Auzoko poliziak hilero emanen die arreta herritarrei Civivox sareko zentroetan

Auzoko poliziak hilero emanen die arreta herritarrei Civivox sareko zentroetan
2019an, polizia-zerbitzu hau Iruña osora zabaldu da
policia de barrio

Auzoko poliziak herritarrengandik are hurbilago egon nahi du, horregatik, hilero emanen die arreta auzotarrei Civivox sareko zentroetan, non herritarrek zuzenean helarazi ahal izanen baitituzte haien iradokizunak, eskariak eta proposamenak. 2019an, zerbitzua hiriko auzo guztietara hedatu zen, eta 3.927 jarduketa egin zituen, heren bat Sanduzelai eta Buztintxuri auzoetan.
 

Komunitate Poliziako Taldea (Auzoko polizia) 2017ko martxoaren 29an eratu zuten, Udaltzaingoaren Hurbiltasun eta Prebentzioko Arloaren organigramaren barruan. Loturazko udaltzainak (2010ean zehaztuak) erreferentzia gisa hartuta, Udalak komunitate-poliziako proiektu pilotu bat abiatu zuen Sanduzelain, Donibane – Ermitagaña – Mendebaldea eta Etxabakoitzen. Proiektu hori izan zen abiapuntua legegintzaldi honetan Iruñeko auzo guztietara zabaltzeko. Komunitate-poliziaren helburua da bitartekari-lanak egitea auzoetako auzotar, elkarte eta kolektiboen eta Udaltzaingoaren nahiz auzo bakoitzeko zinegotzien artean, betiere arazoak polizia-bitartekaritzaren ikuspuntutik konpontzeko asmoz, eta gainerako Udaltzainentzat bitartekari eta informazio-iturri gisa baliatuta.
 

Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak, Javier Goya udaltzainburuak eta Ricardo Martínez Komunitate Poliziako taldearen inspektoreordeak Auzoko Poliziak 2019an egindako lanaren datuak azaldu dituzte gaur goizean.
 

Zortzi eremu zehaztu dira

Polizia horiek sarritan bisitatzen dituzte ikastetxeak, zentro komunitarioak, auzo-elkarteak... Auzoan daude etengabe, bertako ehun sozialarekin eta auzotarrekin harremanetan, eta gertatzen diren gorabeherak aztertu eta baloratu, eta ekintzak proposatzen dituzte. Udaltzaingoak berezkoak dituen funtzioak betetzen dituzte, auzo-zinegotziei laguntzen diete bileretan, haien eskumenekoak diren gaien inguruko aholkuak ematen baitituzte, gatazka-egoeretan ekintzak ezartzen dituzte, eta berariazko arazoen inguruko jarraipena egiten dute, besteak beste.
 

Gaur egun, zortzi kidek osatzen dute Komunitate Poliziako Taldea: inspektoreorde batek, lehen mailako udaltzain batek eta 6 poliziak.  Proiektu pilotu hau Iruñeko hiru eremutan abiatu zen, eta 2019ko azaroan hiriko auzo guztietara zabaldu zen; baliabideak banatzeko hainbat faktore aintzat harturik, besteak beste, biztanle-kopurua eta banaketa geografikoa. Horrela, zortzi eremu sortu dira, zerbitzu honetan dauden zortzi poliziek bana artatze aldera:  Donibane – Ermitagaña – Mendebaldea; Iturrama eta Etxabakoitz; Zabalguneak; Milagrosa – Arrosadía – Azpilagaña; Lezkairu – Santa María la Real, Mendillorri, Erripagaña – Beloso – Bidezar; Sanduzelai eta Buztintxuri; Arrotxapea, eta Txantrea eta Alde Zaharra.
 

Auzoen eguneroko bizitzan eta egunez egunekoan murgildurik

Auzo bakoitzak arazo desberdinak ditu, eta polizia-zerbitzu honen erantzuna horietako bakoitzera egokitu dute. Auzoka, jarduketen % 36,8 Sanduzelai eta Buztintxuri auzoek osatzen duten barrutian eman zen; bertan, adibidez, Whatsapp-talde bat osatu dute merkatariekin, Erdigune lantaldean parte hartu dute eskola-ibilbide seguruak eratzeko, eta laguntza eman eta partaide izan dira Iparralde ikastetxeko “Tiempo Fuera” hitzarmenean. Horiez gain, hainbat arazo aztertzen ari dira, besteak beste, okupatutako etxebizitzena; horren harira, baimenik gabeko okupatzaileak identifikatzen dituzte. Bestalde, Sanduzelaiko udal-igerilekuekin lotutako arazoak ere jorratu dituzte.
 

Arrotxapean (ia 4.000 jarduketen % 17), hainbat arazo jorratu dituzte: San Pedro auzoko etxe-multzoan, zonaldean okupatutako etxebizitzak kontrolatu dituzte, okupatuta edo hutsik dauden etxebizitzen zerrenda egin dute, eta bisitak egin dizkiete adinekoei kexak jasotzeko eta egoera egiaztatzeko. Gainera, estupefazienteak saltzen diren tokiei buruzko txostenak egin dituzte, Ximénez de Radako zelaiko proiektua abiatzeko bitartekari-lanak egin dituzte auzotarrekin, eta Arantzadiko igerilekuetan jarduketak egin dituzte liburutegi bat eratze aldera. Jarduketen % 16,5 Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldean egin dituzte: Donibaneko Adinekoen aldeko Itunean parte hartu dute, Mendebaldeako hiri-baratzea abian jartzen eta Puyko Andre Maria plaza hobetzeko proposamenean.
 

Jarduketen % 13,3 Alde Zaharrean eta Txantrean egin dituzte: lanean ari dira ostalaritzako establezimenduak kontrolatzeko eta okupatutako etxebizitzak detektatzeko, eta kontrol-lanak egiten dituzte San Frantzisko ikastetxean eta Piparrika hiri-baratzean. Jarduketen % 7,2 Milagrosan eta Azpilagañan egin dituzte, besteak beste: bilerak auzotarrekin, Guelbenzu kaleko establezimenduen ikuskaritza, etxebizitza gisa erabiltzen diren etxabeak hautematea, substantziak saldu eta kontsumitzeko tokiak identifikatu eta horiei buruzko txostenak egitea, eta ikastetxera joaten ez ziren hiru adingabe atzematea.
 

Jarduketen % 4,6 Etxabakoitzen eta Iturraman egin dituzte: batez ere legez kanpoko baratzeak eta auzo-baratzeak kontrolatu dituzte. Lezkairu, Mendillorri, Erripagaña eta Santa María la Realen jarduketa guztien % 2,1 egin dituzte: kontrolak egin dituzte substantzien trafiko xeheari dagokionez, babesgabetasun kasuei antzeman eta ohartarazpenak egin dizkiete adingabeei, eta txostenak egin dituzte hala bide publikoko seinaleei eta elementuen mantentze-lanei buruz nola Errege Bardeako meskitarekin lotutako arazoei buruz. Azkenik, jarduketen % 1,8 Zabalguneetan egin dituzte: ikastetxeen eskariak artatu dituzte seinaleztapenari dagokionez, eta bilerak egin dituzte auzo-elkarteekin eta laguntza-zerbitzuekin bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren arazoari dagokionez.
 

Jarduketen heren bat auzoko zerbitzuetara programatutako bisitak

3.927 jarduketen jatorria aintzat hartuta, % 12,8 auzoan zuten jatorria, oro har; % 12, ofiziozko polizia-jarduketak izan ziren; % 10,6, auzoko ikastetxeek eskatutakoak; % 9, botiken sektorearekin lotutakoak, eta % 6 baino gehiago ostalaritzaren sektoreari eta Udaleko edo auzo-unitateetako langileei lotutakoak.
 

Jarduketei beraiei dagokienez, 3.927 jarduketen ia heren bat (1.191, % 30,3) auzoko poliziek jada programatuta zituzten bisitak izan ziren, hala auzoko establezimenduetara nola ikastetxe eta zerbitzuetara. 562 jarduketetan (% 14,3) udaltzainak uniformea jantzita ibili ziren patruilan; 450 (% 11,46) telefonoz eskatuta egin zituzten; 354 (% 9) aurrez aurre eskatuta, eta 276 jarduketetan (% 7) uniformerik gabe ibili ziren patruilan.
 

Jarduketa horiez gain, Komunitate Poliziako Taldeak Gurtza Tokiei buruzko Lantaldean parte hartzen du. Pluralismo y Convivencia Fundazioak sortu zuen lantaldea, Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioarekin (FEMP) eta Justizia Ministerioko Nazioarteko Lankidetza Juridikoko, Konfesioekiko Harremanetako eta Giza Eskubideetako zuzendaritza orokorrarekin elkarlanean. Halaber, CLARA (Arrazismo, Xenofobia eta Gorroto-diskurtsoen kontrako Tokiko Ikas-komunitateak) proiektu europarreko bazkidea da Madril, Getafe, Fuenlabrada, Leganés, Elx eta Málagako udaltzaingoekin, Arrazismo eta Xenofobiaren Espainiako Behatokiarekin (OBERAXE), Salamancako Unibertsitatearekin eta Dinamia kooperatibarekin batera.

¿Te ha sido útil esta página?