Basotxo kalea berrurbanizatzeko lanak azken hiruhilekoan sartuko dira eta zoladura jartzea izanen dute zeregin nagusi. Kalearen erdia gutxi gorabehera zolatu da dagoeneko, eta Gipuzkoa etorbideak eta Navas de Tolosa kaleak bat egiten duten eremuetan ere jardunean ari dira, egoteko eta bizikidetzarako eremu bihurtzeko. Lacunza Hermanos enpresa ari da obrak egiten; 1,1 milioi euroko aurrekontua dute, eta aurreikuspenak betez gero azaroan amaituko dira lanak.
Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak gaur goizean bisitatu dituzte kalea oinezkoendako bihurtzeko egiten ari diren lanak. Dagoeneko eginda daude saneamendu-sarearekin, sare elektrikoarekin eta argiztapenarekin, eta parterreen konfigurazioarekin zerikusia duten lanak. Argi antzematen da, kaleak izanen duen plataforma bakarra, espaloirik gabe; horrek ahalbidetuko du Basotxoko eta Taconerako berdeguneen arteko komunikazioa erraztea, eta Alde Zaharretik Iturrama edo Donibane aldera joateko irteerak era jasangarriagoan egituratzea. Zoladurak –kalkarenitazkoa eta hainbat neurritako mutxardadurako akaberaduna– Alde Zaharrekoaren antzeko itxura du.
Basotxo kaleak 170 metroko luzera eta 11 metroko zabalera du; hemendik aurrera mugikortasuna oztopatzen duten elementurik gabe gozatu ahal izanen dira. Espaloiak eta heskaien luzetarako lore-askak kendu dira espazioen arteko komunikazioa oztopatzen zuten zeharkako hesiak apurtze aldera. Horrela, oinezkoen ibilbideak eta bizikletenak ere arinduko dira. Egun espaloian barna doan bidegorria urbanizazio berrira egokitzeko moldatuko da, oinezkoen eta ziklisten baterako erabileraren alde eginez.
Proiektuaren barnean sartzen da, halaber, kalean zehar egoteko hiru gune sortzea. Bat San Nikolaseko Portalearen parean kokatuko da, bi parkeen arteko lotura natural moduan. Beste bi guneei dagokienez, bat Navas de Tolosa kalearekin bat egiten duen lekutik gertu egonen da, oinezkoen pasabidearen inguruan, eta bigarrena, Gipuzkoako etorbideko espaloiko aldean, udal-komun publikoen ondoan. Parterre-multzo berri bat diseinatzeak eta alde horretan lehendik dauden zuhaitzei protagonismo handiagoa emateak, naturalago bihurtuko dute Taconera eta Basotxoaren arteko trantsizioa. Jarduketa hau klima-aldaketaren aurkako udal-jarduketen GoGreen Estrategiaren barnean sartzen da.
San Frantzisko komentua eta nekropolia
Basotxo kaleko berrurbanizazio lanak egin bitartean, saneamendu-zerbitzurako zanga zulatzeko lur-mugimenduen fasean, zenbait aurkikuntza arkeologiko egin ziren, hala nola San Frantzisko komentu zaharraren aztarnak, nekropolia eta San Llorente bastioiko lubanarroa.
San Frantzisko komentu zaharreko aztarnak (1245 – 1521) haren areto edo geletako egiturei dagozkie, baina, azaleratu den espazioa hain txikia denez, ezin dira lotu fraide-multzoaren barruko eraikin edo erabilera zehatzekin. Kalearen mendebaldeko muturrean, industria-jarduerari lotutako zenbait aztarna agertu ziren, hala nola, metalen galdaketari edo zeramikagintzari. Zehazki, metalen galdaketa eremu bati esker egiaztatu zen, bertan kanpaiak eta beste elementu batzuk egiteko adobezko hainbat molde agertu baitziren, gainjarrita. Oraindik ez dago argi jarduera horiek komentu horren barruan egiten ote ziren.
Komentuari lotutako aurkikuntza gehienak ehorzketarako nekropoliaren parte dira. Komentuari erantsitako hilerrian 55 hilobi aurkitu, induskatu eta berreskuratu ziren, egungo Basotxo kalearen ekialdeko zati osoan zehar banatuta. Kalearen erdialdean dagoen zatian, ehorzketak hobi arruntean eta erritu kristau klasikoan eginda zeuden, bi sexuetako eta adin guztietako gizabanakoekin; beraz, uste da komentuaren barruan parrokia-hilerri bat sortu zela, ez monjeendako bakarrik baizik eta herritar guztiendako.
XIII. mendeko ehorzketak
Basotxo eta Takonera kaleek bat egiten duten tokian aurkitu ziren ehorzketak, ordea, zista edo harkutxetan egindakoak ziren. Harkutxa horiek harrizko eraikuntza txikiak ziren, hormatxo batzuek mugatzen zuten hobiaren espazioa, eta harlauzaz estaltzen ziren. Hilobi horiek zaharragoak dira, XIII. mendekoak hain zuzen ere. Litekeena da nekropoliak alde honetan izatea abiapuntua, eta ondoren mendebalderantz hedatzea. Horrek komentuko elizaren balizko kokalekuari buruzko aztarna bat eman lezake.
San Llorenteko (aurrerago San Lorentzo) bastioiko lubanarroaren zati bat ere aurkitu zen. 1535etik aurrera eraiki zen defentsa-egitura hori, ErdiAroko beste batzuetatik abiatuta. Bastioiaren kokalekua zehaztu ez bazen ere, babeserako lubanarroaren zati handi baten indusketa egiaztatuta gelditu da. Betelanek adierazten dute noiz itxi zen lubanarroa eta noiz desmuntatu zituzten gotorlekuak eta harresiak; 1571n izan zen, Ziudadela eraiki ondoren.
Aurkikuntza horien guztien inguruan berreskuratu den estratigrafiak Erdi Aroko historiari eta hiriko historia modernoari lotutako material arkeologiko ugari berreskuratzea ekarri du, baita beste garai batzuetako aztarna batzuekin zerikusia dutenak ere, hala nola erromatarren garaiko materialak edo XVIII. edo XIX. mendeetako azpiegiturak (ur-hornidurako hodiak).