2022ko sanferminak amaitu dira, eta parte-hartzea nabarmen igo da 2019ko azken sanferminekin alderatuta. COVID-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez festarik ez egoteak herritarren engaiamendu handiagoa ekarri du, batez ere bertakoena eta naziokoena, Iruñeko Udalak antolatutako 532 ekitaldietan. Udalak esku artean dituen lehen estatistiken arabera, 1.707.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute hainbat ekitalditan: kontzertuak, haurrendako jarduerak, su artifizialak, baita txupinazoa, entzierroa –13.100 lagunek parte hartu dute– eta Gaixoa Ni ere, besteak beste. Kopuru hori % 20ko igoera da 2019an zenbatu ziren 1.333.700 pertsonekin alderatuta.
Enrique Maya Iruñeko alkateak, María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkaria ondoan zuela, festen balorazioa egin du gaur, eta adierazi duenez, “arrakastatsuak izan dira parte-hartzeari, jarrerari, giro onari eta segurtasunari dagokienez; agertokiak, kontzertuak eta entzierroak ere arrakastatsuak izan dira”. Hain zuzen, 2022ko musika-eskaintzak mobilizatu ditu sanfermin hauetan parte hartu duten herritar andana. Zehazki, 551.800 lagunek gozatu dute kontzertuez Foruen plazan, Compañían, Gazteluko plazan, Antoniuttin, Sarasate pasealekuan eta Gurutzeko plazan, festen agertoki nagusietan. 2019an, 192.500 lagun inguru bertaratu ziren musika-proposamenetara.
Gazteluko plazako eskaintza berriak –DJak ardatz izan dituena festetako arratsalde eta gauetan– bildu du jende gehien. Estatistiken arabera, musika-ekitaldietan parte hartu dutenen artean, 296.000ek gozatu dute uneren batean erdialdeko plaza horretan jartzen zuten musikarekin, bai ‘tardeo’-emanaldiekin bai ‘Sound Fermín’ zikloarekin gauez, non hainbat DJ aritu baitira, besteak beste, Mickey Pavón, Europa FMko Javi Sánchez edo Los40ko Jorge Sánchez. Kopuru horiei gehitu behar zaizkie Foruen plazako kontzertuetan egondako 138.000 pertsonak; gutxienez hiru aldiz bete da plaza: uztailaren 6an, Lola Índigorekin; 10ean (igandea) La Oreja de Van Gogh taldearekin, eta 13an (asteazkena) Camela taldearekin, zeinak amaiera eman baitzion Foruen plazako kontzertu-zikloari.
Musika-proposamena honako hauekin osatu da, besteak beste: Antoniuttiko dantzaldiak (65.500 lagun sanferminetan zehar), Compañia plazako jazza (26.000 lagun) eta Gurutzeko plazako dantzaldiak (22.300 lagun).
Halaber, aipagarria da su artifizialak ikusten egondakoen igoera; 2019an 382.000 ikusle egon ziren, eta 2022an, 438.000, zalantzarik gabe festetan izandako eguraldi onari esker. Foruen plazako gazteendako programazioan parte hartutakoen kopurua ere bikoiztu egin da. 5.500 neskak eta mutilek parte hartu dute Gazte Eremuan, eta azken sanferminetan, aldiz, 2.550ek.
Salaketa gutxiago
Parte-hartzea nabarmen igo arren, segurtasun-indizeak egonkortu dira, eta, Herritarren Segurtasuneko Alorrak jasotako datuen arabera, salaketa- eta delitu-kopurua ere zertxobait murriztu da. Zehazki, aurten % 1,7 jaitsi da sanferminetarako dispositibo berezia osatzen zuten segurtasun-indar edo -kidegoek artatutako salaketa-kopurua; hain zuzen, 2019an 2.005 izan ziren, eta aurten, 1.969. Jaitsierarik handienak izan dira lapurreta indarra erabilita delituan, 70etik 47ra, eta lapurreta indarkeria erabilita delituan, 45etik 23ra. Aitzitik, lapurretak zertxobait igo dira, 1.279tik 1.302ra; batik bat mugikorrak lapurtu dituzte, batez ere festen lehen egunetan, txupinazoan eta asteburuan.
Sexu-abusuengatik izandako salaketak ere igo dira, batez ere ukituak egiteagatik, 10etik 16ra pasa baitira; horrek adierazten du gai horien inguruan gizarte-kontzientzia handiagoa dagoela, eta horri esker erasotuek salaketa jartzeko prestutasun handiagoa dutela. Kasuen % 90ean, erasotzaileak atxilotu dituzte.
Udaltzaingoak 3.620 etilometria-proba baino gehiago egin ditu sanferminetan, eta horietatik 36 positiboak izan dira eta administrazio-salaketak jaso dituzte, hau da, guztizkoen % 1; 7 salaketa epaitegietara bideratu dira.
Batez ere, turista nazionalak
Bisitari-kopuruaz bezainbatean, Iruñeko Udalaren eskariz gailu mugikorren jarraipenean oinarritutako ikerlan batek adierazitakoarekin bat, uztailaren 1etik 14ra 462.172 bisitari bakar antzeman dira hirian, eta horietatik, gutxienez 430.000, Iruñean egon dira uztailaren 6tik 14ra. Mugikorren jarraipena modu erabat anonimoan egiten da; piztuta eta bateria duten gailu mugikorrek igortzen dituzten irrati-frekuentziak detektatzen dira, baldin eta hiriko 10 puntu estrategikotan paratutako nodoen ekintza-eremuaren barruan badaude.
Iruñeko Hotelen Elkarteak hotel-okupazioari buruz emandako aurretiazko datuen arabera, hirian gaua eman zuten bezeroen % 55 Espainiakoak ziren, eta % 45 atzerritarrak. Orotara, erdialdeko establezimenduetan, festetako 9 egunetatik seitan, batez besteko okupazioa % 92tik gorakoa izan zen (uztailaren 6tik 9ra eta uztailaren 11n eta 12an). Uztailaren 13an jaisten joan da (% 80), eta 14an % 53 izan da.
Kaleen garbiketa
Jai egun hauetan kaleen garbiketa-lanak handitu dira. Datuek jasotako zabor-kopurua zertxobait igo dela adierazten dute, aurreko sanferminetan baino 80.000 kilo gehiago, 1.103.140 kilotik 1.200.000ra. Gehien igo dena beira izan da: 570.960 kilo jaso dira, 2019an baino % 19,21 gehiago. Edukiontzietan jasotako zaborra % 4 murriztu da eta kaleen garbiketa-lanen bidez jasotako kopurua ia berdin mantendu da, 274.940 kilo.
Aurreko urteetako arrakasta ikusirik, 1.000 litroko edukiontzi gorriak jarri dira Gazteluko plazan eta Gaztelugibeleko landan (su-artifizialetarako eremuaren inguruan), bertan plastikozko hondakin ugari sortzen baitira (ontziak, batez ere). Halaber, Gazteluko plazan, Karlos III.aren etorbidean, Orreaga etorbidean eta autobus-geltokiko landan sortutako hondakinak gaika bildu dira (beira eta gainerakoa), iaz egin zen bezala, eta Sarasate pasealekua eta zezen-plazaren inguruak gehitu dira, bertako hondakin gehienak plastikozko ontziak baitira. Horrela lortu da ekorketan bildu eta plantan tratatu daitekeen zabor kopurua ekorketa osoaren % 10 izatea.
Gainera, aurten 486.000 edalontzi berrerabilgarri baino gehiago banatu dira; kopuru horretara lokalek biltegietan zeuzkaten edalontziak gehitu behar dira. Edalontzia 94 gunetan egon da, hala nola lokal pribatuak, udal-esleipenak eta jai-guneak. Edalontzi berrerabilgarria egunean 5 aldiz erabil daitekeela kalkulatzen da, eta horrek botatzekoak diren 5 edalontzi ez erabiltzea dakar.
2.500 zarata-neurketa baino gehiago
Jaietan 2.534 zarata-neurketa egin dira, egunero 300 baino gehiago, 2019an baino % 18 gehiago. 462 kasutan soinua altu zegoen, eta 187 kasutan, oso altu.
Iruñeko udalak arau-urraketak antzeman ditu, eta zenbait jarduera ohartarazi ditu izan kanpoaldean bozgorailuak zeudelako, bozgorailuak kanporantz bideratuta zeudelako, edo musika-isurpen maila altua zelako. Alde zaharrean, jaiaren erdigunean, puntu bereziki sentikorrak antzeman dira San Nikolas kalean, Estafeta kaleko goiko aldean eta Erriberri kaleko terrazen inguruan. Aurten bozgorailu gutxiago detektatu dira establezimenduetatik kalera jarrita.
Iruñeko Udaleko Elikagai Ikuskaritzak, bestalde, 85 jarduera ikuskatu ditu, guztira, eta 136 ikuskapen egin. Kopuruak % 10,56ko igoera dakarkio 2019ko ikuskapen-zenbatekoari. Toki hauetan egin dira ikuskapenak: Runa feria-lekuko jatetxeetan, Antoniuttin, Eskualde Etxeen gunean, Basotxoan eta Iruñeko peñen lokaletan, Foruen eta Gurutzeko plazetako kontzertu-tokietan, tabernetan, jatetxeetan eta ostalaritza eta elikagaiekin zerikusia duten bestelako jarduera egonkor zein ez-egonkorretan. Ikuskapen horien guztien artean 130 hutsune antzeman dira, gehienak instalazioetan eta ekipamenduetan, elikagaien higieneari buruzko prestakuntza faltan eta kontsumitzaileari elikagaietako alergenoei buruzko informazio faltan.