Guztira, autismoa duten 80 haur, nerabe eta gaztek parte hartzen dute aste hauetan Autismoaren Nafarroako Elkarteak (ANA), Iruñeko Udalarekin elkarlanean, 2012tik Jose María Huarte ikastetxe publikoan antolatzen duen udako eskolan. Hartara, hamabi urte hauetan, eskola funtsezko baliabide terapeutiko, hezitzaile eta sozial bihurtu da autismoa dutenendako, haiendako hain beharrezkoa den jarraitutasuna eta errutina ematen baitizkie.
Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak eta Raúl Armendáriz Gizarte Zerbitzuetako, Kiroleko eta Osasuneko zinegotziak instalazioak bisitatu dituzte gaur, Paula Rodríguez ANAko zuzendariarekin eta Amaya Núñez udako eskolako zuzendariarekin batera. Bisitan, Ibarrolak bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu elkarteko 28 profesionalen jarduerak eta lana, bai eta jarduerak garatzen laguntzen duten 80 boluntario ingururena ere, haien lanik gabe eskola bideraezina izanen bailitzateke, ANAk aitortu bezala.
Udako eskola, izan ere, autismoa duten pertsonendako errutina eta ordutegi egituratua eskaintzen dituen proposamen gisa antolatzen da udako hilabeteetan, eta horiez gain, Gabonetako eta Aste Santuko edizioak ere baditu. Aurten, bi urtetik 23 urtera bitarteko pertsonak artatzen ditu eskolak eta asteka joan daitezke bertara, gutxienez bi aste jarraian. Adinaren eta ezaugarrien arabera, parte-hartzaileak 4 eta 6 haur bitarteko geletan biltzen dituzte, eta ikasle bakoitzeko bi profesionalen eta boluntario baten laguntza izaten dute, beharren arabera.
Banakako arreta
Helburu zehatz batzuk finkatzen dira parte-hartzaile bakoitzarendako, eta, eskola-aldia amaitutakoan txosten zehatz bat egiten da denbora horretan landu denari eta jaso duten laguntzari buruz, ondoren ikastetxera bidali eta udan egindako aurrerapenak baloratu ahal izan ditzaten.
Eskolan hainbat alderdi lantzen dira, hala nola janzteko eta garbitzeko autonomia, autobusa hartzeko itxaronaldiak eta beste arlo batzuk, besteak beste komunikazioa, gaitasun aurreakademikoak, pedagogia terapeutikoa edo gizarte-trebetasun inklusiboak. ANAtik azpimarratu dutenez, autismoa duen pertsona batek dituen behar guztiei heltzea da kontua. Hainbat jardueraren bidez, itxaronaldiak, txandak errespetatzea, frustrazioaren kudeaketa eta bestelako trebetasun batzuk lantzen dituzte. Eguna hainbat ordu-tartetan antolatzen da, 09:00etatik 14:00etara, eta horietan autonomia jarduerak, jolas egituratuak eta jolas librea, eta lantegiak egiten dituzte. Jarduera batzuk ikastetxean bertan egiten dira, baina badira kanpoan egiten diren beste batzuk ere, adibidez piraguismoa.
Boluntarioen lana funtsezkoa da eskolaren antolaketa osoan. ANAk berariazko prestakuntza-ikastaro bat eskaintzen die ekainean, udako jardueretan egiten den lanerako trebatzeko. Boluntarioen profila askotarikoa bada ere, interes handia dago gizarte-, hezkuntza- eta psikologia-arloko unibertsitate-ikasleen artean, bai eta erretiratuta dauden irakasleen artean ere, udan aste batzuetan zehar beren aletxoa jarri nahi izaten baitute. Cristina Ibarrola alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie haien gizarte-konpromisoagatik, sentsibilitateagatik eta autismoa duten umeei ematen dieten tratuagatik.