Azken txanpan da aurtengo Taldeka bitartekaritza artistikoko udal-programa

Azken txanpan da aurtengo Taldeka bitartekaritza artistikoko udal-programa
15 eta 21 urte bitarteko hogeita hamar bat gaztek hartu dute parte arte garaikidearen inguruan elkartu eta kulturaren barrunbeak arakatzeko proiektuan

Taldeka. Premisa hori oinarri hartuta, Iruñeko Udalak bitartekaritza artistikoko programa bat jarri zuen martxan joan den urrian: helburua da gazteek arte garaikidea aztertu eta haren inguruan hausnartzea; inguruan kultura nola hautematen eta ulertzen den ikertzea, eta kultura adierazteko hamaika moduetan sakontzea. Azken txanpan da orain programa berritzaile hori; izan ere, azken hiru saioak egitea baino ez zaie falta, eta martxo-apirilean izanen dira.

Programak iraun duen bitartean, 15 eta 21 urte bitarteko hogeita hamar bat gaztek ikuspegi analitikoa ardatz hartuta aztertu dute arte garaikidea, Karmele Oteros eta Oihane McGuinness orientatzaileek lagunduta. Oteros Sorkuntza eta Diseinuan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultatean, eta bitartekaritza artistikoan espezializatua.  McGuinnessek, berriz, Arte ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean, eta artista gisa lan egiteaz gain, bitartekaritza artistikoan eta irakaskuntzan ere aritzen da. Biek ala biek gidari lanak egin dituzte programan parte hartu dutenekin: bidaia ederra eskaini diete arte garaikidea aztertzeko, ulertzeko, eta hartaz gozatzeko moduetan barrena, topaketen, lantegien, bisiten eta bitartekaritza-jardueren bitartez. 

Orotara, 12 saiok osatzen dute programa: urrian hasita, ostegunetan egin dituzte saioak, bi astean behin, 17:30etik 20:30era, Ziudadelako Arma Aretoan eta ekoizpen garaikidearekin lotutako hiriko beste gune batzuetan. Gaur, hilak 13, bederatzigarren saioa izanen dute.   Elkarrizketarako eta taldean sortzeko guneak eratzean datza programa, gazteak gaur egungo Iruñeko kultur ekosistemaren parte izan daitezen.        Finean, gazteendako aukera bikaina da, kultura deskubritu eta esperimentatzeko ez ezik, baita kultura berenganatu eta beste irizpide batzuen arabera definitzeko ere, hala beren ekarpena eginen baitiote lurraldeko kultura garaikideari.  Egitasmo horren bidez, Iruñeko Udalak hutsune bat betetzea lortu nahi du; izan ere, gaur egun, artearen eta kulturaren inguruko jakin-mina duten gazteek apenas izaten dute aukerarik elkartzeko eta elkarlanerako eta elkarrizketarako harremanak sortzeko.

Topaketak artistekin, erakusketak eta kultur ekitaldiak
Artelanak modu teorikoan aztertzeaz gain, proiektuak iraun bitartean hainbat jarduera egin dituzte. Hala, bertako artistekin elkartu dira, hala nola Andrea Ganuzarekin, eta zenbait kultur ekitalditan ere parte hartu dute: Punto de Vista jaialdian eta Las Nenas kolektiboaren azken ikuskizunean, besteak beste. Gainera, azken hilabeteetan Ziudadelan ikusgai jarri dituzten zenbait erakusketatan ere izan dira gazteak orientatzaile artistikoek lagunduta, eta pentsamendu artistikoarekin lotutako guneak bisitatu dituzte, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa kasurako. Sorkuntza artistikorako grina asetzeko aukera ere izan dute, sorkuntza kolektiboak egin eta elkarlanean aritu baitira zenbait proiektu artistikotan. 

¿Te ha sido útil esta página?