Errege Magoek orgak estreinatuko dituzte. Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak dagoeneko 25 urte daramatza lanean, urtarrilaren 5eko arratsalde-gauean dena prest egon dadin, Maiestateek hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatu eta haurrekin eta familiekin elkartzeko aukera izan dezaten, antolaketa garrantzitsua eta baliabide material ugari –besteak beste, 12 ibilgailu motordun– behar dituen desfile batean.
Hirian lehen kabalkada 1927an egin zen arren, 1998an, duela 24 urte paseatu ziren lehen aldiz Errege Magoak Iruñean barna dortoka, beltxarga eta Bengalako tigre erraldoi banaren gainean; poliestireno hedatuz eginda zeuden, eta beira-zuntzez eta poliester margotuz estaliak. Harrezkero, ukituak eta konponketa txikiak kenduta, ez dira batere berritu. 2023an, Iruñeko Erregeen Kabalkadaren Elkarteak hiru karroza nagusien itxura aldatzea erabaki du, guztira 12 ibilgailu motordunek osatzen duten errege-segizioan.
Horretarako, elkarteak hiru elementuak osorik berritzeko agindu du. Hasiera batean eskalan eta 3Dn modelatu dira, bai animaliak, bai haiekin batera doazen eszenografiak, garapen sinboliko eta gama kromatiko zehatz bati segituz.
Horiek horrela, urtarrilaren 5ean, Frantziako portalearen taula altxagarritik sartuko dira hirira, eta Udaletxea bisitatu eta hiriko ordezkariekin elkartu ondoren, Maiestateek erdialdeko kaleak zeharkatuko dituzte berriro. Iruñeko ekitaldi jendetsuenetako bat da Erregeen Kabalkada. Udalak urtero laguntzen du diruz ekitaldi hori, 55.000 euroko dirulaguntza izenduna emanez. 2023an kopuru horri Kabalkadako karroza preziatuenak berritzen laguntzeko beste 30.000 euro gehitu behar zaizkio, hain zuzen ere Meltxor, Gaspar eta Baltasar garraiatzen dituztenak.