The Beatles taldearen tributu-kontzertua teilatutik, eta urtebetetze-tartako 450 zati, horra Gaztediaren Etxearen larunbaterako gonbita herritarrei, 50. urtebetetzean

The Beatles taldearen tributu-kontzertua teilatutik, eta urtebetetze-tartako 450 zati, horra Gaztediaren Etxearen larunbaterako gonbita herritarrei, 50. urtebetetzean
Aste honetan bisita gidatuak eginen dira, eta larunbatean, 18:00etatik 22:00etara, jarduera-sorta, 60ko hamarkadako unibertso hippyan girotua

Gaztediaren Etxeak 50 urte beteko ditu. Duela bost hamarkada ireki zituen ateak Iruñean. Urte horretan Amerikako astronautak Ilargira iritsi ziren, bi unibertsitatek bat egin zuten sare digitalaren bidez Estatu Batuetan, Frantzia Concord-a probatzen ari zen, eta musikaren historiako laukote britainiar ospetsuenak, The Beatlesek, azken kontzertu publikoa eman zuen agertoki berezi batean: bere enpresa diskografikoaren teilatua.

Iruñean oso presente dagoen erakundearen urtebetetze biribilari keinua eginez, Gaztediaren Etxean izanen da, larunbatean, Liverpooleko International Beatles Week Liverpool delakoan saritutako The Flaming Shakers taldearen tributu-kontzertua, taldekideak ekitaldirako behar bezalako jantziez atonduta eta britainiarrek erabiltzen zuten profil berberaz instrumentuetan. Eraikinaren teilatu laua izanen da kontzertuaren agertokia, behar den bezala.

Bertan izanen dira, ikusleen artean, horren arkitektoetako bat, Estanislao Quadra-Salcedo, eta Udalaren ordezkaritza, Enrique Maya alkatea buru. Gainontzeko herritarrekin batera parte hartzen ahalko dute, kontzertuan ez ezik, aurreko ekitaldi-sortan ere bai, Gaztediaren Etxean eta Zangoza kalean: Dj revival, girotze kontrakulturala eta bakezalea egiteko lantegiak, photocall-gunea eta 60ko hamarkadako Flower power mugimenduko hippyak bihurtutako antzezle zein animatzaileak. Eta, noski, tarta bat izanen da festan. Metro bat baino gehiagoko garaiera izanen du, eta kandela guztietarako tokia, zalantzarik ez.

Eraikin horren jaiotza hiriarekin ospatzeko Iruñeko Udalak egindako proposamena dugu hau. Espainian horrelako lehena izan zen, Gaztediaren Etxea izateko berariaz eraikia, Frantziako ereduari jarraikiz. Halaber, ekitaldiak erabiltzaileen historia-ibilbidea ere gogoan izateko balio izanen du, milaka iruindarrena, tartean batzuk oso ezagunak direlarik. Bertan eskaintzen diren zerbitzuei begirada bat emateko unea ere izanen da, bost hamarkadako gizarte-bilakaerara doitu baitira. Horiek horrela, urtebetetzean izanen dela berretsi duen beste gondidatu bat Manuel Antón Ayllón da, Gazteriako ordezkaria Etxea eta horren proiektua egin ziren garaian.

Gaur goizean aurkeztu dituzte larunbateko urtebetetze-festari buruzko xehetasunak eta datozen egunotako jarduerak Arturo Lecumberri Gazteriako zinegotzi bereziak, Ana Parody Gaztediaren Etxeko arduradunak eta Ane Morenok zein Ane Zabalzak, urtebetetze-festan parte hartuko duten erabiltzaileen ordezkariak. Goizean ere, Herritarren Aferen Batzordeko kideek bisita formala egin dute urteurrena ospatzen ari den udal-zerbitzu honetako instalazioetara.

 

aniversario casa de la juventud



Ate irekiak: bisita sozialak eta instituzionalak
Herritarren Aferen Batzordeak bisita egin du goizean Gaztediaren Etxeko instalazioetara, eta argibideak jaso ditu eraikinak bost hamarkada hauetan izan duen bilakaeraren gainean; izan ere, bilakaera hori, kasu askotan, bertan ematen diren zerbitzuen eskari sozialaren eguneraketari lotuta joan da. Esate baterako, orain robotika hezitzaileko laborategi bat dago Artea eta saiakera zinematokiaren ordez, eta Bidaiategia diskotekaren ordez. Adibide batzuk baino ez dira, 50 urteko ibilbidean aldaketa ugariak eta sakon askoak izan baitira, jatorrian E. Quadra- Salcedo J. Capdevila diseinatutako eraikinaren gune fisikoan ere.

Eraikina Nafarroako Gobernukoa da, Udalari lagatakoa 30 urtez baino gehiagoz, 2016an berritu zen hitzarmen baten bidez; 2013an DOCOMOMO Ibérico saria jaso zuen, XX. mendeko arkitekturari egindako ekarpenagatik. Iaz, eskainitako zerbitzuen erabiltzaile izan ziren 96.800 lagun, eta 279 ikastaro, lantegi, erakusketa zein askotariko ekitaldiak programatu ziren Etxean.

Egunotarako programatu diren bisitetan lehena eta instituzionalena izan da Batzordeak egin duena, baina herritar guztiek –adina gorabehera– izanen dute ibilbide hori bera egiteko aukera aste honetako arratsaldeetan. Astearte eta ostegunean, 18:00etan, bisita gaztelaniaz eginen da, eta asteazkenean, hilak 2, euskaraz, ordu berean. Etxearen atondoa izanen da topalekua, hitzordua baino bost minutu lehenago bertaratu beharko da eta ibilbideak, non azalpenak emanen baitira, 45 minutu iraunen du gutxi gorabehera.

Bisita aukera aparta izanen da etorkizuneko erabiltzaileendako, ikusten ahalko dutelako zer eskaintzen duen Gaztediaren Etxeak. Jada bertako zerbitzuak baliatu zituztenentzat beren garaitik gaurdaino izan diren aldaketen berri izateko modua izanen da, eta herritarrek, oro har, hiriko gazteek izan duten bilakaera ezagutzen ahalko dute hala eraikinaren bitartez nola bertan eskaintzen diren edukien bilakaeraren bidez.

Bestalde, urriaren 5ean, larunbatarekin, Etxeak ateak zabalduko ditu, eta oroigarri gisara, 85 minutuko ikus-entzunezkoa proiektatuko da etengabe, bertan jasota Iruñeko Udaleko Gaztediaren Etxeko antzinako irudiak,  90eko hamarkadatik 2006ra hartutakoak. Horien bidez ikastaro, erakusketa, kontzertu, musika-taldeen entsegu, antzerki eta rol-jokoetan izan den bilakaera ikusten ahalko da. Eta erabiltzaileendako nolabaiteko erronka ere izanen da beren burua aurkitzea bideo horretako fotogrametan.

Tarta, argazkiak eta arrakasta handiko musika, 60ko hamarkadako giroaz
Urteurren-festa urriaren 5ean, larunbatarekin, ospatuko da, 18:00etatik 22:00etara. Antzinako garaiak gogora ekartzeko urtebetetzea izanen da, iraganera bidaiatzeko gonbita. Arratsalde osorako askotariko jarduerak programatu dira. Ospakizunari hasiera emateko, zenbait agintarik eta Etxeko erabiltzaile gazteen ordezkari batzuek hartuko dute hitza, eta Zorionak zuri abestu ostean tartaren 450 zati banatuko dira, hostore, chantilly eta gorringoz egindako 2,40 x 1,20 metroko tartarenak, alegia.

Gero, Zangoza kalea zirkulaziorako itxita egonen delarik, DJ-saio bat hasiko da 50 urtez ametsetan izenburupean. ATICA FM irrati sozialeko disc-jockey batek Etxeko historiaren hamarkada guztietako gazteentzat erreferente izandako musika jarriko du. Girotzen laguntzeko, En la Chácena antzerki-taldeko antzezle gazteek eta Learn&Teach elkarteko animatzaileek –Gaztediaren Etxean lan egin ohi duten bi talde– parte hartuko dute, hippy jantziez, festa kolorez blaitzeko.

Jakina, publikoari ere gonbit eginen zaio egoerarekin bat janzteko. Urtebetetzeko albumerako argazkiak egiteko photocall bat egonen da, eta mota guztietako osagarriak eskura: betaurrekoak, kapelak, ileordeak eta abar. Nahi duenak argazkia inprimaturik eramaten ahalko du, eta nahi izanez gero sareetan partekatzen ahalko dute #50urtezGazte edo #50añosjoven traol-hitzez. Horrez gain, inork unean bertan mozorrotu nahi badu, Etxearen barnealdean zein kanpoaldean doako lantegiak egonen dira, gustu guztietarako: beira-aleak, bandanak, soin-uhalak, txalekoak, papar-orratzak... Jantzi retroak eskuratzeko aukera, Arte Ederretako eta eskulanetako esparruko langileen eskutik: Ana Galar, Alicia Urtasun, Izaskun Goñi, Jurgi Murua eta Nerea Díaz.

The Beatles taldea teilatura igo zirenekoa
Urtebetetze berezi honen hurrengo mugarria 20:00etatik aurrera iritsiko da. 60ko hamarkadan The Beatles banda britainiarra hamarkadako talde miretsi eta ezagunena bihurtu zen, salmentetan izandako arrakasta handiagatik ez ezik –oraindik ere baduena– rock eta pop generoetan inspiratuta sortu zuten musika kritikariek babestu zutelako ere. Milioika disko saldu ostean, azken kontzertua eman zuen 1969an, teilatu lau batetik. Bi urte geroago taldea desegin zen.

Gertakari horri keinua egin nahian, urte horretan ere ireki baitzen Gaztediaren Etxea, Iruñeko Udalak musika-hitzordu horren berredizioa prestatu du, bertako teilatu lauan bertan, The Flaming Shakers tributu-taldearen eskutik. Taldekideak, behar bezala jantzita, top-mod erako orrazkerez eta Liverpoolekoen antzekoen instrumentuez, saiatuko dira bere garaian musika-hitzordu mitiko horrek lortutako arrakasta birsortzen.

Kataluniatik datorkigun bandak The Beatles taldearen 250 kanta baino gehiagoz osatutako errepertorioa dauka, eta dozenaka kontzertu eman ditu Europan barnako biretan; International Beatles Week Liverpool delakoan aritzeko hautatua izan da hainbatetan. Horrez gain, The Flaming Shakers da Espainiako banda bakarra The Beatles taldeko kide zaharrekin jo duena:  Pete Best-ekin, banda britainiarraren lehen bateria-jotzailearekin, eta The Quarrymen taldearekin. 

Bartzelonako taldekideak honako hauek dira: Israel Marshall (John Lennon-ena eginez), Abel Marshall (George Harrison), George Agustí (Paul McCartney) eta Ben Heckler (Ringo Starr).

¿Te ha sido útil esta página?