imagen y hueso tiempo-párpado ere lau proiektuen artean dago: proiektu pertsonal bat da, eta 2020tik gaur egun arte sortutako idazkiak eta marrazkiak bildu ditu egileak. Lara Molinaren Erraiak_arte_kidetzak_afinidades proiektua da laugarrena: praktika artistikoen eta gizarte-mugimenduen arteko bitartekaritza-lanen prozesuak bildu ditu.

Ordutegi zabala du erakusketak: asteartetik larunbatera 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era ikusten ahalko da, eta igande eta jaiegunetan, berriz, 11:30etik 13:30era. Astelehenetan itxita egonen da. Uztailaren 1etik aurrera Ziudadela itxita egonen da sanferminek irauten duten bitartean. Jaietako jarduerak eta ekitaldiak amaitzen direnean, tokia berriz egokitu eta uztailaren 21eko astean zabalduko dute berriz erakusketa.
 


2024KO ARTE PLASTIKO ETA BISUALETARAKO LAGUNTZEN PROGRAMA

  • Ziudadelako Arma Aretoa:
    • Datak: 2025eko maiatzaren 22tik irailaren 14ra (sanferminetan izan ezik)
    • Ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, goizez bakarrik, 11:30etik 13:30era; astelehenetan, itxita.
  • Ekoizpen modalitatean hautatutako proiektuak:
    • Take me on, Idoia Leache Olagüe
    • El atractor, programa luminosa, Marisa Mantxola Gutierrez eta Mikel Usetxi Sarasa
    • Kickflip, Ignacio Navas
    • Rushes, Javier Ozcoidi Arricibita
    • Latir Vegetal, Iker Serrano Robles
    • (Re)construyendo memorias: segundas vidas y resistencias en torno a una máquina de coser, Iñigo Zubikoa Agerri eta Oskia Paternain Erro
  • Argitalpen modalitatean hautatutako lau proiektuak:
    • Pegasoenea, Gorka Beunza
    • Una piedra cae en el aliviadero, Paula Eslava
    • Imagen y hueso tiempo-párpado, Katixa Goldarazena Azpirotz
    • Erraiak_arte_kidetzak_afinidades, Lara Molina
¿Te ha sido útil esta página?