Auzo-eztabaidaguneak abiatuko dira berriz asteartean Iturraman, eta Mendillorrin eta Milagrosan jarraituko dute, urriaren 13an eta azaroaren 3an, hurrenez hurren

Auzo-eztabaidaguneak abiatuko dira berriz asteartean Iturraman, eta Mendillorrin eta Milagrosan jarraituko dute, urriaren 13an eta azaroaren 3an, hurrenez hurren
Auzo-eztabaidagunean aurrez aurre parte hartzeko, bertaratzea konfirmatu behar da, eta birtualki ere parte hartzen ahalko da proposamenak eta iradokizunak online bidalita

 

Heldu den asteartean beste auzo-eztabaidagune bat eginen da Iturramako Civivoxean. Izan ere, berriz ere hasiko dira egiten COVID-19arengatik eten ziren hitzordu hauek, herritarren eta Iruñeko Udalaren artean topaguneak sortzeko xedea dutenak. Saioa 18:30ean hasiko da, eta bertan libreki parte hartzen ahalko dute Iturramako auzotarrek, elkarteek eta entitateek. Beste bi auzo-eztabaidagune daude aurreikusita, bata urriaren 13an (asteartea) Mendillorrin, eta bestea azaroaren 3an (asteartea) Milagrosan.

Iturramako auzo-eztabaidagunean Enrique Maya alkateak sarrera eginen du eta, gero, Fernando Aranguren auzo-zinegotziak informazioa emanen du. Jarraian, azalpenak emanen dituzte jakitera emateko nola egokitu behar den Auzo-eztabaidagunea Partaidetzako Erregelamendu berrira, hura arau-eraginkortasunez hornitzeko. Azkenik, galdera eta iradokizunen txanda etorriko da. Parte-hartzea bideratzeko bide batzuk ezarri dira. Batetik, aurrez aurre joan daiteke. Horretarako, bertaratzea aurrez baieztatu beharra dago participacionciudadana@pamplona.es helbide elektronikoan. Iradokizunak eta proposamenak online aurkezteko, Erabaki plataforma erabil daiteke, auzo-eztabaidaren eguneko 14:00ak arte, edo forosdebarrio.participacion@pamplona.es . Jasotako mezuak aurrez aurreko saioan komentatuko dira.

Auzo-eztabaidaguneak zuzenean ikusten ahalko dira ‘Participa Pamplona’ Youtubeko kanalean. Saioen bideoak osorik argitaratuko dira web-orri horretan, edozein unetan ikusi ahal izateko. Topaketaren kronika eta aurkezten diren materialak kontsultagai egonen dira Udalaren https://erabaki.pamplona.es webgunean, Auzo-eztabaidaguneei dagokien atalean. Informazio osoa Herritarren Partaidetzako sare sozialetan ere kontsultatu daiteke, Facebook eta Twitter -eko profiletan.

Auzo-eztabaidaguneei buruz

Auzo-eztabaidaguneak Iruñeko Udalaren herritarren partaidetzako eta lurraldeko udal-organoak dira. Honela definitzen ditu Herritarren Partaidetzako Erregelamenduaren 17. artikuluak: “auzoak parte hartzerako duen organo irekia da, eta bertan parte hartzen dute auzoko gizarte- eta ekonomia-ehuna osatzen duten kolektibo guztiek, herritar aktiboek eta herritarrek, oro har”.

Auzo-eztabaidaguneek, besteak beste, honako hauek dituzte eginkizun: herritarren proposamenak, iradokizunak eta iritziak jasotzea zerbitzu publikoen funtzionamenduari eta auzoarekin zerikusia duten gai guztiei buruz, eta Udalak herritarrei informazioa ematea auzorako aurreikusten dituen proposamen, proiektu eta jarduketei buruz. Horrez gain, bertan erabakitzen da Auzo Kontseiluaren eraketa, Auzo Kontseiluak aurkeztutako kudeaketa-txostenak onesten dira eta auzoaren ordezkariak hautatzen dira Hiriko Gizarte Kontseilurako. 
 

 

Auzo-eztabaidaguneak

  • Auzo-eztabaidagunea
    • Iturramako auzo-eztabaidagunea. Urriak 6, asteartea. 18:30. Iturramako Civivoxa
    • Mendillorriko auzo-eztabaidagunea Urriak 13, asteartea. 18:30. Mendillorriko Civivoxa
    • Milagrosako auzo-eztabaidagunea. Azaroak 3, asteartea, 18:30. Gaztediaren Etxea
  • Parte hartzeko erak

    • Fisikoki joatea. Bertaratzea baieztatu behar da participacionciudadana@pamplona.es helbidean.
    • Proposamenak bidaltzea Erabaki bidez, auzo-eztabaidagunearen eguneko 14:00ak arte.
    • Kontsultatu hemen: forosdebarrio.participacion@pamplona.es Bada aukera kontsultak, iradokizunak edo galderak igortzeko. Mezu horiek eta Erabakira bidalitakoak auzo-eztabaidaguneen aurrez aurreko saioan komentatuko dira.
    • Auzo-eztabaidaguneak zuzenean ikusten ahalko dira ‘Participa Pamplona’ Youtubeko kanalean.