Enrique Maya Iruñeko alkateak Udalbatzako beste kide batzuekin batera, gaur eguerdian Udaletxeko harrera-aretoan eman dio 2022ko Txondorra Egur-ikatza saria Balbino García de Albizu ikertzaileari, zeinaren idatziek Ameskoako historiarekin, toponimiarekin, abizenekin eta hizkuntzarekin lotutako gaiak izan baitituzte ardatz.
Bere jardunean kultura herrikoi eta tradizionala bultzatzen eta garatzen laguntzen duen pertsona edo erakundea aintzatestea xede duen sariak zortzigarren edizioa du honako hau. Saria Olentzeroren Lagunen Elkarteak sustatzen du, Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Ekitaldian saria eman duen epaimahaiko kideak ere izan dira.
Aurten saria emateko ekitaldirako ‘Olentzeroren dantza’ berreskuratu da, Pedro Romeok sortutako koreografia; izan ere, pandemia garaian osasun-segurtasuneko neurriak zirela eta egiteari utzi zitzaion. Dantza Olentzeroren ohiko melodiarekin egiten da, dantza tradizionalen pausoetan oinarrituta dago eta Haizea Romeo eta Esteban Ardanaz dantzariek eta Ainara Martínez eta Aitor Urquiza txistulariek egin dute.
Zortzigarren Txondorra Egur-ikatza saria
Txondorra Egur-ikatza sariaren edizio honetako epaimahaia honako hauek osatu dute: Enrique Maya Iruñeko alkatea, Rebeca Esnaola Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Roldán Jimeno historialaria eta NUPeko zuzenbideko irakaslea, Mikel Aramburu Eusko Ikaskuntzako kidea eta Filosofia eta Letretan doktorea, Irantzu Vázquez Caja Navarra Fundazioko Kultura eta Hezkuntza Arloko arduraduna, Patxi Pérez Nafarroako Kazetarien Elkarteko lehendakaria eta Laura Iantzi Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko lehendakaria.
2015ean eman zen lehenengo Txondorra Egur-ikatza saria; Lesakako herriari egokitu zitzaion eta Andoni Santamaríak, Juventudes de San Antonio taldearen sortzaileak jaso zuen hilondoko omenaldi gisara. Urrengo urtean Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoarentzat izan zen saria. 2017an saria Juan Antonio Urbeltz (etnografoa) eta Marian Arregi senar-emazteentzat izan zen. 2018an Pello Apezetxea etnografo, etnologo, idazle eta apaizaren ibilbidea aintzatetsi zen. Urtebete geroago, saria Gabriel Imbuluzqueta kazetariak jaso zuen eta 2020an Fernando Hualde idazle eta ikertzaileak. 2021ean ekitaldia bertan behera gelditu ondoren, hurrengo urtean Cesáreo Soule harginak jaso zuen zazpigarren Txondorra Egur-ikatza saria bere lan artistikoagatik eta Baztango Donejakue bidearen garapenean egindako ekarpenagatik