Basotxo kalea, Alde Zaharra Donibane eta Iturrama auzoekin lotzen dituena, larunbat honetan berriro irekiko da oinezkoendako eta bizikletendako

Basotxo kalea, Alde Zaharra Donibane eta Iturrama auzoekin lotzen dituena, larunbat honetan berriro irekiko da oinezkoendako eta bizikletendako
Kalearen berrurbanizatzeko lanek 170 metro hartu dituzte; lanak apirilean hasi ziren eta espaloirik gabeko plataforma bakarra izanen duen azalera sortzea ahalbidetu dute
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Basotxo kalea larunbatean oinezkoen erabilerarako irekiko da 8 hilabeteko obren ondoren. Hilabete horietan euri-uren kanalizazioak aldatu, espaloiak eta kalearen bi aldeetan zeuden luzetarako lore-askak kendu eta eremu hori –Taconera parkera sartzeko atea– bateratzeko hiri altzariak instalatu dira. Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeak, Enrique Maya alkatea buru duela, kalearen diseinu berria bisitatu du. Kaleak 170 metroko luzera eta 11 metroko zabalera du, eta diseinu berrian 1,1 milioi euro inbertitu dira. Kale horren bidez Alde Zaharra Donibane eta Iturrama auzoekin lotuko da, oinezkoendako eta bizikletendako.

Lanak apirilaren 1ean abiatu ziren eta haiei esker saneamendu-sarea eta sare elektrikoa aldatu dira kaleko argiztapena birkokatzeko. Halaber, luzetarako lore-askak kendu dira kalkarenita harrizko plataforma bakarra, espaloirik gabekoa, sortzeko. Gainera, parterre batzuk sortu dira, Basotxo kalea eta Taconera parkea bateratzen dituztenak. Xedea da Alde Zaharreko zoladuraren antzeko itxura izatea, mugikortasuna oztopatzen duten elementurik gabe. Hala, luzetarako ibilbideak –kale Nagusitik Navas de Tolosa kalera– eta zeharkako ibilbideak –Taconera parketik Basotxo kalera– iragazkortzen dira, hala oinezkoenak nola bizikletenak. Obrak egin aurretik espaloian barna zihoan bidegorria urbanizazio berrira egokitzeko moldatu da, oinezkoen eta ziklisten baterako erabileraren alde eginez. 

Kaleak hiri altzari berriak ditu, zehazki, zazpi eserleku eta bost aulki, iturri bat eta sei zakarrontzi kalean barna. Kalean zeuden ‘San Ferminen makulu’ motako hamaika farolak kontserbatu dira, baina tokiz aldatu dira kalearen diseinu berrira egokitzeko. Obrei esker egonleku handi bat sortu da San Nikolaseko portalearen parean, eta Taconera eta Basotxo parkeen elkargunea hobetu da, hala Navas de Tolosa kalearekin alde batean, nola Gipuzkoako etorbidearekin bestean. Jarduketa horrek herritarrendako hiri atseginagoa sortzea du xede eta Go Green Estrategiaren barruan dago, klima-aldaketari aurre egiteko bideratutako proiektu guztiak biltzen dituena.

Aurkikuntza arkeologikoak
Euri-urendako eta saneamenduko kanalizazioak berriz ordenatzeko obrak egin bitartean, Erdi Aroko berrogeita hamar hilobitik gora agertu ziren, bai helduenak nola haurrenak, San Frantzisko komentu zaharrari lotuak. Aztarnak XII. eta XVI. mendeetakoak dira eta bat datoz komentua funtzionamenduan egon zeneko datekin, 1246tik 1521era egon baitzen zabalik. Indusketei esker hainbat horma-zati aurkitu ziren, seguru aski komentua osatzen zuten eraikinenak. 

Hormen kanpoko aldean, industria-jarduerari lotutako zenbait aztarna ere agertu ziren, hala nola, metalen galdaketari edo zeramikagintzari. Hala, kanpaiak fabrikatzeko eremu bat aurkitu zen, non adobezko moldeak eta brontze, errauts eta ikatz aztarnak baitzeuden, guztia Erdi Arokoa. 

¿Te ha sido útil esta página?