Sanferminetako programazio ofizialaren barruan, Foruen plaza 12 eta 17 urte bitarteko gazte eta nerabeei eskainiko zaie, sanferminetako arratsaldeetan aisialdi seguru eta osasuntsuko gune bat izan dezaten, lantegiak, puzgarriak, musika eta abar barne hartzen dituen proposamen ludiko zabal baten bidez. Uztailaren 7tik 14ra bitarte, 19:00etatik 22:30era, egunero aldatuko diren askotariko jarduerak antolatu dira, eta 21:00etatik aurrera musika-emanaldiak eskainiko dira: DJ saioak, rumba eta saltsa taldeen kontzertuak, drag saioak eta bertsioak, besteak beste. Gune horretan, 23:30etik 01:45era bitarte, Sound Fermin zikloa eginen da, uztailaren 6tik 13ra bitarte.
Gazteendako programazioaren alderdirik garrantzitsuenak gaur (asteartea) aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak eta Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak; azken honek Sound Fermin zikloaren programazio osoa aurkeztu du. Aisialdirako bi proposamen horiek gazteen artean finkatu nahi dira, beren gustuekin bat datorren festa alternatiboa eskainita.
Gazteendako eremuan, egunero, puzgarri-eremu bat egonen da, honako hauez osatuta: pista amerikarra, gladiatoreak, jaurtimetro atea, harrapatu makila eta minifutbola. Puzgarri horiekin batera, egunero, proposamen desberdinak eginen zaizkie, hala nola karikaturak eta pankartak egiteko eta fantasiazko makillajeko lantegiak, rap, zumba, k-pop eta hiri-dantza estiloetako erakustaldiak, 360º-ko fotomatoia, punteriazko desafioak, mahai-jokoen eta eskulanen eta 0,0 cocktailen lantegiak, magia-ikuskizunak, herri-kirolen lantegia eta erakustaldia eta holi jaia festei amaiera emateko.
Gainera, egunero, 21:00etatik 22:30era bitarte, musika-proposamen hauek eskainiko dira: Lady bueno DJaren eta Sangalo DJaren saioa (uztailak 7); Kimbambá taldearen rumba- eta saltsa-kontzertua (uztailak 8); Arsenike DJaren drum and bass- eta jungle-saioa (uztailak 9); uztailaren 10ean, ostiralarekin, Albinak eta Donatelak eta haien artista-taldeak giroa aldatuko dute drag-ikuskizun baten bidez; uztailaren 11n, larunbata, DJ saioak itzuliko dira, Mikel Sevillanoren eskutik; uztailaren 12an, igandea, Hagoan taldeak kanta propioak eta bertsioak taularatuko ditu, gaztelaniaz eta euskaraz; 13an, astelehena, Bacardit DJak eskainiko du saioa eta asteartean (uztailak 14), zikloari amaiera emateko, River Newt rock-taldea arituko da, eta gaztelaniazko eta ingelesezko abestiak eskainiko ditu.
Programatutako jarduerak Viajes Divertis 2007 SL enpresa adjudikaziodunak eginen ditu, 70.845,5 euroan (BEZa barne), eta dibertsitate funtzionala duten pertsonendako egokituta daude, programan jasota dagoen bezala eta Nafarroako Desgaitasuna dutenen Entitate Ordezkarien Batzordearekin (CERMIN-Nafarroa) landutakoari jarraikiz. Esku-hartze lantaldean zeinu-hizkuntzen interprete bat ere badago.
Gazteendako eremuko programazioa osatzeko, egunero puntu segurua egonen da, 19:00etatik 21:00etara, ikuspegi sozializatzaile prebentibo eta hezitzailetik festez modu osasuntsuan eta arduratsuan gozatzen laguntzeko. Hainbat informazio-gune egonen dira: EGHAM elkartearena, LGTBI+ errealitateari buruzkoa, Secretariado Gitano fundazioarena eta Antox elkartearena, mendekotasunei eta adikzioei buruzkoa. Gainera, Gazteendako eremuan, Mankomunitatearen ur-taberna instalatuko dute.
Sound Fermin, uztailaren 6tik 13ra bitarteko gauetan
23:30etik 01:45era bitarte, Sound Fermin izeneko programazioa dute gazteek, eta bertan irrati-formula, indie eta mainstream estiloek bat egiten dute eta estatu mailako eta nazioarteko DJek parte hartzen dute. 135 minutu irauten dute saioek, eta su artifizialak amaitu ondoren hasten dira. Uztailaren 6tik 13ra bitarte honako hauek parte hartuko dute zikloan, ordena honetan: Lucia Salas & JBeren, Jorge Cremades, el Fiestazo Megastar DJ Guillem Climent (Cope), Oihan Vega (Euskadi Gaztea), Europa FM Uri Farréren eskutik (Onda Cero), Fiestazo Loca Urban, Los 40 Urban Ramsés López El Faraónen eskutik (Ser) eta Patiwi. Zikloak 37.427,50 euroko aurrekontua du, eta egun pil-pilean dauden musika-proposamenak bilatu dira hura osatzeko; gainera, emakume eta gizonen kopurua orekatua da, eta euskarazko eta gaztelaniazko proposamenak barne hartzen dira.
Zirkulazioa moztuko da 22:00etatik 03:00etara
Ohiko moduan, gune horretan jaiak ospatzen dituztenen segurtasuna bermatze aldera, Foruen plazako inguruan zirkulazioa moztuko da, eta bertan ere segurtasun-hesiak eta beste elementu batzuk daude segurtasuna bermatzeko. Zirkulazioa 22:00etan moztuko da, eta kontzertuak eta ondorengo garbiketa-lanak egin bitartean itxita jarraituko du trafikoak. Zirkulazioa 03:00etan irekiko da berriz.
Halaber, Foruen plazako gunean, ekitaldi hauek emanen dituzte pantaila erraldoian: txupinazoa, uztailaren 6ko eguerdian; Gaixoa ni!, uztailaren 14ko gauerdian; eta folklore-jaialdia uztailaren 6an, dantza-talde hauen eskutik: Amaiur, Ardantzeta, Basakaitz, DanTXaldi, Duguna, Eluntze, Harizti, Iruña Taldea, Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar eta Txori Zuri
Hamabi txapelketa eta zazpi erakustaldi
Foruen plazako programazioak herri-kirolak egiteko zazpi eremu eskaintzen ditu Nafarroako Herri Kirol Federazioarekin lankidetzan, uztailaren 8tik (asteazkena) 14ra (asteartea) bitarteko eguerdietan. Nafarroako hamabi txapelketa aurreikusten dira: aizkolariak, gurdi-, zama-, harri- eta ingude-jasotzaileak, txinga-erutea eta trontzalariak lehiatuko dira, eta emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan.
Hamabi txapelketak zazpi erakustaldirekin osatzen dira: zama-jasotzaileak (emakumeak), proba konbinatuak (kimuak, haurrak eta kadeteak), aizkolariak (emakumeak), trontzalarien erlojupeko proba, Sokatiralarien 4 x 4 San Fermin Txapelketa (mistoa), Giza proba txapelketa eta Motozerralarien XXVI. San Fermin Saria.
Herri-kirolak landa-eremuko antzinako lanen omenez egiten dira, eta hitzorduak lagun ugari biltzen ditu jaiegunetan, hala tokikoak nola kanpokoak, jarduera oso errotuta baitago programaren barruan. Txapelketek 11.800 euroko aurrekontua dute, erakustaldiek, berriz, 7.260 eurokoa, eta, beraz, biak batuta 19.060 euroko aurrekontua dute (BEZa barne).
FORUEN PLAZA, 2026
GAZTEENDAKO EREMUA (12 – 17 urte) Uztailak 7 – 14. 19:00 – 22:30:
Uztailak 7, asteartea
19:00 Gazteendako eremua. Animazioa, jolasak, lantegiak eta musika-emanaldiak.
21:00 Gazteendako kontzertua. DJ saioa Lady Bueno. 22:30 arte.
Uztailak 8, asteazkena
19:00 Gazteendako eremua. Animazioa, jolasak, lantegiak eta musika-emanaldiak.
21:00 Gazteendako kontzertua. Kimbamba taldea. 22:30 arte.
Uztailak 9, osteguna
19:00 Gazteendako eremua. Animazioa, jolasak, lantegiak eta musika-emanaldiak.
21:00 Gazteendako kontzertua. DJ saioa: Arsenike. 22:30 arte
Uztailak 10, ostirala
19:00 Gazteendako eremua. Animazioa, jolasak, lantegiak eta musika-emanaldiak.
21:00 Gazteendako kontzertua. Drag-ikuskizuna Albina eta Donatelaren eskutik. 22:30 arte
Uztailak 11, larunbata
19:00 Gazteendako eremua. Animazioa, jolasak, lantegiak eta musika-emanaldiak.
21:00 Gazteendako kontzertua. DJ saioa: Mikel Sevillano. 22:30 arte
Uztailak 12, igandea
19:00 Gazteendako eremua. Animazioa, jolasak, lantegiak eta musika-emanaldiak.
21:00 Gazteendako kontzertua. Hagoan. 22:30 arte
Uztailak 13, astelehena
19:00 Gazteendako eremua. Animazioa, jolasak, lantegiak eta musika-emanaldiak.
21:00 Gazteendako kontzertua. DJ saioa: Bacardit. 22:30 arte. 22:30 arte
Uztailak 14, asteartea
19:00 Gazteendako eremua. Animazioa, jolasak, lantegiak eta musika-emanaldiak.
21:00 Gazteendako kontzertua. River Newt. 22:30 arte
SOUND FERMIN (ekainak 6 – 13)
Uztailak 6, astelehena
23:30. Lucia Salas & J.Beren. 01:45 arte
Uztailak 7, asteartea
23:30. Jorge Cremades. 01:45 arte
Uztailak 8, asteazkena
23:30. Megastar jai handia DJ Guillem Climenten eskutik. 01:45 arte.
Uztailak 9, osteguna
Euskadi Gaztea. Oihan Vega. 01:45 arte
Uztailak 10, ostirala
Europa FM, Uri Farrérekin. 01:45 arte
Uztailak 11, larunbata
Foruen plaza. LOCA URBAN jai handia. 01:45 arte
Uztailak 12, igandea
Los 40 urban, Ramsés López "El Faraón"-en eskutik. 01:45 arte
Uztailak 13, astelehena
Patiwi. 01:45 arte
HERRI-KIROLAK (uztailak 8 – 14, eguerdiko 12:00etan)
Uztailak 8, asteazkena
Aizkolarien Nafarroako Binakako Txapelketa (gizonak)
Gurdi-jasotzaileen Nafarroako Txapelketa (gizonak)
Zama-jasotzaileen erakustaldia (emakumeak)
Uztailak 9, osteguna
Aizkolarien Nafarroako Txapelketa (emakumeak)
Nafarroako Txinga-erute Txapelketa
Zama-jasotzaileen Nafarroako Txapelketa
Uztailak 10, ostirala
Trontzalarien Nafarroako Txapelketa (kadeteak)
Proba konbinatuen erakustaldia (kimuak, haurrak eta kadeteak).
Uztailak 11, larunbata
Trontzalarien Nafarroako Txapelketa (gizonak)
Trontzalarien Nafarroako Txapelketa (emakumeak)
Harri-jasotzaileen Nafarroako Txapelketa (gizonak)
Trontza-proba (abiaduraz)
Uztailak 12, igandea
3. mailako Gizonezko Aizkolarien Nafarroako Txapelketa (kanporaketa)
Harri-jasotzaileen Nafarroako Txapelketa
Uztailak 13, astelehena
Sokatiralarien 4 x 4 San Fermin Txapelketa (mistoa)
Aizkolarien erakustaldia (emakumeak)
Giza proba
Uztailak 14, asteartea
Ingude-jasotzaileen Nafarroako Txapelketa
Motozerralarien XXVI. San Fermin Saria