Amaitzear daude Azpilagañako adinekoendako apartamentuak eraikitzeko lanak. Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordeak gaur goizean bisita egin du Altzania Errekaren kalean gauzatzen ari den proiektuaren lanen bilakaera ikusteko. Proiektuak beheko solairuetan udal-erabilerako guneak sortzea aurreikusten du. Izan ere, eraikin hori Nasuvinsa sozietate publikoari lagatako udal-lurzati batean eraikitzen ari dira, eta auzoko Zentro Komunitarioa ere barne hartuko du, baita Gizarte Ekintzako Alorrak zerbitzuak emateko gune bat ere.
Egungo zentro komunitarioa Buenaventura Íñiguez kaleko 18. zenbakian dago, alokatutako lokal batean. Obrak amaitu eta lokala egokitzen denean, kokapen berri horretara eraman ahal izanen da. Zentro berriak 440 metro koadro eta hainbat gela izanen ditu, eta auzoko elkarte eta kolektiboei lagako zaizkie, jarduerak egin ditzaten. Gune horien artean, nabarmentzekoa da 140 metro koadroko eta 4 metro baino gehiagoko altuerako erabilera anitzeko areto bat, bide emango duena Azpilagañako erraldoien konpartsaren entseguak egiteko eta irudiak gordetzeko. Horrez gain, musika-taldeentzako entsegu-areto bat eta hainbat bilera-areto izanen ditu. 440 metro koadro horietan, babesgune klimatiko bat gordeko da gainera Udalaren Etxez Etxeko Arreta Lantaldeko langileendako.
Azpilagañako Zentro Koomunitarioak hainbat kolektibori lagatako guneak ditu, hala nola, Yoar Gazte Elkarteari, Asocolon elkarteari, entseguetarako biltzen diren eskusoinu-taldeei, auzoko festa-batzordeari –bertan eskualdeko dantzak ere egiten dituzte–, Hankabeltza Gaiteroak elkarteari gaita-entseguak egiteko, Tinkus San Simon folklore-taldeari, eta baita Gartxot Konpatsari ere. Haurrendako Programak, halaber, jarduerak egiten ditu zentro komunitarioan, hala nola eskola-laguntza, sormena eta antzerkia, auzoko haur eta gazteentzako aisialdiko eta denbora libreko alternatiba gisa. Helburua da datorren urtean Altzania Erreka kaleko lokal berrian egitea jarduera horiek guztiak.
Gainera, Nasuvinsak kudeatuko duen apartamentuen eraikin berrian udal-zerbitzuetarako erreserbatutako eremuaren barruan, Gizarte Ekintzako Alorrak 150 metro koadroko gune bat izanen du. Azken erabilera oraindik zehaztu ez bada ere, bertan batez ere adinekoei zuzendutako udal-zerbitzu batzuk hartu ahal izatea da helburua.
Goiko solairuetan zurezko egiturak erabiliz eta kontsumo nuluko Passivhaus estandarrei jarraituz eraikitako eraikinak bi beheko solairu, solairuartea eta bederatzi solairu ditu. Eraikin aitzindaria da Nafarroa osoan, orain arte egurrez eraiki den eraikinik garaiena baita. Haren erabilera ere berritzailea da, 60 urtetik gorako edo desgaitasunen bat duten adinekoendako apartamentuak izatea baita asmoa, alokairuko araubidean. Nasuvinsak kudeatuko du eraikina, eta 32 apartamentu izanen ditu goiko bederatzi solairuetan; horietatik 30 bi logelakoak izanen dira, eta beste bik logela bat izanen dute. Apartamentuen neurriak 52 eta 68 metro karratu artekoak dira.
Hiruko akordioa eta 75 urterako lagapena
Azpilagaña auzoan eraikin hori eraikitzea Iruñeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Nasuvinsa enpresa publikoaren artean 2015-2019 legegintzaldian bultzatutako eta 2021eko ekainean sinatutako lankidetza-akordio baten fruitu da. Akordio horren bitartez, Udalak doan laga zion Nasuvinsari zuzkidura publikorako lursail bat, Manuel Turrillas plazaren parean, Haur Eskolaren eta berdegune baten ondoan.
Nasuvinsak diseinatu du eraikinaren proiektua, zeina Javier Oficialdegui, Germán Velázquez eta Jesús Mª Armendáriz arkitektoen taldeak idatzi baitu. Nasuvinsaren laguntza teknikoa Maitane Zazu arkitektoari eta Íñigo Sainz arkitekto teknikoari dagokie, eta obrak Construcciones Hermanos Garbayo Chivite SL enpresak eginen ditu, 9 milioi euro ingururen truke. Lanak 2023ko apirilean hasi ziren eta urte honen amaieran amaitzea espero da. Orduan hasiko da Nasuvinsa apartamentuen alokairua kudeatzen, zeinak Iruñean erroldatutako pertsonendako erreserbatuko baitira. Adjudikazio-irizpideak babes ofizialeko etxebizitzei aplikatzen zaizkienekin bat etorriko dira.
Proiektua inklusibitatearen eta atsegin izatearen printzipioak oinarri hartuta idatzi da, eta hainbat elementu berritzaile ditu. Zurezko egituraz eta Passivhaus ziurtagiriaz gain, eraikinak energia berriztagarriak –fotovoltaikoa eta aerotermia- soilik erabiltzen ditu gainerako energia-eskariari erantzuteko, eta irisgarritasun unibertsaleko Ilunion ziurtagiria du. Adinekoendako alokairu babestuaren aldeko apustuak erraztu egiten du lehendik finkatuta dagoen auzo bateko hiri-ingurunean bizitzea, eta, beraz, zerbitzu publikoetarako edo hurbileko merkataritzarako sarbidea errazten du, hiri-kanpoaldeko beste egoitza-irtenbide batzuen aurrean.