1.500 litro produktu irristagaitz inguru barreiatuko dituzte bihar gauean, osteguna, Udaletxe plazatik Mercaderes kaleko bihurgunera bitarteko entzierroaren tartean. Sanferminak hasi aurretik disoluzio kimiko hori aplikatzen den hogeigarren aldia izanen da, ibilbidearen tarte horretan zezenak eta korrikalariak irristatzea eta horren ondorioz egoera arriskutsuak gertatzea ekiditeko. Ohikoa den bezala, produktu irristagaitza aplikatzeko lanak gauez eginen dira, 23:00etatik aurrera, Alde Zaharrean ahalik eta eragin txikiena izateko.
Kalkuluen arabera, entzierroaren ibilbideko 1.875 metro karratu inguruan barreiatuko da likidoa, San Domingo aldaparen azken zatitik (Udaletxetik metro gutxitara) Mercaderes kaleko bihurguneraino, Estafeta kaleko metro batzuk hartuta. San Domingoko eskortetatik irteteko tartea ere tratatuko da, zezen-taldea entzierroaren hasieran irristatzea ekiditeko. Pavitec enpresa izanen da lanen arduraduna, hamar lagun inguruk osatutako lantalde baten bidez. Produktu irristagaitza eskuz aplikatzen da, eta ureztagailuak eta erratz handiak erabiltzen dira konposatua barreiatzeko.
Iruñeko Udalak 2005ean egin zuen produktuaren lehenengo proba, eta 2006an hura aplikatzen hasi zen. Ordutik aurrera, bertan behera gelditu ziren 2020ko eta 2021eko sanferminetan salbu, jaien aurreko egunetan konposatu kimiko hori barreiatzen da entzierroetan egoera arriskutsuak saiheste aldera. Likido irristagaitzak erreakzio bat eragiten du, eta zoruaren atal silizeoan urtean zehar zikinkeriaren edo garbiketa-makinen leuntzearen ondorioz estalita dauden mikroporoak zabaltzen ditu. Poro horiek ‘bentosa-efektua’ eragiten dute, zezenen apatxak hobeki heltzea ahalbidetuz, eta hori bereziki eraginkorra da zoladura bustita dagoenean.