Astelehenean, sanferminetako azken egunean, San Ferminen Zortziurrena, Erraldoi eta Buruhandien agurra, Mazedonia Kulturen Kalejira eta Sorotan Bele Gogoan taldearen kontzertua eginen dira

Astelehenean, sanferminetako azken egunean, San Ferminen Zortziurrena, Erraldoi eta Buruhandien agurra, Mazedonia Kulturen Kalejira eta Sorotan Bele Gogoan taldearen kontzertua eginen dira
2025eko sanferminei amaiera emateko, Gaixoa ni abestuko da gauerdian: txupinazoa jaurtitzeko hautagaiek hartuko dute parte




Hauek izanen dira 2025eko sanferminetako azken eguneko lehen ekitaldiak: dianak egunsentian eta azken entzierroa Miura ganadutegiko zezenekin. Uztailaren 14an, astelehenarekin, kolore gorriz eta zuriz betetako 204 orduko jaiak amaituko dira, eta horretarako, ekitaldi hauek antolatu dira, besteak beste: San Ferminen Zortziurrena, Erraldoi eta Buruhandien agurra, Mazedonia Kulturen Kalejira, Sorotan Bele Gogoan taldearen kontzertua eta Su Artifizalen Nazioarteko Lehiaketaren azken bilduma; gauerdian Gaixoa ni abestuko da, aurtengo sanferminei amaiera emateko.

09:30ean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa Ezpeletaren jauregitik aterako da, eta Udalbatzaren bila abiatuko da; izan ere, Udalbatza hiri gorpuztuaren segizioan aterako da, eta 10:45ean, San Ferminen Zortziurrenean parte hartuko du. Segizioa San Lorentzo elizara helduko da, eta bertan ospatuko den mezara bertaratuko da: Katedraleko Musika Kapera eta Ganbera Orkestra arduratuko dira musikaz. Ondoren, Udalbatza hiri gorpuztuaren segizioan itzuliko da Udaletxera, eta Duguna Iruñeko Dantzariek eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak hiriaren omenez dantzatuko dute.

Dantzen ondoren, haurrek adioa emanen diote Erraldoien eta Buruhandien Konpartsari. Musika, gozokiak, agurrak, dantzak, txupeteak eta musuak izanen dira protagonista, eta haurrek konpartsari agur esanen diote, irailera arte. Uztailaren 12ko euriaren ondorioz, konpartsaren irteera bertan behera geratu zen, eta trantze txar hori ahazteko asmoz, buruhandiak eta kilikiak Udaleko balkoietara aterako dira, eta ikuskizun paregabea antolatu da konpartsari amaiera emateko.

Haurrendako guneak, herri-kirolak, jotak eta musika-taldeak
Era berean, egun horretan bertan, Media Lunako, Taconerako eta Askatasun plazako haurrendako eta familiendako guneak itxiko dituzte. Media Lunako lubanarroetako Kirolari-Sport Kids gunean azken kirolak eginen dira, 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Halaber, uztailaren 14an zabalik egonen dira Askatasun plazako Hauek festak, hauek! guneko atrakzioak eta jolasak eta Taconera parkeko Birjolastu guneko birziklapena eta jasangarritasuna sustatzeko jarduerak, 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. 

Erriberakoak izanen dira protagonistak Jota-soinuak zikloko azken kontzertuan: eguerdian izanen da, Sarasate pasealekuan; bestalde, Añorbeko Musika Bandak emanen die amaiera Gurutzeko plazan egin den kontzertu-zikloari, zeina 13:00etan egin ohi den. Halaber, uztailaren 14an Nafarroako Txinga-erute Txapelketa eta Motozerralarien XXV. San Fermin Saria izanen dira Foruen plazan. 

Arratsaldez, kalejira, zezenak eta gazteendako eremua
Arratsaldez, 17:30ean, mandakoen eta musika-banden azken desfilea izanen da, Udaletxe plazatik zezen-plazaraino; hain zuzen ere, zezen-plazan emanen zaio amaiera sanferminetako Zezen-feriari, 18:30ean: Manuel Escribano, Damián Castaño eta Jesús Enrique Colombo toreroek Sevillako Miura ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte. 

Koloreak, musika eta kultur aniztasuna ere protagonista izanen dira sanferminetako azken egunean: Duela 7 urtetik hona ohikoa den moduan, Mazedonia Kulturen Kalejira antolatu da: hogeita hamar bat elkarte Kale Nagusiaren eta San Lorentzo kaleen elkargunetik abiatu eta Udaletxe plazan, Mercaderes kalean eta Txapitela kalean barna ibiliko da. Gazteluko plazan amaituko da kalejira: 20:00etan aurreskua eta sokadantza bat dantzatuko dute. 

19:00etan, Foruen plazako Gazteendako Eremua irekiko dute: 12 urtetik gorakoendako animazioa, jolasak, lantegiak eta musika-emanaldiak eskainiko dira. Jarduera hauek antolatu dituzte jaietako azken arratsalderako: ur-puzgarriak, herri-kirolen lantegi bat eta zuzeneko musikaren mini-jaialdia; honako hauek izanen dira jaialdian: Eider eta Guayre, River Newt, Holi festa eta Sangalo DJaren emanaldia. Askatasun plazan, 20:00etan, Teatro Firulete taldeak El misterio de la casa encantada interpretatuko du txotxongiloen laguntzaz; Gurutzeko plazan, berriz, mariatxien kontzertua izanen da ordu horretan bertan, Mexikoko Mariachi Internacional de Méxicoren eskutik.

Gauez, musika, kontzertua, su artifizialak eta Gaixoa ni
Arratsalde-gauari hasiera emateko, sanferminetako egun guztietan aritzen diren gaita- eta txistu-dantzaldi tradizionalek Gazteluko plaza girotuko dute 21:00etatik aurrera; 21:45etik aitzina, berriz, zezensuzkoen txanda izanen da: San Domingo aldapan, Udaletxe plazan eta Kale Berrian barna ibiliko dira. Bi ekitaldi horiek Sorotan Bele Gogoan taldearen kontzertuaren atarikoak izanen dira: 22:00etan izanen da, Gazteluko plazan; kontzertuaren bidez, omenaldia eginen zaio 90.eko hamarkadako euskal talderik adierazgarrienetako eta ezagunenetako bati, eta jatorrizko kideetako batzuk egonen dira eszenatokiaren gainean. Eta 23:00etan, su artifizialen azken bilduma jaurtiko dute Ziudadelatik: Silvia Vivar Doradoren (Griñón, Madrid) Noche de verano izeneko proposamena izanen da, eta Discomfa SL enpresak ekoitzi ditu suak.

Eta 12:00etan, Gaixoa ni abestuko da uztailaren 6an txupinazoa jaurti zen Udaletxeko balkoi beretik. Iruñeko Gaiteroak eta AFAN elkartea bigarren eta hirugarren geratu ziren aurtengo txupinazoa nork jaurtiko zuen aukeratzeko herri-bozketan, eta hain zuzen ere, bi elkarte horietako ordezkariek emanen diete amaiera aurtengo sanferminei, baita 2026ko sanferminetarako gutxiago falta dela gogorarazi ere. Halaber, Gaixoa ni ekitaldian izanen dira Yala Nafarroa con Palestinako kide batzuk, Alberto Gurrea eta Carmen Pérez Larraya, Juan José Martinena Ruizen hautagaitzaren bozeramailea. 

Udaletxeko plazan ohiko leloak abestuko dira:  “Pobre de Mí, Pobre de Mí, que se han acabado las fiestas de San Fermín” eta “1 de enero, 2 de febrero, 3 de marzo…”. Traka batek Burgoen plazatik emanen die amaiera festei.
 

¿Te ha sido útil esta página?