Basalandareen berezitasuna eta edertasuna dira protagonista Ziudadelako Bolborategiko ‘More than weeds’ argazki-erakusketan

Basalandareen berezitasuna eta edertasuna dira protagonista Ziudadelako Bolborategiko ‘More than weeds’ argazki-erakusketan
Irailaren 21era bitarte, Mikel Melero Ortak inprimatutako 27 argazki jarriko ditu ikusgai, gramaje handiko paperean, azal matean eta grabatu-testuran

Mikel Melero Orta egile iruindarraren More than weeds argazki-erakusketa irailaren 21era arte egonen da ikusgai Ziudadelako Bolborategian. 91 x 72 zentimetroko 27 argazkik osatzen dute erakusketa, eta gramaje handiko paperean, mate azalean eta grabatu-testuran inprimatuta daude; horri guztiari esker, gizatasun berezia dute irudiek, eta jarraipena ematen zaie hiriko gune eta landare ahaztuen testurei. Irudiak kristalik eta markorik gabe daude ikusgai, eta horri esker, begiratzen dituenak hobeki hautematen ditu ñabardurak.  

Erakusketa prentsaurrekoan aurkeztu dute Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak eta Mikel Melero Orta erakusketaren egileak. Argazki-bildumaren izenburuak Londresko More than weeds mugimenduan du jatorria: pertsona-talde bat da, eta taldeko kideek espaloietan klarionaz idazten dituzte Londresko kaleetako arrakaletan eta hiriko beste txoko sinesgaitz batzuetan jaiotzen diren landareen izenak; halaber, ibilbide gidatuak antolatzen dituzte landare horiek ezagutarazteko.

Basalandareak, gure ikuspegi antropozentrikotik belar txartzat hartzen ditugun horiek, dira erakusketaren protagonistak. Denboraren joanaren zantzuak dituzten testurez osatutako hondo baten gainean aurkeztu ditu artistak, eta eguneroko tokietan atera ditu argazkiak, hau da, bereziki nabarmentzen ez diren eta zaindu eta babestu gabe dauden tokietan. Argazkiek landare horien edertasun bitxia islatzen dute, anabasa lagun dutela hazi diren horiena, eta hala, xehetasunen balioa aldarrikatzen dute nolabait, oharkabean igarotzen den eguneroko edertasunarena, hain zuzen ere. Eguneroko errealitatea lasaitasunez begiratzeko gonbita da, hura balioesteko xedez.

Mikel Melero Ortak (Iruña, 1963) prestakuntza jaso du Pedro Salaberri eta Mariano Royoren pintura-lantegian, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan eta Nafarroako Argazkigintza Elkartean. Hizkuntza-irakaskuntzan aritu da lanean, eta argitalpenen sektorean –paperean eta digitalean– ere lan egin du urte luzez. Argazki- eta pintura-erakusketak egin ditu Iruñeko Planetarioan, García Castañónen eta Zizurko Kultur Etxean, besteak beste.

Hurbilekoari argazkiak atera
More than weeds erakusketaren harira, bitartekaritza-jarduera bat antolatu dute irailaren 6an (larunbata), 10:00etatik 13:00etara, Ziudadelako Bolborategian. Hurbilekoari argazkiak atera izenburupean, Mikel Melero Orta erakusketaren egileak eta Andoni Torres Santestebanek gidatuko dute erakusketa. Bitartekaritza-jarduera argazkigintza arte-adierazpen gisa ulertzen duten helduendako da, eta beharrezkoa izanen da argazki-kamera digitala eta telefono mugikorra eramatea, argazkiak atera ahal izateko. Izen-emateak Bolborategian bertan eginen dira, abuztuaren 30etik aitzina: epea jardueraren egunera arte egonen da irekita, betiere eskaintzen diren 15 lekuetatik baten bat libre badago. 

Andoni Torresek eta Mikel Melerok erakusketaren sorkuntza-prozesua azalduko dute, eta parte-hartzaileekin batera ibilaldi bat eginen dute Ziudadelako Bolborategiaren inguruetan barna. Jarduerak gogoeta bat du abiapuntu: argazkiek une paregabeak eta urrutiko tokiak iradokitzen dizkigute, eta gainera, egunerokotasunaren poetika islatzeko gaitasuna dute. Jardueran egiten diren argazkiak Instagramen argitaratuko dira, #HurbilekoariArgazkiakAtera traola erabilita.
 


 MORE THAN WEEDS. ZIUDADELAKO BOLBORATEGIAN

Argazki-erakusketa
o    Egilea: Mikel Melero Orta
o    Abuztuak 1 – Irailak 21
o    Erakusketa bisitatzeko ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
o    Bitartekaritza-jarduera: irailaren 6an, 10:00etatik 13.00etara.
o    Bitartekaritza-jarduerarako izen-emateak: abuztuaren 30etik aitzina, Bolborategian bertan.
 

¿Te ha sido útil esta página?