Azken Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren irabazleak, Juan Leyva eta Aintzane Galardi, Civivox sareko literatur jardunaldietan izango dira, ostegunean eta ostiralean

Azken Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren irabazleak, Juan Leyva eta Aintzane Galardi, Civivox sareko literatur jardunaldietan izango dira, ostegunean eta ostiralean
Antzerkiak, olerkiko kontzertu-errezitaldiak eta Gurutzeko plaza BHIko zein Nuevo Casinoko liburutegietarako bisita gidatuak osatuko dute zikloa

Bi hitzaldi, azken Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren irabazleak hizlari, antzezpen bat, olerkiko kontzertu-errezitaldi bat eta bisita gidatu bat izango dira literatur jardunaldien edizio honetan, martxoaren 21etik 30era, Civivox sareak antolatuta. Bost jarduera, estilo eta genero ezberdinen bidez –olerkiaz, antzerkiaz eta musikaz– literaturan sakontzeko zein hiriko txoko batzuk –Gurutzeko plaza BHIko zein Nuevo Casinoko liburutegiak– ezagutzeko. Bisita gidatua izan ezik, gainontzeko jarduerak doan dira.

Bihar, ostegunarekin, 19:30ean, Kondestablen, Juan Leyva olerkari aragoiarrak emango dio zikloari hasiera, iaz Perder las formas lanagatik –gaztelaniazko modalitatean– Iruña Hiria XII. Nazioarteko Poesia Sariaren irabazleak. Saioan egilearen lanetako bertsoak ere irakurriko dira. Leyva honako lehiaketa hauetan ere sariduna da: Badajoz Hiria XXXIII. Poesia Saria (2014), Ermua Hiribildua Umorezko Poesia Saria (2014), Cardiopoemas  poesia-lehiaketa (2012), Poesía para llevar lehiaketa (2013), Slam poetry Zaragozan eta Valentzian (2013 – 2014) eta Alba del Campoko literatur saria (2017).

Ostiralean, aldiz, ordu berean eta agertoki berean, Aintzane Galardi izango da, euskarazko modalitatean sari beraren irabazlea. Aintzane Galardi euskarazko modalitatean saria irabazi duen lehen emakumea izan da, Hegodun poemak bildumagatik. Galardik bi urtetan, 2004 eta 2006an, irabazi zuen Felipe Arrese Beitia saria, eta 2014an Blas de Otero VII. Poesia-lehiaketa ere irabazi zuen. Hitzaldia euskaraz izango da, eta, era berean, atal batean bertsoak irakurriko dira eta lan baten sormen-prozesua azalduko.

Ostiralerako bisita gidatu bat ere aurreikusi da; patrika-liburutegiak izenburupean, bertaratuei hiriko bi toki adierazgarritako ezkutuko altxorrak erakutsiko zaizkie Gurutzeko plaza BHI zein Nuevo Casinokoak. Saioa 11:00etan hasiko da, eta sarrera 2 euroan eskura daiteke. Izena jarduera hasi baino 48 ordu lehenago arte eman daiteke. Bisitan Maite Pérez Larumbe izango da gidari, eta topagunea Gurutzeko plaza BHIko ate nagusia izango da.

Olerkia iturri duten antzerkia eta musika
Larunbatean, jada Iturramako Civivoxean, olerkia antzerkiz jantziko da Iralei konpainiak Como las cenizas por el fuego lana agertokira eraman dezan. Antzezlan laburra da, Leire Ruiz eta Iratxe García Uriz antzezleen beraien eta Margarita Nafarroakoa eta Joana Albretekoa ama-alaba diren erreginen artean irudikatutako topaketa ardatz; bertan, Margaritaren kontakizunen bidez, emakumea truke-txanpona besterik ez den gizon-munduan aintzat har ditzaten egiten duten emakume-borroka erakusten dute. Como las cenizas por el fuego lanak emakumeak historian, literaturan eta are arte eszenikoetan izan duen zeregin isilarazia du hizpide; baita menperaldiak gizon eta emakumeen arteko harremanetan oraindik nola eragiten duen ere. Antzerkia 20:00etan hasiko da.

Larunbatean, martxoak 30, Bandada taldearen Mujeres en rock y verso emanaldiak emango dio zikloari amaiera, Iturramako Civivoxean ere bai, 20:00etan. Kontzertua ez ezik, olerki-errezitaldia ere bada, olerkia eta musika bateratuta, garai guztietako idazle handi hauen olerkiak ardatz: Gioconda Belli, Gloria Fuertes, Blanca Varela, Gabriela Mistral, Joan Kyger eta beste batzuenak, bai artistok dituzten ahots eta literatur balioa bai emakume guztien sormen- eta emozio-unibertsoa ikustarazteko, batzuetan isilarazi eta ahaztu egin baita. Ildo nagusiak bertaratuak zenbait paisaia eta emoziotan barna eramango ditu, musikaz betetako ikuskizunean, estilo eta kolore ezberdinak dituzten olerki eta abestietako gaien bidez.

 

LITERATURA-JARDUNALDIAK. NAFAR ATENEOAREKIN ELKARLANEAN

Martxoak 21, osteguna. 19:30. Kondestable Civivoxa

  • HITZALDIA
  • Hizlaria: Juan Leyva, 2018ko Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria
  • Sarrera librea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta

Martxoak 22, ostirala. 11:00. Gurutzeko plazako institutua

  • BISITA GIDATUA
  • Patrika-liburutegiak. Gurutzeko plazako institutua eta Nuevo Casino
  • Prezioa: 2 euro. Izena jarduera hasi baino 48 ordu lehenago arte eman daiteke.

Martxoak 22, ostirala. 19:30. Kondestable Civivoxa

  • HITZALDIA (euskaraz)
  • Hizlaria: Aintzane Galardi, 2018ko Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria
  • Sarrera librea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta

Martxoak 23, larunbata. 20:00. Iturramako Civivoxa

  • ANTZERKIA
  • Como las cenizas por el fuego. Iralei antzerki-taldea
  • Sarrera librea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta

Martxoak 30, larunbata. 20:00. Iturramako Civivoxa. 

  • MUSIKA
  • Mujeres en rock y verso. Bandada
  • Sarrera librea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta
¿Te ha sido útil esta página?