Astelehenetik aurrera eman daiteke izena Ingurumen Hezkuntzako Museoak abuztuaren 6tik 9ra taldeentzat antolatuko dituen ingurumen-lantegietarako

Astelehenetik aurrera eman daiteke izena Ingurumen Hezkuntzako Museoak abuztuaren 6tik 9ra taldeentzat antolatuko dituen ingurumen-lantegietarako
Doako lantegiak dira, Arantzadiko parkea ezagutzeko, landareen sekretuen berri izateko edo esploratzaile bihurtzeko

Ingurumen Hezkuntzako Museoak abuztuaren 6tik 9rako asterako antolatu ditu hiru lantegi, elkarte, kolektibo, udako ludoteka, dibertsitate funtzionala lantzen duten entitate eta abarretan dabiltzan haur-, gazte- zein heldu-taldeei zuzenduta. Izena astelehenetik aurrera ematen ahalko da, 948 420 984 telefonoan edo museoambiental@pamplona.es helbide elektronikoan. 

Lantegiak lau egunetan egingo dira, eta egun bakoitzean bi taldek eman ahalko dute izena. Hauxe izango da ordutegia: 10:00etatik 11:30era eta 11:30etik 13:00etara. Zortzi lagun behar dira taldeak osatu ahal izateko. Hiru lantegi eskaintzen dira: Esploratzaile txikiak, Arantzadiko zentzumenak eta Inguratzen gaituzten landareen sekretua. Esploratzaile txikiak izenburukoa 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, erakutsi nahi die nola laguntzen diguten zentzumenek ingurua modu dibertigarrian esploratzen. Arantzadiko zentzumenak, 8 eta 14 urte bitartekoentzat, Arantzadiko parkean ezkutatuta dagoen bizitza ezagutaraztekoa da. Eta azkenik, Inguratzen gaituzten landareen sekretua 14 urtetik gorakoentzat eta helduentzat da, eta horretan irakatsiko dira landareen ezaugarriak, eta gero, erlaxatzeko den zakutxo bat egingo da.

Helburu bikoitza dute lantegiek: alde batetik, parte-hartzaileak jolas-jarduera atsegin batez gozatzea nahi da, eta, bestetik, ingurumenaren inguruan ikastea, gogoeta egitea eta horrek guztiak parte-hartzaileen ekimena bultzatzea. Lantegiak garatzeko dinamikak manipulatiboak, esperimentalak, bizipenetan oinarritutakoak eta partizipatiboak izango dira. Jarduerak diseinatzean parte-hartzaileen gozamena izan da ardatza, eta ikaste kolektiboa bultzatzeko nahia ere aintzat hartu da, bai eta errespetuzko eta sentsibilizazioko jokabideak ere. 
 

¿Te ha sido útil esta página?