Aurkeztu da Iruñean bide publikoan instalatu den lehen kardiobabeserako ekipamendu-dorrea, odoljarioak eteteko kita ere baduena

Aurkeztu da Iruñean bide publikoan instalatu den lehen kardiobabeserako ekipamendu-dorrea, odoljarioak eteteko kita ere baduena
Pio XII.aren etorbidean dago, eta Udalaren eta Nafarroako Erizainen Elkargoaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker instalatu da
torre de cardioprotección de Pamplona

Gaur eguerdian aurkeztu da Iruñean bide publikoan instalatu den lehen kardiobabeserako ekipamendu-dorrea, odoljarioak eteteko kita ere baduena. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Enrique Maya Iruñeko alkateak, Arantxa Osinaga Nafarroako Erizainen Elkargoko lehendakariak, Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak, Patxi Fernández Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendariak, Kiko Betelu Nafarroako Larrialdietako zuzendariorde eta Bizi Larrialdiko arretako zuzendari teknikoak, Elkargoko Gobernu batzarreko hainbat kidek eta hainbat osasun-agintarik eta auzotarrek. Dorrea Pio XII.aren etorbideko espaloian dago, Maeztu pintorearen kaleko 4. zenbakiaren parean, Erizaintza Elkargoaren egoitzaren aurrean.
 

Nafarroako Erizainen Elkargoak eta Iruñeko Udalak azaroan sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker instalatu da. Kontuan hartu da gaixotasun koronarioek eragiten dutela Espainian heriotz gehien, eta horietatik kardiopatia iskemikoak eragindako bat-bateko heriotza dela ohikoena. Hori horrela, desfibriladorea eskura izatea hil ala bizikoa da. Aurkezpenean azaldu den moduan, prestakuntza sanitariorik gabeko pertsonek ere erabiltzen ahal duten gailu hau izateak bizitzak salbatzen lagun dezake. Iruñean bultzatu den jarduketa hau gaiarekin sentsibilizatuta dauden Europako beste hiri batzuetan gauzatutakoaren antzekoa da.
 

Edozein pertsonak erabil dezake dorrea
 

Herritarren eskura egonen da urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan. Dorreak desfibriladore erdiautomatiko bat (DESA) du, edozein herritarrek erabiltzen ahal duena bihotz-geldialdi bat ikusiz gero, eta 112ra deitzeko telefono geolokalizatu bat, bihotz-biriketako berpizteari ekin bezain laster larrialdi zerbitzuei dei egiteko, edo hala behar izanez gero, desfibriladorea erabiltzeko laguntza eskatzeko. Aurkezpenean erabileraren erakustaldi praktikoa egin da.
 

Iruñean instalatzen den era horretako lehen dorrea da, eta berrikuntza gisa hemobabeserako kit bat ere badakar. Kit hori odoljarioak eteteko  materialak ditu: muturreko larritasun egoeretarako azken belaunaldiko tornikete bat, eta konpresiozko bendaje bat.
 

Era berean, Nafarroako hiriburuan lehen aldiz, kardiobabeserako dorrea non dagoen seinaleztatuko da, oinez DESA dagoen tokiraino gehienez ere minutu batean iritsi ahal izateko moduko distantzian.
 

Elkargoak dorrearen erabilerari buruzko prestakuntza emanen die inguruko kolektiboei
 

Bi erakundeen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenarekin bat, Iruñeko Udalak lurzoru publikoa jarriko du dorrea ezartzeko, elektrizitatearen hargunea eta hornikuntza ere barne. Seinaleak jartzeaz ere arduratuko da. Bestalde, Erizaintza Elkargoak  bere gain hartuko ditu dorrea jartzeak eragindako gastuak eta gailuaren mantenuaz ere arduratuko da.
 

Aurkezpen honekin batera hasiera eman zaie Nafarroako Erizainen Elkargoak 2020an antolatuko dituen jarduerei, izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Urte izendatu du 2020a. Kardiobabeserako dorrearen instalazioaren osagarri, Elkargoak erabilerari buruzko ikastaroak emanen dizkie hurrengo hilabeteetan inguru horretako kolektiboei, hala nola ostalariei, farmaziei, merkatariei, ikastetxeei eta auzotarrei.
 

Gainera, Nafarroako Gobernuak app bat sortu du, larrialdi kasuan erabiltzailearengandik hurbilen dauden desfibriladore erabilgarriak non dauden jakitea ahalbidetzen duena geolokalizazio sistema baten bidez,   beharrean den pertsonak itxaron beharreko denbora ahalik eta gehien murrizte aldera. Gainera, ‘RAPIDA’ app-ak desfibriladorearen fitxa kontsultatzea ahalbidetzen du, jabea nor den jakitea, eta desfribiladorea eraikin baten barruan badago, bertako ordutegia zein den ere adierazten du.  
 

Iruña, hiri kardiobabestua
 

Era honetan, Iruñeko Udalak urratsak ematen jarraitzen du hiria kardiobabestu bilakatzeko hasitako bidean. Joan den urteko ekainean bat-bateko bihotz-heriotzari aurrea hartzeko 14 gailu jartzeari ekin zion, eta langileei horiek erabiltzeko prestakuntza emateko konpromisoa hartu zuen. Kirolean Bihotza Babestuta proiektuak barne hartzen duen ekimena da, eta helburua da sarbide kontrolatuko kirolgune guztiek kanpoko desfibriladore erdiautomatiko bat edukitzea, legez guztietan hori nahitaezkoa ez bada ere. Desfibriladoreak honako toki hauetan paratuko dira zehazki: udal-kiroldegiak (Arrosadikoa, Azpilagañakoa, Ermitagañakoa, Ezkabakoa, José Mª Iribarrengoa, Mendillorrikoa -trinketea barne-, Sanduzelaikoa zein Arrotxapekoa -atxikitako futbol-zelaia barne-, Lezkairuko zein Sanduzelaiko Udalaren futbol-zelaiak, Labrit pilotalekua, “Caparrosoren errota” piraguismoko udal-zentroa, eta Arantzadi zein Sanduzelaiko udal-kiroldegiak (Aquavox).
 

San Agustin kaleko udal kiroldegian (Aquavox) bazen desfibriladorea, eta ekipamendua beste udal-gune batzuetan ere instalatu da, esaterako, Udaletxean edo Zabalguneko, Milagrosako eta Sanduzelaiko Civivoxetan. Halaber, Iruñeko Udaltzaingoaren APM sindikatuak Herritarren Segurtasuneko Alorreko arduradunei desfibriladore automatiko bat eman zien, udaltzainek eurek erabiltzen dutena.
 

Amaitzeko, asteazken honetan bete du CaixaBankek Iruñeko Udalari Gizarte Ekintzaren bidez lau desfibriladore emateko konpromisoa. Lehena Udalaren Turismo bulegoan jarri zen, eta gainerakoak autobus-geltoki zaharreko nasetan, Ziudadelan eta Descalzoseko igogailuan jarriko dira.

 

¿Te ha sido útil esta página?