Bernat Etxepare IPko patioa atseginagoa izanen da datorren ikasturtean, berdeguneak, jolasguneak eta elkarrekin egoteko guneak izanen baititu

Bernat Etxepare IPko patioa atseginagoa izanen da datorren ikasturtean, berdeguneak, jolasguneak eta elkarrekin egoteko guneak izanen baititu
Udalak zaharberritze-lanak abiatu ditu, 94.402 euroko inbertsioaz

Bernat Etxepare IPko patioak itxura atsegin eta jasangarriagoa izanen du hurrengo ikasturtean, Iruñeko Udala bertan egiten hasi den obrei esker. Egokitzapenak hezkuntza-estrategia berriak kontuan hartu ditu, eta berdegune bat eratuko da, zuhaitzekin, baita jolasteko eta harremanetarako gune berriak ere; hori horrela, orain arte lurraren gogortasunagatik eta eguzkiak gehiegi jotzeagatik gutxi erabili izan den gune bat izateari utziko dio. Zaharberritze-lanen aurrekontua 94.402 eurokoa da (BEZ barne), eta Erki Construcción Sostenible SL enpresak eginen du obra. Bi hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusten da.

Patioa hegoaldera begira dago eta hormigoiz egina dago erabat. Bakarrik bi zuhaitz ditu, muturretako batean. 3.722,76 m² ditu: 1.004,80 m² kirol-pista batek betetzen ditu, eta gainerakoa, 2.717,96 m², atari zabalean daude. Udal teknikariek egin dute proiektua, eta atari zabaleko gune handia eraldatu eta bestelako kontzeptu bat bilakatu nahi izan dute, esaterako, ikasleen sozializazioa aintzat hartu da, eta bestelako erabilerak txertatu dira, ez bakarrik kirolekoak.

480 m²-ko berdegunea, zuhaitzekin

Patioak 480 m²-ko berdegune berri bat izanen du, organikoa eta hainbat espezietako zuhaitzekin: handienak iparraldean jarriko dira altzarien gainean itzala emateko, eta eraketa, kolore zein tamaina desberdinetakoak, gainerako tokietan. Bertan egindako hormigoizko banku-horma batek zedarrituko du, 90 metro lineal izanen ditu, eta soropil naturaleko duna bat eratzea ahalbidetuko du. Horma banku jarraitu gisa erabiltzeko diseinatu da, ikasleak zein irakasleak bertan eser daitezen.

Sortuko diren beste gune berrietako batzuk honakoak izanen dira: koloretako kautxu jarraituzko zoladura duen hainbat jolasetarako 150 m²-ko jolasgunea, egungo rokodromoa osatuko duena, eta ikasleen arteko harremanetara bideratutako gune bat, non hiri altzariak paratuko baitira. Hor ez da kirol-elementurik egonen, izan ere, osagarri horiek beste toki batzuetan egonen dira, hala nola frontoi, kirol-pista eta kiroldegian. Gaur egun atari zabaleko kiroldegi-pista gisa markatuta dagoen azalera murriztu eginen da, eta 475 m²-ko saskibaloi-pista bakar bat utziko da bertan. Bertako zoladura hobetu eginen da, koloretako erretxinez babestutako asfaltoarekin, eta horrek kolorea emanen dio patioari. Gainera, sarbide berri bat egonen da Maiatzaren Lehenaren plazatik.

Jarduketa horren bidez patioaren hegoaldea eraldatu eta atseginago bihurtuko da, kirol-pistaren eta berdegunearen koloreari, erretxinen testurari, soropilari eta hosto erorkorreko zuhaitzen itzalari esker. Urbanizazio-proiektua euri-uren eta ureztapen- zein argiztapen-instalazioekin osatuko da.

¿Te ha sido útil esta página?