Basotxo kalea oinezkoendako bilakatzeko lanak apirilaren 25ean abiatu ziren, eta oraingoz, agerian utzi dituzte Erdi Aroko 25 hilobi eta metalak galdatzeko eremu bat, seguru aski kanpaiak fabrikatzeko, San Frantzisko komentua izandakoari lotuta, zeina bertan kokatzen baitzen XVI. mendera arte. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia eta Batzordeko kideek gaur bisitatu dituzte aurkikuntza horiek, iazko uztailean egindako laginketa arkeologikoen ildoa jarraitzen dutenak.
Hain zuzen ere, zundaketa horiei esker egiaztatu zen Basotxoko eremuan hilobiak zeudela, ziurrenik San Frantzisko komentu zaharrari lotuta. Orduan bost laginketa egin eta sei hezurdura aurkitu zituzten. Azken esku-hartze hauetan, 25 ehorzketa aurkitu dira euri-uren zangaren indusketen hasieran. Zangak kalearen erdigunea zeharkatuko du, Gipuzkoako etorbidetik Pio XII.aren etorbidearen eta Navas de Tolosa kalearen arteko bidegurutzeraino. Esku-hartze horrek izanen du eragin gehien zorupean.
Aurkitutako hezur-hondarrak gizabanako helduenak zein haurrenak dira, eta ekialdetik mendebaldera orientatuta daude, kristau erritualari jarraiki. Ezaugarri horiek eta XIII. eta XVI. mendeen artekoak izateak, aurkikuntzak San Frantzisko komentu zaharrarekin lotzen dituzte, eremu horretan egon baitzen 1246tik 1521era bitarte. Lurrean hondeaturiko hobi sinpleak dira, baina ehorzketa batzuk hilkutxarekin edo zurezko estalkiren batekin egin zirela ematen du. Halaber, bi lurperatze-maila desberdintzen dira, gainjarritako hobiekin, eta horrek pentsarazten du hilerriak kale bidezko antolaketa bat zuela, hobiratzerik gabeko tarteko espazioekin, zirkulazioa errazteko.
Indusketei esker hainbat horma-zati aurkitu dira, seguru aski komentua osatzen zuten eraikinenak. Aztarna horien bidez ezin da zehaztu zein eraikinetakoak ziren, baina komentuak hartzen zuen eremu zehatza finkatu daiteke. Eta horma horien kanpoko eremuan metalak galdatzeko eremu bat ere aurkitu da, non kanpaien moldeak eta brontze, errauts eta ikatz hondarrak aurkitu baitira, denak Erdi Arokoak.
Guztira 1,1 milioi kalea oinezkoendako egiteko
Errekoleten plazaren bidez Alde Zaharra eta Navas de Tolosa kalea elkartzen dituen Basotxo kaleak 170 metroko luzera eta 15 metroko zabalera ditu, espaloiak barne. Oinezkoendako bilakatzeko lanak martxoan adjudikatu ziren 1,1 milioi euroan, eta aurreikusitako egutegiarekin bat egiten ari dira. Horiei esker kaleko espaloiak kenduko dira, eta 10 metroko zabalera duen plataforma bakarra bihurtuko da, zeinak kalea Taconera parkearekin eta Basotxoaren eremuarekin bisualki lotuko baitu.
Aurkikuntza horiek guztiak kaleko euri-uren sarea instalatzeko egindako indusketetan agertu dira, zeina Taconeratik hurbilen dagoen alboan egotetik kalearen erdigunean kokatzera pasako baita. Kalea oinezkoendako bilakatzeko aukeratutako materiala tamaina ezberdineko kalkarenita-harria da. Gainera hiru egonleku berri sortuko dira, San Nikolaseko Portalearen parean eta kalearen muturretan: bata, Navas de Tolosa kaletik gertu dagoen oinezkoen pasabidearen ondoan, eta, bestea, Gipuzkoako etorbideko espaloitik gertu dagoen eremuan, hizkera arruntean ‘Aterkia’ deituriko komunen eraikinaren ondoan. Eta askotariko hiri altzariak jarriko dira, hala nola eserlekuak eta aulkiak, iturri bat eta zakarrontziak kalean barna. Halaber, kontserbatuko dira, baina tokiz aldatuta, lehenik zeuden 11 farolak, ‘San Ferminen makulu’ motakoak, inguruko parkeetako elementu apaingarriekiko batasunari euste aldera, eta zegoen bidegorria aldatuko da.
Oinezkoendako bilakatzeko lanek 220 egun iraunen dute eta hirian klima aldaketaren aurka borrokatzeko ‘Go Green Iruña’ estrategiaren parte dira.