
Baiona eta Iruña hiri senidetuak berriz ere elkartuko dira irailean, Baztan Race 2026 lasterketaren bidez: errepideko bizikleta-ekitaldi berria da eta mendate eta haranetan barna joanen da ingurune natural paregabe batean. Proba irailaren 13an, igandea, eginen da eta bi ibilbide egonen dira aukeran: 185 kilometroko Baztan Real izenekoa (desnibel metatua: 3.250 D+) eta 131 kilometroko Baztan Ona (desnibel metatua: 1.900 D+).
Martxa zikloturista berria 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta honako hauek aurkeztu dute gaur, ostirala, prentsaurrekoan: Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi ordezkariak eta Laurent Irazusta Aviron Bayonnais klubeko lehendakari eta probaren sustatzaileak.
Lasterketak irteera librea izanen du, ordubeteko tartean, parte-hartzaile bakoitza bere erritmoan ibili ahal izateko, taldeka edo lagunartean. Mendateak soilik daude kronometratuta: lau Real izeneko ibilbidean (Izpegi, Artesiaga, Aztakarri eta Erro) eta bi Ona ibilbidean (Aztakarri eta Erro). Ibilbidearen gainontzeko tarteak ez dira marketarako kontuan hartuko, ahalegina mendian jartzeko xedez, ekitaldiak duen izaera partekatua alde batera utzi gabe. Sailkapen orokorra mendate nagusietan erregistratutako marken arabera ezarriko da.
Proba berria Aviron Bayonnais klubak sustatzen du eta historiaz beteriko ibilbide bat izanen da, 1988tik 2016ra bitarte bizikleta-balentria handien agertoki izan diren lekuetan barna. Baztan Race lasterketak bere lekua berreskuratu nahi du txirrindularitzaren egutegian, Santiago de Compostelarako erromesbide eta, euskal mitologiak dioenez, Basajaunen etxea baita. Koloreak eta paisaiak izan dira ekitaldiaren maillot ofizialaren inspirazio-iturri eta ibilbidearen erliebea eta desnibela irudikatzen dituzten lerro topografikoak txertatu dituzte jantzian.
Baztan Race 2026 martxan izena emateko epea zabalik dago jada, ekitaldia baino hiru hilabete lehenago, https://baztan-race.com/eu/ probaren webgune ofizialean. Izen-emateek 70 euroko prezioa dute eta zenbateko horretan maillot ofiziala eta lasterketaren ondoren eginen den bazkaria barne hartzen dira; itzultzeko garraioa hartzea hautazkoa da. Probaren bezperan, irailaren 12an (larunbata), ekitaldiaren villagea irekiko da eta bertan dortsalak jasotzen ahalko dira, bai eta animazioaz eta erakusketez gozatu ere. Irailaren 13an, igandea, irteerak mailakatuak izanen dira Baionatik, 07:30etik 08:30era bitarte, eta Iruñean amaiera-festa eginen da.
Antolakuntzak hiru lotura-zerbitzu eskaintzen ditu Baionaren eta Iruñearen artean, larunbatean eta igandean, bai eta behar guztiak barne hartzen dituzten aukerak ere (autobusa, bizikleta eta ekipajea).