Autobus-geltoki zaharreko Geltoki gunean aldagela inklusibo bat jarriko dute, pertsona guztien aniztasuna errespetatu eta haien autonomia sustatzeko

Autobus-geltoki zaharreko Geltoki gunean aldagela inklusibo bat jarriko dute, pertsona guztien aniztasuna errespetatu eta haien autonomia sustatzeko
Aldagela egiteko aurrekontua 153.766,26 eurokoa da, BEZa barne, eta aurreikuspenen arabera, bi hilabeteko epea izanen dute lanak gauzatzeko
cambiador inclusivo Geltoki

 

Autobus-geltoki zaharreko Geltoki gunean aldagela inklusibo bat jarriko dute, orain arte biltegi gisa erabiltzen zen toki batean. Toki horretan aldagela irisgarri, zabal, seguru eta garbi bat jarriko dute, komuna, aldatzeko bionbodun ohatila, konketa, garbitzeko dutxa, eta abar barne hartzen dituena eta pertsonen aniztasuna errespetatu eta haien autonomia sustatzen duena. Aldagela egiteko aurrekontua 153.766,26 eurokoa da, BEZa barne, eta bi hilabeteko epea izanen dute lanak gauzatzeko.

Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorrak idatzitako proiektuak barne hartzen du aldagela inklusibo gisa erabiltzeko modulu prefabrikatu baten hornidura eta hura instalatzeko lanak. Altzairu galbanizatuzko bloke bakarreko egitura bat da, eta abian jartzeko beharrezko instalazioak gehituko zaizkio: ur-hornidura, saneamendua, elektrizitatea eta telekomunikazio-sarea, abisu- eta alarma-sistemarako. 

Aldagela inklusibora autobus-geltoki zaharretik sartuko da, Tutera kaletik, eta aldagela inklusiborainoko ibilbide guztian ez da oztopo arkitektonikorik egonen. Ez da inolako jarduketarik eginen geltokiko eraikinaren fatxadan.

Aldagelaren barruan honako hauek egonen dira: ur bero sanitarioko sistema, saneamendurako instalazioa, iturgintzako instalazioa, sistema elektrikoaren instalazioa, larrialdietarako alarma-sistema, argiztapen-sistema, telekomunikazio sare-sistema eta H formako altxatze-sistema (garabia). Baita honako hauek ere: altueran erregulatu daitekeen ohatila, altueran erregulatu daitekeen konketa, harrapatzeen aurkako segurtasun-geldiketarekin, altueran erregulatu daitekeen komuna, 60 zentimetroko ostomia-komuna, alarma-sistema, osagarriak eta barandadun arrapala irisgarria.

Aldagela inklusiboak pertsona guztien behar fisiologikoendako segurtasun- eta osasun-baldintzak bermatuko ditu, eta aipatutako elementuak barne hartzen ditu. Halaber, tokia zabala da higiene pertsonalarekin laguntzeko bi pertsona sartu ahal daitezen. Egun desgaitasuna duten pertsonendako dauden zerbitzuek ez dituzte eskakizun guztiak betetzen, adineko pertsonenak eta mugikortasun urriko pertsonenak kasurako.

Nafarroako lehenengo aldagela inklusiboa
Autobus-geltoki zaharrean egonen den aldagela inklusiboa, ezaugarri horiek dituen lehenengoa izanen da Nafarroan. Familia batzuen eta ASPACE garun-paralisia duten pertsonak artatzeko elkarteak Gizarte Ekintzako Alorrari egin zioten eskakizun bat da, eta udal-talde guztien babesa jaso zuen.

Hainbat alorren lanari esker eta gizarte entitate horren aholkularitzarekin, asteburuan ere jendearendako zabalik dagoen erdiguneko toki egoki bat bilatu zuten, mota horretako instalazio bat behar duten familiek eta pertsonek modu erosoan erabili ahal izateko. 

Jarduketa bat dator Iruñeko Udalaren Irisgarritasuneko Plan Unibertsalarekin. Planak xede du espazio publiko guztiak irisgarritasun unibertsalari buruzko araudira egokitzea, mugitzeko desgaitasuna eta desgaitasun sentsoriala duten pertsonen mugikortasuna eta erabateko autonomia bermatzeko, baita egonlekuak eta parkeak ere, erabateko gizarteratzerako eta hiria baldintza berdinetan gozatu ahal izateko.
 

¿Te ha sido útil esta página?