Aurelio Sagaseta Iruñeko Katedraleko Musika Kaperako maisu ohiak jaso du bederatzigarren Txondorra saria

Aurelio Sagaseta Iruñeko Katedraleko Musika Kaperako maisu ohiak jaso du bederatzigarren Txondorra saria
Sariak Sagasetaren ibilbide musikal luzea eta Katedraleko Artxiboaren katalogazio- eta digitalizazio-lana aintzatetsi ditu
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia


Gaur, ostiralarekin, Harrera Aretoan, Olentzeroren Lagunen Elkarteak Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin sustatzen duen bederatzigarren Txondorra Saria banatzeko ekitaldia egin da. Aurelio Sagaseta Aríztegui apaiz, musikari, konpositore eta Iruñeko Katedraleko Musika Kaperako maisu ohiak jaso du, bere lanaren bitartez kultura herrikoia eta tradizionala zaintzen eta garatzen lagundu duen pertsona edo erakundea aintzatesten duen saria.

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak eman dio saria, Udalbatzaren ordezkaritza bat bertan zela. Epaimahaiak Aurelio Sagasetari eman dio saria, “ibilbide profesional luzea izateaz gain, katedraleko koruan jende arrunta sartzeagatik, bere txistuarekin herri ekitaldi askotan egindako ekarpenagatik, Nafarroako organoak katalogatzeko egindako lanagatik, kantu tradizionalendako egindako moldaketa eta konposizioengatik eta katedraleko artxibo osoa katalogatu eta digitalizatzeko egindako lanagatik”. Saria igeltsuz eta hautsez eginiko eskultura da, Benito Goñik egindako egur-ikatz zati bat irudikatzen duena.

Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea, Patxi Perez Nafarroako Kazetarien Elkarteko presidentea, Susana Irigaray Museoen Zerbitzuko zuzendaria, Irantzu Vázquez Nafarroako Kutxa Fundazioko kidea, Roldan Jimeno NUPeko idazkari nagusia, Naiara Ardáiz Nafarroako Unibertsitateko kidea eta Laura Igantzi epaimahaikideak ere ekitaldian izan dira.

Aurelio Sagasetaren omenez, Belenen sortu zaigu gabon kanta interpretatu da, Sagasetak berak biolontxelorako eta flautarako moldatua. Fructuoso Texeirak eta Amaia Turumbayk interpretatu dute, Elena Miral Katedraleko Musika Kaperako soprano bakarlariarekin batera. Aurten ere, Olentzeroren Dantza, Pedro Romeok sortutako koreografia interpretatu da sari-banaketan. Olentzerori laguntzeko erabili ohi den doinuan dantzatzen da, dantza tradizionalen pausoetan oinarrituta. Aurten Haizea Romeo eta Esteban Ardanaz dantzariek dantzatu eta Ainara Martinez eta Aitor Urquiza txistulariek jo dute.

Aurelio Sagasetaren biografia
Aurelio Sagaseta Iturenen jaio zen, 1935ean. Apaiztegian sartu zen prestakuntza jasotzeko eta 1960an apaiz ordenatu eta musika erlijiosoan espezializatu zen. Bere lehen kargua Iruñeko Katedraleko Kanonigo-Kapera Maisuarena izan zen, eta 1962an hartu zuen. Urte batzuk geroago, musika ikasketak sakontzera joan zen Erromara, Natale Vasco (1968) obra estreinatu zuen hirira, eta Musika Sakratuan (1970), Gregorianoan (1970) eta Musikologian (1970) lizentziatu zen Pontifize-Institutuan.

Iruñera itzulita, 1971n Pablo Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Konposizio irakasle postua lortu zuen, eta aurrerago, 1985ean, katedra. 1986an eta 1988an kontserbatorioko zuzendari izan zen, eta Eliz Musikologoen Espainiako Elkarteko presidentea izan zen 1992tik aurrera. Música en la Catedral de Pamplona bilduma inprimatuaren zuzendaria ere izan zen. Bertan, Iruñeko katedraleko alderdi musikalaren hainbat azterketa jasotzen dira, bere Musika Artxibo Historikoko partitura argitaragabe batzuen transkripzioa erantsita beti.

Aurelio Sagasetak Nafarroako musika- eta kultura-ondarea sortzen, sustatzen eta zabaltzen lagundu du hainbat hamarkadatan. Horri esker, Nafarroako Abesbatzen Federazioak Urrezko Domina eman zion, ikertzaile gisa egindako lanagatik eta musika korala zabaltzeagatik.

Txondorra sariaren bederatzigarren edizioa
Txondorra saria 2015ean sortu zen, tradizioen eta herri-kulturaren alde lan egiten duten pertsonen edo erakundeen ibilbide profesionala aitortzeko asmoz. Lehen edizio horretan, Lesakako herriari eman zitzaion saria, eta, hil ondoko sari gisa, Andoni Santamaria Juventudes de San Antonio taldearen sortzaileari. 2016an Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoak jaso zuen, eta 2017an, aitortza bikoitza izan zen berriz ere: Juan Antonio Urbeltz etnografoak eta haren emazte Marian Arregik osatutako bikoteari eman zitzaien. 

Txondorra sariaren laugarren edizioa, 2018koa, Pello Apezetxea etnografo, etnologo, idazle eta apaizak irabazi zuen. 2019an epaimahaiak Gabriel Imbuluzqueta kazetaria aintzatetsi zuen, 2020an Fernando Hualde idazle eta ikertzailea eta, 2021ean, Cesáreo Soule harginak jaso zuen. Azken aitorpena, 2022ko abenduan, Balbino García de Albizu ikertzailearendako izan zen.


TXONDORRA SARIA

  • 2015 - Lesakako Herria, eta, hil ondorengoa, Andoni Santamaria Juventudes de San Antonio taldeko sortzailea. 
  • 2016 - Joxe Ulibarrena, eskultore eta etnografoa
  • 2017 - Juan Antonio Urbeltz etnografoa eta Marian Arregi emaztea
  • 2018 - Pello Apezetxea, etnografo, etnologo, idazle eta apaiza
  • 2019 - Gabriel Imbuluzqueta, kazetaria
  • 2020 - Fernando Hualde, idazle eta ikertzailea
  • 2021 - Cesáreo Soule, hargina
  • 2022 - Balbino García de Albizu, investigador
  • 2023 - Aurelio Sagaseta, Iruñeko Katedraleko Musika Kaperako maisu ohia
     
¿Te ha sido útil esta página?