Aurrekontu-proiektuak etxebizitza eskuragarriei eta zuzkidurak egokitzeari emanen die lehentasuna: aurreikuspenen arabera, 35 milioi euroko inbertsioa eginen da, eta Sarasateko pasealekua izanen da proiektuaren adierazle nagusia

Aurrekontu-proiektuak etxebizitza eskuragarriei eta zuzkidurak egokitzeari emanen die lehentasuna: aurreikuspenen arabera, 35 milioi euroko inbertsioa eginen da, eta Sarasateko pasealekua izanen da proiektuaren adierazle nagusia
Eskuragarri dagoen aurrekontuaren % 79 gizarte-arloko gastuetarako, hiri finkatua hobetzeko eta Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako gastuetarako baliatuko da
Irudia
Irudia
Irudia

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Iruñeko Udalaren 2026rako aurrekontu-proiektua. Bigarren urtez, proiektuak hiriak historian izan duen zifrarik altuena izanen du: 293.786.619,95 euro, duela urtebete 2025erako onetsitako aurrekontuek baino % 2,1 gehiago. Aurreikusitako inbertsioek ia 35 milioi euro (34,96) jo dute, iaz baino askoz ere gutxiago (hiru milioi gutxiago), eta batez ere Europar Batasuneko Next Generation Funtsak amaitu direlako egin du behera kopuru horrek. Inbertsioen atalean, oso azpimarragarria da Sarasate pasealekura bideratutako partida (12,2 milioi euro), atal honi esleitu zaionaren ia herena hartzen baitu. 

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Garbiñe Bueno Zabalza Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zinegotzi ordezkariak aurrekontuaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte gobernu-taldeko gainontzeko kideen aurrean. Hitza hartu duenean, Iruñeko alkateak aurrekontu anbiziotsuak direla nabarmendu du, “mahaigaineratzen baitute Iruña apustu estrategikoekin engaiatutako hiri jasangarria eta ekonomikoki aktiboa izateko asmoa, ardatz dituena etxebizitza eskuragarria sustatzea, udal-zerbitzuak hobetzea, auzoetan inbertitzea eta gizarte-alorreko aurrerapenen finkatzea.” Bestalde, Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zinegotzi ordezkariak honela definitu ditu aurrekontuak: “orekatuak, azken bi urteetako norabide ekonomiko onari eusteko pentsatuak, eta, aldi berean, hiri-proiektu handiak bultzatzen jarraitzen dituztenak”.

Sarasate pasealeku berria, inbertsio-partiden buru
Aurrekontu-proiektuaren 6. eta 7. ataletan 34,9 milioi euroren 40 aurrekontu-partidatik gora biltzen dira. Nagusiak 12,2 milioi euro jo du, eta Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioarekin lotuta dago: abenduan abiatuko dira proiektu horren lanak, eta 18 hilabete iraunen dute; ondorioz, 2027ko aurrekontuei ere eraginen diete.

Beste 4,2 milioi euro Hirigintza Gerentziak egin dituen inbertsioetarako transferentzietara bideratuko dira, esaterako Etxebizitza Eskuragarriko Planaren barruko garapen berriei egindako ekarpenendako: Donapea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko HJBPa eta Abiadura Handiko Trenaren UPGSa. Gainera, lurzatiak prest jartzen jarraituko da Udala Sadar inguruan, Buztintxurin eta Lezkairun, eta aurreikuspenen arabera, II. Zabalguneko HJPBarekin lotutako izapideak amaituko dira eta lanak eginen dira Arantzadiko Soto Etxea, Magdalena parkea eta Emakume Aitzindarien parkea birgaitzeko. Horrez gain, 1,5 milioi euro baliatuko dira etxebizitza-arloko zaharberritzeak egiteko dirulaguntzetarako.

Halaber, inbertsio hauek aurreikusten dira: 2,9 milioi euro, bide publikoa garbitzeko makinak erosteko; 1,5 milioi euro, Urdazubiko Monasterioaren kaleko bidegorrian lanak egiteko; 1,4 milioi euro, IKT arloko inbertsioak egiteko eta milioi bat euro baino zertxobait gehiago eremu urdinen kontrataren barruan egin gabe dauden inbertsioetarako eta HTA sarea turismo-plataforma ezartzeko.

Inbertsioen aurrekontuaren barruan, partida batzuk barne hartzen dira hainbat eraikin eta udal-zuzkiduratan jarduketak egiteko. Hauek dira eginen diren beste inbertsio batzuk: 868.368,45 euro, ikastetxe, patio eta galdaretarako; 850.000 euro, Seminario Etxerako altzariak birgaitu eta eskuratzeko; 500.000 euro, Kondestablearen jauregia konpontzeko; 655.000 euro, Arantzadiko igerilekuak eraberritzeko; 423.000 euro, kirolguneak birgaitzeko; 350.000 euro, Guelbenzu zinema zaharberritzeko; 170.000 euro, zentro komunitarioetan lanak egiteko eta beste 151.311 euro, liburutegietan jarduketak egiteko. Halaber, beste 500.000 euro hainbat lan bukatzeko baliatuko dira, hala nola Oscus etxadiarekin lotutakoak eta Santa María la Realen egindako esku-hartzearekin lotutakoak. 

Beste 801.922 euro Europako funtsek diruz lagundutako Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planarekin lotutako inbertsioetarako baliatuko dira, 281.000 euro, desjabetzeetarako, eta 202.235,61 euro, ekipamendu informatiko berriak gaitzeko. Era berean, 190.000 euro bideratuko dira lantegi eskoletan hainbat inbertsio egiteko eta beste 90.000 euro Gizarte Enplegurako. Horrez gain, 155.000, 50.000, 35.000 eta 40.000 euro inbertituko dira, hurrenez hurren, Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa eraikitzeko, San Agustín Aquavoxa birgaitzeko aurreproiekturako, Buztintxuriko skate- eta parkour-proiektuetarako eta softbol-zelaian itxitura jartzeko.

Aurrekontuaren % 37, gizarte-gastuetarako, eta % 24,5, hiri finkatua hobetzeko 
Alkateak hitza hartu duenean nabarmendu du Udalak 2026an gastatuko duen zenbatekoaren % 37 gastu sozialera bideratuko dela, eta bertan, gizarte-ekintzako zenbatekoa ez ezik, Etxebizitzara, Haur Eskoletara, Gazteriara, Garapenerako Lankidetzara eta kultura- eta kirol-sustapenera bideratutako partidak ere sartuko direla. Bestalde, guztizko aurrekontuaren % 24,53 hiri finkatua hobetzeko eta etorkizuneko hiria bultzatzeko erabiliko da, eta hor sartuko dira auzoetako planetarako zuzkidurak, mugikortasun-proiektuak eta zerbitzuak hobetzen jarraitzeko apustua –garbiketa- eta osasun-zerbitzuak kasurako–. Azkenik, aurrekontuaren % 17,6 erabiliko da bizikidetzaren hiriaren oinarriak ezartzeko, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorraren bidez.

Hain zuzen ere, iazko aurrekontuekin alderatuta, Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorrekin lotutako zuzkidurek egin dute gora gehien; izan ere, garbiketa-lanen, hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanen kontratei bideratutako inbertsioek % 22 egin dute gora (64,52 milioi euroko inbertsioa guztira); Bizikidetzako eta Herritarren Segurtasuneko partidak, berriz, % 18 egin du gora (51,66 milioi euroko inbertsioa guztira), besteak beste, material berria erosi eta Eremu Urdineko kontrata berritu baita. Gizarte Ekintzako partidak izan du gorakadarik handiena: % 10 (30,7 milioi euroko partida guztira); Giza Baliabideetarako partidak, berriz, % 13 egin du gora (37,4 milioi euroko partida guztira).

Beste alor batzuei dagokienez, zuzkidura hauek dira nabarmenenak: sortu berri den Hezkuntzako, Herritarren partaidetzako eta Euskarako Alorra, 25,6 milioi euro; Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorra, 23,2 milioi euro; Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorra, 14,6 milioi euro; Ogasuneko, Kontratazio Publiko Arduratsuko Alorra, 12,5 euro eta Gerentziak eta Aholkularitza Juridikoa, 10,3 milioi euro. Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorrera, berriz, 9,2 milioi euro bideratuko dira, Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorrera, 7,5 milioi euro, Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorrera, 4,1 milioi euro, eta Alkatetzara 2 milioi euro.

Gastu gehienak, langileendako eta gastu arruntetarako; diru-sarrerak, berriz, kapital-transferentzietarako
Gastu-partidei dagokienez, hiriko langileen eta kostu arrunten eta zerbitzuen batura (1. eta 2. atalak) aurrekontuaren % 75,86 da. 122,4 milioi euro aurreikusi dira langileriarako eta 100,46 milioi euro, gastu arrunterako.

Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergei esker, 64,8 milioi euro bildu dira, 2025eko aurrekontuetarako aurreikusitakoa baino % 10,7 gutxiago (4,46 milioi euro); Beherakada hori Nafarroako Gobernuak JEZari buruz sortutako kontabilitate-irizpideen ondorioz gertatu da. Hala ere, beherakada hori beste administrazio batzuen transferentzia arruntekin konpentsatzen da (batez ere Foru Gobernuak ematen dituenekin); izan ere, 13, 25 milioi euroan egin dute gora transferentziek, guztira 145 milioi euro. 

Zeharkako zergak 10 milioi euroan mantendu dira, eta tasak, prezio publikoak eta beste diru-sarrera batzuk % 1,5 igoko dira, 40,6 milioi eurotara heldu arte. Bestetik, inbertsioak besterentzeari, hau da, udal-ondasunak eta -lurrak saltzeari esker lor litezkeen diru-sarrerak 22 milioi eurokoak izanen lirateke, aurten aurreikusitakoak baino askoz gehiago (6,99 milioi euro).

Kapital-transferentziarekin lotutako diru-sarrerak jaitsi dira gehien, 20,06 eurotik 2,06 eurora; 17,99 milioi euroko beherakada da hori. Europar Batasuneko Next Generation funtsak bukatu izana da beherakada horren arrazoi nagusia.

Egutegi bat sortu da, Aurrekontuak urtarrilaren 1ean indarrean sartzeko
Tokiko Gobernu Batzarraren onespenari jarraikiz, Lehendakaritza Batzordearen ezohiko hainbat saio aurreikusten dira ostiralean eta datorren astelehenean, udal-taldeetarako partidak xehe-xehe ezagutzera emateko. Azaroaren 14an (ostirala), 09:00etan, Lehendakaritza Batzordearen menpeko alorren partidak aztertuko dira; egun horretan bertan, 12:00etan, Herritarren Aferen Batzordearen menpeko alorren partidak, eta azaroaren 17an (astelehena) 09:30ean, Hirigintzaren menpeko alorren partidak. 

2026ko aurrekontuak hasiera batez onetsiko dira azaroaren 27rako (osteguna) aurreikusten den osoko bilkura berezian. Aurrekontu-akordioa ostiralean sinatu zuten EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek, eta horri esker, aurrekontuak onesteko gehiengoa bermatu zuten. Hala, aurreikuspenen arabera, aurrekontuak 2026ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.
 

¿Te ha sido útil esta página?