Bartender eta Koktelen 66. Kongresu Nazionala Iruñean izanen da, azaroaren 24tik 28ra, zerbitzariek Entzierroaren ibilbidean eginen duten lasterketa bat barne

Bartender eta Koktelen 66. Kongresu Nazionala Iruñean izanen da, azaroaren 24tik 28ra, zerbitzariek Entzierroaren ibilbidean eginen duten lasterketa bat barne
Kongresuan 250 profesional baino gehiago izanen dira, eta maisu-eskolak, txapelketak, lehiaketak, saltokiak eta jolas-jarduerak barne hartuko ditu
Barmans

 

250 profesional baino gehiago bilduko dira Iruñean azaroaren 24tik 28ra Bartender eta Koktelen 66. Kongresu Nazionalean parte hartzeko. Halako kongresuak turismo- eta gastronomia-topaketak izaten dira, non hainbat gauza uztartzen baitira, hala nola txapelketak, lehiaketak, hitzaldiak, maisu-eskolak, freskagarri- zein edari-marken eta koktel-materialen erakustokiak, jolas-jarduerak nahiz parte-hartzaileen arteko topaketa-jarduerak. Aurtengo edizioko berritasunetako bat, hauxe: bartender eta zerbitzarien lasterketa, Entzierroaren ibilbidean.
 

Kongresuaren egoitza nagusia Tres Reyes hotela izanen bada ere, bertaratuko diren profesionalak Nafarroako geografiako beste txoko batzuetan barna ere ibiliko dira, bertako gastronomia oparoa eta askotarikoa ezagutzeko. Kongresuaren xehetasunen berri eman dute gaur goizean Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkari Ana Elizaldek, Nafarroako Gobernuko Turismoko Marketinaren zerbitzuko zuzendari Ana Lizarragak eta Nafarroako Barmanen elkarteko lehendakari Carlos Rodríguezek.
 

Halako kongresuak Espainiako Barmanen Elkarteen Federazioak antolatzen ditu; Federazioak –hogei autonomia- edo probintzia-elkarte profesionalek osatuak– 1964an hasi zuen ibilbidea, orduan Espainiako Barmanen Elkartea zelakoarekin, nazioartean oihartzuna lortuta Espainiako lehen barmantzat jotzen den Pedro Chicoteren ekimenez. Urte horretan bertan International Bartender Association-eko eskubide osoko kontseilukide gisa onetsi zuten elkartea, eta egun barruan jarraitzen du.
 

Bartender-en lasterketa, Entzierroaren ibilbidean

Iruñean eginen den kongresuko berariazko jardueretako bat Bartender eta Zerbitzarien I. Entzierroaren ibilbideko Lasterketa izanen da. Azaroaren 28an, ostegunarekin, izanen da, 12:00etan. 24 bikotek eman dute izena, 48 profesionalek, guztira; Entzierroaren ibilbideko tarte bat egin beharko dute, Nafarroako produktuz betetako erretilu bat eskuetan (txistorra, gazta, ardoa...), eta zezen-itxura duten pertsonak izanen dituzte jarraika, horrela, presioa indartuz.
 

Irteera Udaletxe plazan izanen da, eta helmuga, Estafeta kalearen eta Xabier jaitsieraren arteko elkargunean. Bikotearen barman gazteena lehenik aterako da, eta bikotekideari Mercaderes-Estafetako bihurgunean emanen dio txanda. Produktuak erretilutik eroriz gero, berriro hasi beharko dute, horrela denbora galduta. Taldea txapeldun jotzeko, azken txandakoak erretilua osorik eduki beharko du helmugan sartzean. Helmugan bikote txapeldunei dagozkien garaikurrak banatuko zaizkie.
 

Standak eta maisu-eskolak

Kongresua igandean hasiko da, informazio-bilera batekin, honako parte-hartzaile hauekin: Pepe Dioni International Bartender Association-eko lehendakaria, Ramón Remírez Espainiako Barmanen Elkarteen Federazioko lehendakaria, eta Carlos Rodríguez Nafarroako Barmanen Elkarteko lehendakaria. Inaugurazioa 09:30ean izanen da, eta topaketa lehenago eginen da.
 

Tres Reyes hotelean, baita ere, erakustokiak egonen dira, azaroaren 25etik (astelehena) 27ra (asteazkena), eta bertan koktel-materialak erakusteko hainbat postu eta freskagarri zein bestelako edarien marken hamar gune inguru izanen dira. Azoka-eremuaren ordutegia honako hau izanen da: astelehenean, 10:30etik 13:00etara eta 15:30etik 20:30era; asteartean, 17:00etatik 20:30era, eta asteazkenean, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Nafarroako oparotasun kultural eta gastronomikoa ezagutzeko tartea ere izanen da: Erriberrira bisita bat goizez, pintxo-bazkari bat Iruñean eta sariak banatzeko amaierako afaria Baluarten. Kongresuan dastatzen diren menu guztietan Reyno Gourmet produktuak erabiliko dira.
 

Lehiaketa-izaeraz gain, kongresuan teknikei eta produktuei buruzko prestakuntza ere emanen da. Astelehenean, 09:00etan, Miguel Capók Mallorcako Cabradoc gin-ari buruzko maisu-eskola bat emanen du. Asteazkenean, 09:00etan baita ere, Jesús Lumbrerasen hitzaldiak ziropak eta pureak egiten dituen Monin marka frantziarra izanen du ardatz. Egun berean, 16:30ean, Jesús Lumbrerasek hizpide izanen du Horecca sektoreko aditu-sare batek osatzen duen OTC enpresa frantziarra. Ostegunean, 15:30ean, Victor Castrok maisu-eskola bat emanen du 60 herrialde baino gehiagotan edariak merkaturatzen dituen Tiki by Finest Call marka amerikarraren inguruan.
 

Txapelketak, lehiaketak eta probak

Igande arratsaldean, 20:00etan, lehen proba eginen da, Espainiako XI. Koktel-txapelketa, Flairtending kategorian. Parte-hartzaileek trago libreko koktel bat egin beharko dute, beraiek sortua, gutxienez bi edari alkoholdun eta gehienez lau erabiliz; horietako bat oinarritzat hartuko den edari alkoholdun bizi bat izanen da, eta gutxienez zuku edo freskagarri bat erabili beharko dute. Gehienez ere sei osagai erabiltzen ahalko dira. Hamaika bartender onenak txapelketaren aurreko fasean lehiatuko dira, eta fase horretako lehenengo seiak finalean arituko dira azaroaren 28an, ostegunarekin.
 

Astelehen goizean, 10:30ean, XI. Gin & Tonic Txapelketa Nazionala eginen da. Lehiakide bakoitzak bi Gin & Tonic eginen ditu G’Vine Floraison, G’Vine Nouasion edo G’Vine June gin-ak eta Schweppes tonika erabiliz, gehienez ere zazpi minutuan. Originaltasuna eta berrikuntza sarituko dira; hortaz, lehiaketa ofizialetan erabili ezin diren mixologia molekularreko teknikak erabiltzen ahalko dira. Arratsaldean, 15:30ean, txapelketa nagusiaren txanda izanen da,  Barman eta Barman gazteei zuzendutako Koktel Klasikoen 66. Txapelketa, bide ematen duena 2020ko munduko txapelketarako sailkatzeko. Aurten Long Drink modalitatea aukeratu da, zeinetan koktelek bi eta lau edari alkoholdun bitarte izan behar baitituzte. Horietatik bat, gutxienez, alkohol destilatu bat izanen da (brandy, gin, tekila, whiski...). Horrez gain, zuku edo freskagarri bat ere erabili beharko dute.
 

Azaroaren 26an, asteartearekin, arratsaldeko 17:00etan, I. Mixology Wine Txapelketa eginen da, barman, barman gazte eta flair bartending-ei zuzendutako kategoria bakarreko lehiaketa. Nafarroa Jatorri Deiturak hautatutako ardoak oinarri hartuta, koktel bat egin beharko dute, honako osagai hauetatik lau erabiltzeko aukera izanen dutelarik: frutak, espezia-izotzak, loreak, sodak, freskagarriak, ziropak, zukuak eta 25º baino gehiago ez duten edari alkolholdunak.
 

Azaroaren 27an, asteazkenarekin, alkoholik gabeko koktelen txanda izanen da. Egun osoan zehar V. Monin Cup Txapelketa eginen da. 11:00etan, parte-hartzaileek black box batean izanen dituzte erabili beharreko tresnak eta bi osagai sorpresa, koktela egiteko nahitaez erabiltzekoak. Horrez gain, lehiakide bakoitzak gehienez ere bi osagai jartzen ahalko ditu, berak aukeratuak (destilatuak, likoreak, fruta freskoak, espeziak...). 7 minutu izanen dituzte sortze-lana egiteko. Arratsaldean, 18:00etan, finalean arituko dira zortzi puntuaziorik onenak dituztenak. Parte-hartzaileak binaka arituko dira, eta taldean lan eginen dute bi edari desberdin egiteko, eta bakoitzetik, bina kopa. Osagaiak apalategi batean egonen dira, barraren atzean, eta Monin produktuak, freskoak eta beirateria izanen dute eskura.
 

Amaitzeko, azaroaren 28an, ostegunarekin, XI. Flairtending Txapelketa eginen da 22:30ean, eta arratsaldean, 16:00etan, Tiki Koktelen III. Lehiaketa. Probak fase bakarra izanen du, eta parte-hartzaileek Tiki deskribapenarekin bat egiten duen koktel bat egin beharko dute, hau da, oreka mantenduz osagai gozo, garratz, indartsu, ahul eta espeziadunen artean. 6 eta 12 osagai bitarte erabili beharko dituzte.

¿Te ha sido útil esta página?