Iruñeko Udalak eta Udaltzaingoak PaMplona Alert larrialdietarako alerta-sistema hiriko farmazia sektorera hedatu dute, iaz taxien zerbitzuan eta Iruñerriko autobusetan ezarri ondoren. Orain arte, berrogei farmazia inguruk egin dute bat boluntarioki sistema horrekin. Zerbitzua eskuratzeko baldintza bakarra farmaziak Iruñeko udal-mugartean egotea da, Udaltzaingoaren eskumena eremu horretara mugatzen baita.
Sistemak mugikorreko aplikazio baten bidez larrialdi-botoi bat aktibatzen du, horrela, modu sotilean Iruñeko Udaltzaingoari ohartarazten ahal zaio egoera kritiko bati buruz, hala nola delitu bat edo arrisku pertsonaleko egoera bat, erasotzailearen arreta deitu gabe, alerta aktibatzean ez baita Udaltzaingoarekin harremanetan jartzen, soilik alarma aktibatzen du.
PaMplona Alert aplikazioak establezimendua zuzenean Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroarekin konektatzen du. Hala, larrialdi-botoia sakatzean, alerta bat sortzen da EKZ-n eta polizia etortzea eskatzen duen establezimenduaren kokapena identifikatzen ahal da. Informazio hori hurbilen dauden patruilei bidaltzen zaie zuzenean, gorabehera ahalik eta lasterren artatu ahal izateko. Taxien eta autobusen kasuan bezala, sistemak alerta aktibatzen den tokia denbora errealean geolokalizatzea ahalbidetzen baitu.
Zerbitzu hori erabili ahal izateko, Android eta IOS sistema eragilea duten gailuetan deskargatzen ahal da PaMplona Alert mugikorrerako aplikazioa; jarraian, sisteman erregistratu beharra dago, telefono-zenbakia eta farmaziaren datuak idatzita. Udaltzaingoak eman behar du baimena azken erregistroa egiteko. Behin aplikazioa aktibatuta, datuak Udaltzaingoaren Koordinazio Zentrora bidaltzen dira larrialdi kasuakidentifikatu eta geolokalizatzeko.
Interesa duten farmaziak Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin zuzenean harremanetan jarri behar dira, hura arduratuko baita aktibazio-eskaerak Iruñeko Udaltzaingoari bidaltzeaz.
Iruñeko Udalak 15.000 euro inbertitu zituen zuzenean mugikorrean instalatzen ahal den aplikazio hori egiteko. Lehenengo fasean, Iruña eta Iruñerriko 328 taxien eskura jarri zen eta 2025eko ekainetik aurrera Iruñerriko hiri-garraioko zerbitzuko autobusetan ezarri zen, larrialdi baten aurrean berehalako eta lehentasunezko erantzuna eskainiz.