Auzortzen-ek auzoetan sare-lanean aritzeko ildo berria inauguratu du, Civivoxak, Antzarak eta Bideberrik elkarrekin antolatutako kultura- eta gizarte-jarduerak Mendillorrira eramanez

Auzortzen-ek auzoetan sare-lanean aritzeko ildo berria inauguratu du, Civivoxak, Antzarak eta Bideberrik elkarrekin antolatutako kultura- eta gizarte-jarduerak Mendillorrira eramanez
Lehen zikloa Nafarroako Munduko Medikuekin elkarlanean antolatu da, eta prostituzioaren gaia jorratuko du, erakusketa batez eta hitzaldiez, Civivoxean eta Antzaran

Iruñeko Udalak sarean lan egiteko ildo berria abiatu du, auzo berean jarduerak egiten dituzten entitate desberdinak engaiatzeko asmoz, beren ekimenak koordinaturik, edo are, elkarrekin, gara ditzaten. Esther Cremaes Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkaria, Maider Beloki Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak eta Xabi Senosiáin Mendillorri-Erripagañan Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuaz arduratzen den Bideberri Elkarteko kideak gaur aurkeztu dute proiektu berri hori: Auzortzen.

Gizarte- eta kultura-ekimen horretan koordinaturik ari dira lanean Civivoxa, Antzara eta Bideberri. Izan ere, hiru zerbitzuek ezaugarri ugari dituzte komunean: auzoaren egunerokotasunarekin bat lan egiten dute, komunitatea ardatz hartuta oinarrizko kultura sustatzen duten baliabideak dira, eta gatazka-egoerei aurrea hartzen diete. Prentsaurrekoan bertan iragarri dute zein izan den garatutako lehen jarduera, prostituzioari buruzko jarduera-ziklo bat, otsailean, zeinean Nafarroako Munduko Medikuek ere laguntzen baitute. Mendillorriko Egunerako antzerki-emanaldi bat antolatzeko lanean ari dira.

Sarean lan egiteko koordinazio-gune bateratu bat eraikitzeaz gain, ekimenak baditu berariazko beste helburu batzuk, besteak beste: aisialdi-aukera sendoagoak eta pluralagoak eskaintzea; kultur partekatuko guneak sortzea; komunitate-egitura kohesiodunak aurkeztea; kultur eskaintza zabaltzea, tokian eta denboran eraginkortasuna bilatuta, eta komunitate kultura zeharkakoa bihurtzea. Auzortzen prozesu irekia da, parte hartu nahi duten Mendillorriko eragile berri guztiei zabalik dagoena.

Gezurrak eta errealitatea, gizonek zergatik kontsumitzen dituzte emakumeak?
Mendillorrin modu berri honetan lan egiteko engaiatu diren hiru eragileek prostituzioaren gaia hartu dute ardatz elkarrekin egiten duten lehen jardueran, haien ustez auzoko gazteen artean kezka dagoelako arazo horren inguruan. Nafarroako Munduko Medikuak elkartearekin elkarlanean egindako zikloan, erakusketa ez ezik hitzaldi bat, mikroantzerkia eta ikus-entzunezko proiekzio bat ere egingo dira. Zikloaren bultzatzaileen esanetan, hauek dira helburuak: prostituzioaren arazoa mahaigaineratzea, prostituzioa pairatzen duten emakumeen beharrei eta eskariei oihartzuna ematea eta Mendillorriko gazteak sentsibilizatzea emakumeen kontsumoaren aurka. Nafarroako Munduko Medikuek landu ohi dituzten proiektuen ildo berean, begirada kritikoa garatu nahi da desparekotasunen eta bidegabekerien kausekiko, horrela gizarte-aldaketari bultzada emanez.

Argazki-erakusketa Mendillorriko Civivoxean egongo da ikusgai otsailaren 28ra arte, eta bertan ikus daitezke gizonezkoen aurpegiak, benetako lekukotasun eta beren “aitzakiez” lagundurik. Horien atzean, prostituzioan ari diren emakumeen testigantzak daude. Hauxe da bisita-ordutegia: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Otsailaren 28an,  Mendillorriko Civivoxean ere, hitzaldi bat egongo da 19:00etan, La prostitución en Navarra desde un enfoque de género y derechos humanos izenburupean, Fermín Lorenteren eskutik. Antzaran mikrokontakizuna eta proiekzioa egingo dira.

Elkarlaneko-ekimen honen bidez, maiatzerako antolatzen den Mendillorriko Egunean ikusgai egongo da 2018ko Feten sariaren lan irabazlea eta 2018ko Lorca sarietan kale-ikuskizunik onenaren saria eskuratu duen lana: Rojo estándar. Rosa Díazek zuzendu du, eta kaleko zirku-ikuskizun bat da. Asmoa da auzoko jai-programa aberastea, auzoko familiei kultur alternatiba bat eskainiz, eta, aldi berean, zirkua bultzatuz, etorkizunean landu daitekeen jarduera interesgarri gisa.

Auzoko hiru entitate garrantzitsu
Mendillorriko Civivoxa udal-sarea osatzen duten zazpi gizarte-etxeetako bat da. Liburutegia –haurrek irakur-eremu propioa dute–, ekitaldi-aretoa, hitzaldi-aretoa, arte plastikoen lantegia, informatika-gela, dantza-gela eta erabilera anitzeko 5 gela dauzka. Berez programatzen dituen ikastaroez eta antzerki-, dantza- edo hitzaldi-zikloez gain, besteak beste, aretoak lagatzeko programa dauka, aretoak jarduera jakin baterako edo ikasturte osoan zehar erabiltzeko lagatzeko.

Antzara, Gizarte Ekimenetarako Zentro Komunitarioa, zentro publikoa da, eta hitzarmen bidez kudeatzen da. Batzar baten inguruan antolatuta dago, eta batzar horretan ordezkaturik daude beren gizarte- eta auzo-lana zentroan garatzen duten entitate, kolektibo eta pertsonak. Zentro Komunitarioaren erabileran eta kudeaketan sar daiteke hala eskatzen duen edozein, baldin eta komunitate-ekintzako jardueretarako erabili behar badute, eta betiere batzarraren onespenaz. Auzoko komunitate-ehunari zentroa erabiltzeko aukera emateaz gain, badira beste helburu batzuk ere: gizarte-lotura bultzatzea; lankidetza-dinamika sendotzea gizarte-entitateen, herritarren eta erakundeen artean; eta ikasteko zein gizarte-komunitatean trebatzeko esperientziak garatzea.