Azaroan hasiko dira Nafarroako erregeen estatuak lekualdatzen, Sarasate pasealekutik Taconera parkera

Azaroan hasiko dira Nafarroako erregeen estatuak lekualdatzen, Sarasate pasealekutik Taconera parkera
Aurreikuspenen arabera, sei estatuak azaroan lekualdatuko dira, eta figura horien zaharberritze-lanak urte amaierarako bukatuko dira
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Egun Sarasate pasealekuan dauden Nafarroako errege-erreginen lehenengo estatuak prest daude jada Taconera parkera lekualdatzeko. Aurreikuspenen arabera, lekualdaketak azaroaren hasieran hasi eta hilabete amaieran osatuko dira. Irailaren 16tik ari dira estatuak babesteko prestaketa-lanak egiten, laster lekualdatuko baitira, eta zaharberritu baino lehen azaleko garbiketa egin zaie.

Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak gaur goizean bisitatu dute Sarasate pasealekua, estatuekin egin diren lanak egiaztatzeko. Eskulturak eta idulkiak antzeko moduan babestu dira: alde irisgarriak dituzten kaiola perimetral batzuk jarri zaizkie, eta horien gainean hagaxka hariztatuak eta doitzen ahal diren pletinak ipiniko dira estatua eta idulki bakoitzaren itxura irregularrera egokitzeko. Kalkuluen arabera, eskultura bakoitzak 6.000 edo 7.000 kilo pisatzen ditu, idulkia barne.

Babesteko eta lekualdatzeko lanek eskultura bakoitzaren azterketa xehatu bat egitea barne hartzen zuten, haien egoera dokumentatzeko inperfekzio guztiak erregistratuta. Halaber, estatua bakoitzari azaleko garbiketa egin zaio, urte askoz aire zabalean egotearen ondoriozko zikinkeria kentzeko. Garbiketa hori eskuz eta produktu biozidekin egin da. Sabbia Conservación y Restauración enpresa izan zen estatuak lekualdatzeko eta zaharberritzeko lanen adjudikazioduna, 155.577 euroko aurrekontuarekin.

Ondoren, Hirigintza Gerentzia eta Batzordea Taconera parkera joan dira, ekialdeko begiratokira, bertan birkokatuko baitira eskulturak. Inguru horretan, dagoeneko ikusten ahal dira induskatutako zuloak, eskulturekin batera lekualdatuko diren estatuen oinarriak jartzeko. Eskultura guztiak kokapen berrira lekualdatutakoan eta egiturak doitutakoan, zaharberritze-lanekin jarraituko da, azken ukituak eman eta modu egokian ikus daitezen.

Sei estatuak Doménico Olivieri Italiako eskultore barrokoaren lantegian egin ziren, eta Madrilen erosi zituzten 1885ean. Estatua bakoitza errege hauetako bati esleitu zitzaion: Eneko Aritzari (770-790), Alfonso I.a Borrokalariari (1104-1134), Antso IV.a Jakitunari (1150-1194), Antso VII.a Azkarrari (1194-1234), Tibalt I.ari (1234-1253) eta Juana II.a Évreuxekoari (1328-1349). Madrilgo Errege Jauregirako pentsatutako figurak dira, eta aurpegiak xehetasun askorik gabe zizelkatu zituzten, jauregiaren goiko aldeko balaustradan jartzeko omen baitziren.

Eskulturen babes-maila berdina
Estatuak garbitzeko lanak egin eta lekualdatzeko kaiolak jartzen ziren bitartean, Iruñeko Udalak araudi-aldaketa batzuk izapidetu ditu Taconera parkean paratuko diren estatuen babesari koherentzia emateko. Hala, Vianako Printzea Erakundeak hainbat txostenen bidez eman du ontzat lekualdaketa,  erakunde horrek emandako gomendioak betetzen baititu Udalak. 

Iruñeko Udalak hasiera batez onetsi ditu Iruñeko Udal Planeko katalogoaren aldaketa xehatua eta Alde Zaharreko Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren aldaketa puntuala, biek egiten duten “eraikuntzari lotu gabeko elementuak–Nafarroako errege-erreginen estatuak” aipamenaren barruan. BBBPBaren aldaketak eskulturei buruzko aipamenak ezabatzen ditu. Izan ere, Taconera parkeko kokapen berria planaren eragin-eremutik kanpo dago, Iruñeko Alde Zaharrari eragiten baitio, eta Udal Planaren Katalogoan kokapen berria aipatzen baita. 

Dagoeneko Taconera parkean estatuak zimendatzeko egiten ari diren lanak jarraipen arkeologiko trinkoaz egiten dira, Vianako Printzea Erakundeak ere eskulturak Sarasate pasealekutik eramateari buruzko beste txosten batean eskatu baitzuen.

¿Te ha sido útil esta página?