Baratzezaintza eta Lorezaintza Lantegi Eskola prestakuntza-aldiaren amaierara heltzen ari da, Arantzadiko parkearen ohiko mantentze-lanak bezalako lan praktikoak egiten dituen bitartean

Baratzezaintza eta Lorezaintza Lantegi Eskola prestakuntza-aldiaren amaierara heltzen ari da, Arantzadiko parkearen ohiko mantentze-lanak bezalako lan praktikoak egiten dituen bitartean
Ikasleek –horietatik % 30 emakumeak dira– ekainean jasoko dute lan-mundurako prestakuntza bermatzen duen profesionaltasun-ziurtagiria

 

 

Hiri-baratzezaintza ekologiko, loregintza eta kostu txikiko lorezaintzako Iruñeko Udalaren Lantegi Eskolak bere azken hilabeteei helduko die. Hasi zirenetik, 2019ko urriaren hasieran, 20 gaztek osatutako ikasle-multzoa –horietako % 30, emakumeak– prestakuntza jasotzen aritu da Arantzadi Prestakuntza Zentroan (Arantzadiko ingurunea); prestakuntza teorikoa eta praktikoa da eta barne hartzen du dagokion 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko guztia.

Ekainean, ikasle-multzoa osatzen duten 6 neskak eta 14 mutilek diplomak jasoko dituzte eta lan-mundura irtenen dira. Orduan hasi beharko dute enplegu bila, eremu honetako langile espezializatuak behar dituzten sektoreko enpresen artean. Profesional bilakatuko dira honako zeregin hauetan aritzeko: instalazio-, mantentze, ekoizpen- eta bilketa-lanak baratze- edo ebakitako lore-ustiategi batean, landareen osasuna kontrolatzen, makinaria ibiltzen, nekazaritza-praktika egokien irizpideak eta errentagarritasun ekonomikokoak aplikatzen, ingurumen arloko eta kalitate-kontroleko arauak zein elikadura-segurtasunekoak eta arrisku-prebentziokoak betetzen.

Lantegi-eskolak Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorraren baliabide bat dira, Nafarroako Gobernuak laguntzen du haien finantzazioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, laguntza ematen baitie gazte langabeei (16 eta 30 urte artekoak) lan munduan sar daitezen. Hautatutako espezialitateari dagokion prestakuntzaz gain, ikasleak, besteak beste, honako alderdietan ere trebatzen dira: gizarte-trebeziak, aztura osasungarriak, immigrazioa, genero-berdintasuna eta lan arriskuen prebentzioa.

Prestakuntza-prozesua, gainerako lantegi-eskoletan bezala, laneko inguru errealean garatzen da eta ikasleek Udaleko alor ezberdinetatik edo beste zenbait entitate edo enpresatatik iristen zaizkien obrak eta enkarguak egiten dituzte. Ikaskuntza praktika errealean oinarritzen da. Kasu honetan, Hiri-baratzezaintza ekologiko, loregintza eta kostu txikiko lorezaintzako Lantegi Eskolako ikasleak Arantzadi parkeko berdeguneak mantentzeko lanak egiten ari dira, bai eta sastrakak kendu eta garbitzekoak ere, Lorategi Zerbitzuko ikuskarien gainbegiratzearen pean, hiriko zenbait gunetan, hala nola Ximenez de Rada kaleko orubean.

‘Gizarte-ekintza’ deitutako prestakuntza praktikoaren barruan, eskola honetako ikasleak beste zenbait esku-hartzez ari dira arduratzen, hala nola Etxez etxeko arreta zerbitzuaren lorategia eta gunea (Agoitz kalea) edo Etxabakoizko liburutegiaren inguru berdea mantendu eta zaintzeaz. Behin deialdi hau amaitutakoan, eta Nafar Lansareak dirulaguntza berriak abiatzen dituenean, hurrengo lantegi-eskolan izena emateko epe berria hasiko da.

¿Te ha sido útil esta página?