Azaroaren 26an amaituko da epea BIKO-TEKA lantegiaren seigarren edizioan izena emateko, zeinak xede baitu euskarazko albumak sortzea sustatzea

Azaroaren 26an amaituko da epea BIKO-TEKA lantegiaren seigarren edizioan izena emateko, zeinak xede baitu euskarazko albumak sortzea sustatzea
Lantegia urtarrilaren 24tik 28ra bitarte eginen da Kondestablearen jauregian, Iñigo Astiz idazlearen eta Maite Mutuberria irudigilearen eskutik
Cartel

 

Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak eta Iruñeko Udalak seigarren urtez jarraian ‘BIKO-TEKA’ lantegia eginen dute, haurrentzako liburu grafikoak sortzeko ilustrazio- eta narrazio-lantegi bat. Lantegian izena ematea administrazioa@galtzagorri.eus helbide elektronikoaren bidez egin behar da, eta epea azaroaren 26an amaituko da. BIKO-TEKA lantegiaren edizio berria urtarrilaren 24tik 28ra eginen da Kondestablearen jauregian.

Lantegi honen helburu nagusia da haurrentzako euskarazko album ilustratuen sormena sustatzea. Halaber, bilatzen du irudigileek eta idazleek elkar ezagutzea eta liburu grafikoa taldean sortzeko lan-dinamikak ikastea. Horregatik, bikoteka lan egiten da lantegiak irauten duen astean zehar. Lantegian parte hartu nahi duten irudigileek eta idazleek bakarka edo bikoteka aurkeztu dezakete beren hautagaitza. Ilustrazioaren bidetik joan nahi dutenek proiektu beraren hiru ilustrazio aurkeztu behar dituzte; idazketaren alde egiten dutenek, idazlan laburra, eta bikoteka aurkezten direnek, proiektuaren zirriborro bat.

Bakarrik aurkezten direnendako, Galtzagorri elkartea bikotekidea aurkitzen saiatuko da beste hautagaien artean. Aurkezten diren guztien artean, gehienez 8 bikote aukeratuko dira, eta horiek beka bat jasoko dute prestakuntza-lantegian parte hartzeko. Aukeratutako zortzi bikoteek aurten Maite Mutuberria ilustratzailearen eta Iñigo Astiz idazlearen zuzendaritzapean lan eginen dute. Halaber, edizio honetarako, Galtzagorri elkarteak bi editore gonbidatu ditu, eta BIKO-TEKA lantegian parte hartzen dutenek horiekin solasean aritzeko aukera izanen dute lantegiko goiz batean zehar. Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorea eta Inazio Mujika Erein argitaletxeko editorea dira.

Halaber, proiektu hau haurrentzako album ilustratuen Etxepare Sariaren laguntzari esker egiten da. Informazio gehiago behar izanez gero, interesdunek www.galtzagorri.eus webgunera jo, galtzagorri@galtzagorri.eus helbide elektronikora idatzi edo 943 47 14 87 telefonora dei dezakete.

¿Te ha sido útil esta página?