
Elena Jiménez artistak ‘Bere pisuz eroraraztea’ lana Ziudadelako Labearen konplexutasunera egokitu du. Egilearen ustez, eraikinak ezaugarri apartak ditu, eta espiritualitatea transmititzen du. Proposamena kupulatik behera doan irudi nagusi batek osatzen du, eta hari laguntzen diote aretoaren gainerakoan dauden proiekzioek eta soinuek. Pieza horren helburua, etxeko piezak erabiltzeari esker, konbentzionaltasunekin amaitzea da, errepikapenean oinarritutako proposamenen bidez. Erakusketa datorren ekainaren 27ra arte bisitatu daiteke, doan.
‘Bere pisuz eroraraztea’ erakusketaren pieza nagusia Ziudadelako Labearen kupularen erdiko dibidietatik behera doa; zeramikazko pieza ugariz osatuta dago, beren banda ezegonkor eta hauskorretatik zorura arte zintzilik. Antolaketa horrek mugimendu-irudipen bat sorrarazten du ikuslearengan, eta horren osagarri, pieza inguratzeko aukera ematen dio, bidea emanez horrela, errepikapenean oinarritutako mezu inprimatua behin eta berriro irakurtzeko. Pieza horren mende ere badira metaletan, kobrean, aluminioan eta latorrian inprimatutako beste batzuk. Artistak pieza batzuk makurtuta irudikatzen ditu, eta indarrak azpiratuta beste batzuk, zoruan atseden hartzen ari direla beste zeramika batzuekin batera.
Pieza nagusiak ‘Ezin dut esan inoiz hutsik egin ez dudanik’ multzoa du lagun, ontziteria baten suntsipena erakusten duen ikus-entzunezko proposamena. Ez dira etxeko objektu aseptikoak, inprimatutako dekorazio berezia baitute, gertuko horman ikus daitezkeen orbainekin berreraikita dagoena. Kulturguneetan bildutako irudiekin egindako patchworkaren zatiekin osatutako konposizioa da, eta bere mezuen interrelazioak eta narraziotik ondorioztatzen diren sinergiek bere benetako informazioa aldatzen dute.
Elena Jiménezek gizarte-arauetatik ihes egite bat irudikatu nahi du objektuen bidez
Proposamenaren bidez, Elena Jiménez artistak gizarte-arauak eta “nik ez dut inoiz hutsik egin” ildoa apurtu nahi ditu, eta bilatu pertsona bakoitzak ez erantzutea besteok harengandik espero duten horri baizik eta ezarritako ereduak haustea. Eta errebeldia-ideia etxetiar baten bidez egiten du, objektuen eta haien materia fisikoaren narrazioek eta testigantzek osatua, konbentzioak hausteko asmoz, errepikapenean oinarritutako proposamenen bitartez. Horrela, material baten irmotasunaz baliatzen da sentimendu bat, gaixotasun bat edo min bat irudikatu ahal izateko. Piezen bidez, erresistentzia fisikoen ezaugarriak erakusten ditu, eta horiek kolpe batez, erorketa batez edo beste mota bateko eraso batez zatituak izateko gaitasuna. Eta puskekin hausturaren tentsioa irudiztatzen du, liskar baten, gerra baten, sentimenduekin lotutako lasaitu baten eta frustrazio baten ondorengo hondarrak edo hondakinak.
Jiménez Arte plastikoetako goi mailako teknikaria da, eta azken urteetan hedatutako grafikoen inguruko prozesuen instalazioetan espezializatu da, baina bere ibilbidean zehar marrazketa, obra grafikoa, argazkigintza eta pintura ere landu ditu. Hainbat talde-erakusketetan parte hartzeari galeria pribatuetan zein erakundeetan bakarkako proiektuak martxan jartzea gehitu behar zaio, hala nola Cácereseko Brocense aretoan, Pariseko Ikastetxe Espainiarrean, eta Valladolideko Pimentel Jauregian. Halaber, nazioko deialdietan lehen sari batzuk irabazi ditu, eta egungo artearen inguruan egonaldiak eta ikerketa-lantegiak egin ditu, naziokoak zein nazioartekoak. Bere ikerketen erakusgarri, Kultura Ministerioak Ljubljanako Nazioarteko Bienalean Espainia ordezkatzeko aukeratu zuen.
Arkitektura eta euskarri anitzetako arte-proposamenak, egun hauetan ere Ziudadelan
Elena Jiménezen proposamenak bat egin du egun hauetan Ziudadelan zabalik dauden erakusketekin. Ziudadelako belardietan eta Mistoen Eraikineko lehen solairuan ‘Periferia birpentsatuz’ erakusketa dago, Udalak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin elkarlanean egindakoa, eta Iruñeko periferiak aztertzea, berreskuratzea eta birdefinitzea xede duena. Erakusketa-eraikin beraren beheko solairuan, Joan Brossa artistaren obraren atzera begirako erakusketa dago, euskarri anitzetan; Brossa XX. mendeko poeta abangoardista ospetsuenetakoa da. “Isiltasunetik ekintzara” ikus-entzunezkoen, instalazioen eta argazkien bidez egindako ibilbide bat da; bi erakusketek osatzen dute, non poema idatziak, kartelak eta objektuak aurki daitezkeen, betiere Brossaren ukitu bereziarekin.
Bestetik, Bolborategian, egun hauetan, Javier Sáez Castánen ‘Munduaren memoria baterako irudiak’ erakusketa dago, eta datorren ekainaren 27ra arte bisitatu daiteke. Proposamenak diseinu eta objektuen bilduma bat du oinarri, baina lotura sekuentziala duten marrazkiez haratago doa. Ziudadelako erakusketa-guneetan proposamenak etengabe berritzen dira, eta doan bisitatu daitezke asteartetik igandera. Hona irekiera ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era, eta 18:00etatik 20:30era; igandeetan, bakarrik goizez.