Barañaingo etorbideak oinezkoen zirkulazioaren eta bidegurutzeen segurtasunaren baldintzen hobekuntza estreinatu du, bai eta bidegorri tarte berria ere

Barañaingo etorbideak oinezkoen zirkulazioaren eta bidegurutzeen segurtasunaren baldintzen hobekuntza estreinatu du, bai eta bidegorri tarte berria ere
Oinezkoendako eremua handitu eta bidegurutze eta biribilguneetan segurtasuna hobetu da, Iruña eta Barañain lotzen dituen bidegorri-trazaduraz gain
bici carril

 

Barañaingo etorbidea modu integralean eraldatu da hobekuntza esanguratsuak sartzeko bai oinezkoen zirkulazioan, bidegurutzeetako segurtasuna hobetuz, Europa plazan espaloiak handituz eta oinezkoendako pasabideak aurreratuz, bai ziklisten trafikoari dagokionez, Europa plaza eta Nafarroa etorbidea lotzen dituen 750 metro inguruko bidegorri tarte berri batekin. Halaber hiri garraioaren baldintzak hobetu dira, geraleku aurreratuak gaitu baitira Europa plazan eta Yamaguchi parkean zeuden geralekuetan.

Azken hiru hilabeteetan gauzatutako lan multzo horrek 224.418,81 euroko kostua izan du, eta obra zibileko eraikuntza-enpresekin egindako mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzeko jarduketak egiteko esparru akordioaren bidez egin da, zeina Iruñeko Udalak 2020an lizitatu eta adjudikatu baitzuen. Kasu honetan, Urbanismo Táctico Pamplona ABEE (Lacunza y Goyo Señalización) arduratu da kalearen eraldaketa gauzatzeaz.

Barañaingo etorbidean zehar doan bidegorriaren trazadura berriak jarraipena ematen dio 2020an hiriaren erdigunetik Europako plazaraino, Armadaren eta Baionako etorbideetatik igarota, egindako ibilbideari. Hala, bizikletetarako ardatz bat osatzen doa, Barañain eta Iruñeko erdigunea lotuko dituen bidegorriaren bidez.

Aparkalekuak mantendu dira, baina zirkulazio-errei bat kendu da

Bidegorriari dagokionez, trazadurak Baiona etorbidearekin lotzen du Europa plazan eskuineko zirkulazio-erreian, Barañaingo noranzkoan. Behin Ermitagaña eta Errioxa kaleen elkarguneko biribilgunea pasata, ibilbidea bidearen ezkerreko aldera gurutzatzen da Yamaguchi parkeari paraleloan igarotzeko. Horrela, besteak beste, Francisco Alesón eta Pedro Malón de Echaide kaleetako aparkaleku poltsekin dauden bidegurutzeak saihesten dira. Amaieran bidegorria eskuineko aldera itzultzen da Nafarroako etorbideko biribilgunera heldu baino lehen gaitu den bizikleten pasabidearen bitartez.

Tarte berri horrek bi noranzkoko eta galtzadan zeharreko diseinua dauka, 2,5 metroko zabalerako neurri estandarrarekin. Galtzadak okupatzen duen espazioa murriztuta eraiki da eta horrek berekin ekarri du ibilgailuen zirkulazio-errei bat kentzea eta biribilguneetako eraztunak eraldatzea, erdibitzaileen irlatxoak handituta edo, Ermitagaña eta Errioxa kaleetako biribilgunearen kasuan, erdiko irlatxoaren erradioa murriztuta.

Europa plazako eta Ermitagaña – Errioxa kaleetako biribilguneen arteko galtzada-tartean zirkulazio-errei bana kendu da noranzko bakoitzean. Hiritik ateratzeko noranzkoan, bidegorria jartzeko baliatu da, eta hiriko erdigunerako noranzkoan, bus errei bat sortu da. Bi aldeetan zeuden aparkalekuak mantendu dira. Yamaguchi parkeari paraleloan doan tartean, zirkulazio-errei bat kendu da hiriaren erdigunerako noranzkoan bidegorria eraikitzeko, eta aparkalekuak mantendu dira. Zirkulazio-erreiak kentzeak zirkulazioa baretzea dakar, zeina, kasu horretan, intentsitate handiko eremu bati eragiten baitio, hau da, Europa plazari.

Jarduketa horiek oinez ibiltzeko eta bizikletaz zirkulatzeko espazioa handitzen dute, kutsagarria ez den mugikortasun aktiboa sustatuz, eta Go Green Iruña Estrategiaren baitan jasota daude, zeinak Udalak klima-aldaketari aurre egiteko egiten dituen jarduketak barne hartzen baititu.

 

¿Te ha sido útil esta página?