
Azaroaren 28an amaituko da Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Iruñeko Udalak lehiaketaren beste edizio bat deitu du, euskarazko bertsoak saritzeko xedez. Hiru kategoria ditu lehiaketak, adinaren arabera. Hauek dira sariak: haurren kategoriei dagokienez, 150 eurora bitarteko kultura-bonuak; nerabeen eta helduen kategorietan, berriz, diru-sariak. Zehazki, nerabeen kategoriaren barruan, 150 eta 350 euro bitarteko diru-sariak emanen dira, eta helduen kategorian, 500 eta 1.500 euro bitartekoak.
Lehiaketa Nafarroakoak diren edo Nafarroan bizi diren egileei zuzenduta dago. Kategorien arabera, baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte lanek. Hala, A kategorian, 2012. urtean edo ondoren jaiotako haurrak aurkezten ahalko dira. Kategoria horretan, bi eta lau bertso bitarteko lanak aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek. B kategoriari dagokionez, 2008. eta 2011. urteen artean jaiotakoek parte hartuko dute: lau eta zortzi bertso bitarteko lanak aurkeztu beharko dituzte. Azkenik, C kategorian, 2007an eta urte horren aurretik jaiotakoek aurkezten ahalko dituzte lanak. Hauek dira kategoria horrek ezartzen dituen baldintzak: hamabi eta hamasei bertso bitarteko lanak aurkeztu beharko dira, eta nolabaiteko batasuna izan beharko dute bertsoek. Ezin izanen dute parte hartu lehiaketaren aurreko bi ediziotan C kategorian lehen saria jaso zutenek.
Aurkeztutako lanek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar dute, euskaraz. Gai eta neurri librekoak izanen dira. Halaber, bertsoen doinua zein den jakinarazi beharko da. A eta B kategorietan, parte-hartzaile berak hiru lan aurkezten ahalko ditu gehienez. Aldiz, C kategorian, soilik lan bat onartuko da hautagai bakoitzeko. Lehiaketaren oinarri guztiak eta lanak aurkezteko inprimakia honako webgune hauetan kontsultatzen ahal dira: www.pamplonaescultura.es/eu/ eta www.bertsozale.eus/eu/nafarroa.
Lanak aurkezteko epea bukatu eta bertso guztiak jaso eta gero, adituen epaimahai batek hautatuko ditu lan irabazleak kategoria bakoitzean; hala, lehen, bigarren eta hirugarren saridunak zeintzuk diren jakinaraziko du. Cesar Etxeberria, Nerea Bruño eta Jon Diaz de Mendibilek osatuko dute epaimahaia: Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatu ditu, bertsolaritzan adituak baitira. Sari-banaketa datorren urteko otsailean eginen da, Bertsoaroa udal-programarekin batera.