Foruen plazan egonen den bidegorria aurrera doa azken hilabete hauetan, Abejeras eta Gaztelugibel kaleetan eta Antso Azkarraren etorbidean dagoeneko dauden bizikleta-ibilbideei esker. Uztailean obrak hasi zirenetik, lanek hiru kale horien arteko bizikletendako loturak eta Erruki Etxearen eta Abejeras kalearen arteko oinezkoen irisgarritasuna hobetzea izan dituzte ardatz. Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak lanak bisitatu dituzte gaur goizean: 506.485,08 euroko kostua dute eta 2025ean zehar eginen dira.
Abejeras kaleko eta Armada etorbideko bidegorriak lotuko dituen proiektuaren lehen fase honetan, lanek Foruen plazaren hego-mendebaldeko loturak dituzte ardatz, Erruki Etxearen inguruan. Bigarren fasean, Gaztelugibel kalearen eta Yanguas y Miranda kalearen arteko lotura eginen da, Armada etorbideko eta Navas de Tolosa kaleko bidegorrien sarearekin lotzeko. Behin prest dagoenean, bidegorriari esker Arrosadia, Iturrama, Azpilagaña, Alde Zaharra eta Donibane auzoak sare bakar baten bidez lotuta egonen dira.
Oraingoz, Abejeras kaleko noranzko biko erreia Antso Azkarraren etorbidearekin lotu da, bi kaleak elkartzen dituen lorategi-eremuaz baliatuta. % 10eko malda arintzeko, bihurgunean egin da lotura hori. Erruki Etxearen atzealdearen eta Gaztelugibel kalearen arteko bizikletendako lotura egiteko, Antso Azkarraren etorbideko tartean zirkulaziorako bi erreiak murriztu dira, eta Foruen plazako biribilgunea hiru errei izatetik bi izatera igaro da Gaztelugibel kalearen eta Antso Azkarraren etorbidearen arteko tartean.
Halaber, inguruan dauden oinezkoen pasabideak altxatzea eta handitzea barne hartzen dute lanek, irisgarriagoak izan daitezen. Zehazki, oinezkoendako jarraipena eman zaio Erruki Etxeak Abejeras kalerantz duen irteerari. Oinezkoen pasabide irisgarriagoa sortzeaz gain, abiadura-murriztaileak jarri dituzte Foruen plazaren eta Antso Azkarraren arteko elkargunean, zirkulazioa baretzeko eta, modu horretan, oinezkoen pasabidearen segurtasuna hobetzeko. Iruñerriko Hiri Garraioari dagokionez, Erruki Etxearen atzealdeko villavesen geralekua pixka bat aurreratu eta mugitu da.
Jarduketa horiei guztiei esker, trafikoa baretzea lortuko da zirkulazio handiko eremu batean. Izan ere, bost metro eskasean, Foruen plazatik zetozen ibilgailuen sarbidea, villavesen geraleku bat eta oinezkoen pasabide batek egiten zuten bat, hain justu biderako sarbidean.
3 metroko zabalera izanen duen noranzko biko bidegorria
Foruen plazaren inguruan irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko proiektuari esker, Yanguas y Miranda kalearen bidez Armada etorbidea eta Abejeras kalea eta Foruen plaza bera lotuko dituen noranzko biko bidegorri bat sortuko da. Proiektatu den bidegorriak 3 metroko zabalera du, zeinetatik 2,5 metro noranzko biko bidegorriak hartuko baititu (1,25 metro noranzko bakoitzeko). Gainontzeko 50 zentimetroak galtzada eta bidegorria banatzeko baliatuko dira.
Antso Azkarraren etorbidearekin eta Gaztelugibel kalearekin dituen loturetatik aurrera, bidegorria Foruen plazako mendebaldetik iraganen da Yanguas y Miranda kalearekin duen loturaraino, Gaztelugibel kalearen bidez Ziudadelako bidegorriarekin bat eginda. Yanguas y Miranda kalean, bidegorria Iruñeko autobus-geltokira sartzeko espaloiaren perimetrotik igaroko da, Armada etorbideraino. Dena den, lan horiek ez dira 2026ra arte hasiko, autobus-geltokiko estalkiko lanen menpe baitaude. Izan ere, lan horiek direla eta lurrak mugituko dira eremu horretan, itogin- eta hezetasun-arazoak konpontzeko.
Yanguas y Miranda kalean bidegorria eraikitzeko, zirkulazio-errei bat kendu beharko dute, eta, beraz, bi errei izatetik bat izatera pasako da. Gauza bera gertatuko da Foruen plazako biribilgunean: lanak amaitutakoan bi zirkulazio-errei egonen dira, orain dauden hiruen ordez. Antso Azkarraren etorbidea ere bi zirkulazio-errei izatetik bat izatera pasako da.