Gaur ireki dira berriro jendearendako Iruñeko Udalak Ziudadelan dituen erakusketa-areto guztiak, deskonfinamendu-prozesuak horretarako bidea eman duenean, eta gaur goizean aurkeztu da jendaurrean ‘Fusioa’ erakusketa: Javier Mina artistaren begirada artega islatzen duten 20 argazkiren uztartzea, triptiko, diptiko eta paneletan multzokaturik daudenak. Erakusketa martxoaren 13rako zegoen aurreikusita hasiera batean, baina bertan behera utzi behar izan zuten alarma-egoera deklaratu zelako.
Goizean, Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta egileak berak aurkeztu dute gaurtik aurrera Bolborategian ikusgai egonen den erakusketa. Ibiltzearen ekintzatik sortutako proposamen artistikoa da, ñabardura hutsal eta garrantzirik gabeko tokiei adi egindako joan-etorrietatik. Egilearen begirada pertsonala da, eta haren bidez zati bisualak uztartu eta emaitza ia piktorikoak lortzen ditu, testura sorta zabalak baliaturik, abstrakziora gerturatzen den multzoa osatzeko. ‘Fusioa’ erakusketa uztailaren 26ra arte bisitatzen ahalko da.
Bolborategia, Arma Aretoa, Mistoen Eraikina eta Labea; lau eraikin horiek daude zabalik gaurtik aurrera, eta fase bakoitzerako ezarri diren edukiera-mugak zainduko dituzte, sarbideetan tenperatura-kontrola egiteaz gain. Maskara jantzita joan beharko da, barnealdean segurtasun-tarteak gorde beharko dira eta eskuak desinfektatzeari buruzko gomendioak bete; horretarako, gel hidroalkoholikoa egonen da bisitarien eskura.
Ziudadelak estalpeko 2.167 m2 ditu erakusketetarako, eta, horrez gain, beste gune batzuk ere baditu inguruko belardietan, elkarren artean lotuak; izan ere, arteari eskainitako hiriko gunerik handienetarikoa da. Areto guztiak sasoi honetan izaten duten ohiko ordutegian egonen dira zabalik, hau da: 18:00etatik 20:30era, asteartetik ostiralera; 12:00etatik 14:00etara eta18:00etatik 20:30era, larunbatetan, eta 12:00etatik 14:00etara, igandeetan eta jaiegunetan.
Argazkilari eta idazle iruindarra
Hauxe ez da Minak Bolborategian erakusten duen lehen lana; izan ere, 2008 amaieran eta 2009 hasieran beste erakusketa bat aurkeztu zuen eraikin berean, ‘Ezin aurreikusizko paisaia’ izenburupean. Ziudadelan ikusgai jarri zuen azken erakusketa ‘Autokatxarreria’ izan zen, egilearen bizitzan barnako ibilbide bat; 2012an ikusi ahal izan zen, Mistoen Eraikinean.
Javier Mina kontalari bat da, sormenaren alderdi ugari uztartzen dituena. Iruñean jaio zen 1950ean, egun Donostian bizi da, eta Literatura Konparatuan lizentziaduna da Sorbonako Unibertsitatean. Iruñean, Donostian, Durangon, Azkarragan eta Logroñon erakutsi dituen bakarkako lanak, baina, horrez gain, sariak eskuratu ditu literaturaren esparruan, besteak beste, Miguel Espinosa Saiakera saria, 2014an, El Ojo del Cíclope lanagatik, eta Nafarroako Gobernuko Saiakera saria, 2008an, Tigres de papel (Los tiranos literarios) lanari esker. Orduz geroztik beste zazpi lan argitaratu ditu, horietako azkena En busca de la inmortalidad, Berenice, 2019an.
Erakusketak Ziudadelan
ARMA ARETOA
- Ber-Ikusketak - Bakarrik dago inork behatzen dion hori
- Ekainak 2 – irailak 6
LABEA
- Juan Gorriti – Araitz bailaratik Iruñeko Ziudadelara
- Ekainak 2 – 21
BOLBORATEGIA
- Javier Mina - Fusioa
- Ekainak 2 – Uztailak 26
MISTOEN ERAIKINA – Beheko solairua
- Mayte Vélaz – Abiada hartu, salto egin eta besarkada bat eman
- Ekainak 2 – Uztailak 19
MISTOEN ERAIKINA - 1. solairua
- Imanol Bengoetxea - Artista
- Ekainak 2 – Uztailak 19
ZIUDADELAKO BARRUTIA (kanpoaldean)
- Mikel Belascoáin - Poema
- Juan Gorriti
- Ekainak 2 – 21