Iruñeko Udalak erabaki du datorren astetik aurrera iaz pilotu gisa abiatutako ‘Komunitate Polizia zure Civivoxean’ proiektua hiriko beste lau auzotara zabaltzea. Milagrosa-Arrosadiak eta Azpilagañak, Lezkairu-Santa María la Realek, Zabalguneek eta Arrotxapeak bat eginen dute 2023an iazko martxotik funtzionamenduan zeudenekin: Iturrama, Mendillorri-Erripagaina-Santa María la Real eta Sanduzelai-Buztintxuri. Hala, orain arte zerbitzuak hasierako hiru auzoetako 58.422 bizilagunen beharrak asetzen bazituen, hedatu ondoren 136.708 pertsonen beharrei erantzuten die, Iruñean bizi direnen % 65, erroldaren arabera.
Beste lau auzoendako finkatutako egunak ostegunak dira, Arrotxapean salbu, non astelehenetan izanen baitira, eta bilerak auzo bakoitzeko Civivox sareko zentroetan eginen dira, Lezkairu-Santa María la Realen ezik non topaketak Belaunaldiarteko Zentro Komunitarioan eginen baitira. Programa horrek herritarrek agenteak hurbilago izatea du xede, eskaerak eta iradokizunak modu zuzen eta eraginkorragoan helarazteko. Hala, Komunitate Poliziaren eta bere auzoaren arteko informazio-elkartrukerako gune bat sortzen doa, Civivoxetan iragarritako presentziaren bidez. Zerbitzua eskariaren arabera egiten da.
Milagrosa-Arrosadian eta Azpilagañan, zerbitzua hilabete bakoitzeko lehen ostegunetan emanen da, urtarrilean izan ezik, jaiegunen ondorioz hilabeteko bigarren astera mugitu baitira topaketak; 2023an hilaren 9tik aurrera hasiko dira. Hitzordu-eskaerak Milagrosako Civivoxean bertan edo 948 292802 telefonora deituta egin daitezke jada. Zabalguneetako Komunitate Poliziak Zabalguneko Civivoxean emanen du zerbitzua hilabete bakoitzeko lehen ostegunetan eta hitzordu-eskaera zentroan bertan edo 948 232888 telefonoan egin daiteke. Hileko lehen astelehenetan izanen da topaketak egiteko unea Arrotxapeko Civivoxean, 948 132190 telefonora deituta. Azkenik, Lezkairu-Santa María la Realeko eremuko agente taldea Belaunaldiarteko Zentro Komunitarioan (Mutiloabeiti kalea, 19) egonen da hilabete bakoitzeko lehen ostegunetan, eta hitzordua zentroan bertan eskatzen ahal da.
Programa finkatuta dagoen hiru auzoetan hitzorduak 2022an bezala eginen dira: Iturraman astelehenetan; Mendillorri-Erripagaina-Santa María la Realen, astearteetan, eta Sanduzelai-Buztintxurin, asteazkenetan.
Gertutasuna konfiantza-bektore gisa
2022an Iruñeko Komunitate-poliziak mota askotako 3.336 esku hartze egin ditu, hala nola Iruñeko Udaleko auzo-unitateek ematen duten oinarrizko gizarte zerbitzuari laguntza ematea (230) etxebizitza edo pertsona gatazkatsuengana bistak eginez; auzo-gatazketan bitartekari lanak egitea (398); osasun zentroen (81), farmazien (71) eta finka administratzaileen (27) errekerimenduei erantzutea, eta ikastetxeetan bertaratzea ikasleen arteko arazoak konpontzeko: kontsumoa, absentismoa, etab. (268).
Agente horiek, halaber, herritarren hurbiltasuna eta parte-hartzea bilatzen duten foro eta proiektuetan parte hartzen dute, hala nola Adinekoen Itunean, Haurtzaroko sarean eta Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta gorroto-delitu eta -istiluen aurkako #IruñaGorrotoarenAurka proiektuan (lehen CLARA Europako proiektua zena). Komunitate Polizia Udaltzaingoaren Hurbiltasun eta Prebentzioko Arloaren barruan dago, eta auzoko kolektiboen, Udaltzaingoaren eta auzoari atxikitako zinegotziaren arteko lotura-lanak egiten dituen taldea da.
‘Komunitate Polizia zure Civivoxean’ proiektua auzoko agente titularrek garatzen dute, komunitate-poliziako beste agente batzuek lagunduta, eta funtsezko ideia da eskaera egin dutenekin elkarrizketa bat izatea, hasiera batean herri segurtasunarekin lotutako arazoei heltzeko, baina beste gai batzuetara ere hedatzen bada, agenteek interesdunak zerbitzu edo erakunde arduradunera bideratuko dituzte.
Helburua da bizilagunekiko konfiantzazko harremana, komunikazio zuzena eta pertsonala sortzea, bai eta eremu bakoitzeko auzo-elkarteekin, entitate publikoekin, ikastetxeekin eta gizarte-langileekin ere, besteak beste. Zuzeneko harremanak eta bere izena, telefono eta posta elektronikoa ezagutzeak errazagoa egiten du herritarrek beren arazoen berri eman ahal izatea, agenteek konponbidea eman ahal izateko.