Astelehenean, apirilak 29, Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak berriz egingo du hauteskunde-mahaietako 810 kideak hautatzeko zozketa, oraingoan heldu den maiatzaren 26an izango diren tokiko, erkidegoetako eta Europako hauteskundeetarako. 09:00etan hasita, zozketa bidez jakingo da nortzuk arduratuko behar diren hiriko 270 hauteskunde-mahaiez, igandean Hauteskunde Orokorretarako izango diren kopuru beraz, alegia. Berriro, guztira 810 lagun izendatuko dira (270 mahaiburu eta 540 mahaikide) mahaian titular aritzeko, eta horrez gain, 1.620 ordezko (540 mahaiburu eta 1.080 mahaikide). Osoko Bilkura berezia izango da, 09:00etan hasiko da, eta gai-zerrendan ez dago besterik.
Pertsona horiek adinez nagusi eta 70 urtetik beherakoak direnen artean hautatuko dira, betiere irakurtzen eta idazten baldin badakite. Prozedura bera errepikatuko da berriro hautesle guztien artean, apirilaren 28an mahaikide izatea egokitu izana gorabehera. Igandeko Hauteskunde Orokorretarako mahaietarako zozketan ez bezala, zerrendan sartuko dira hauteskunde hauetarako erroldan dauden atzerritarren izen-abizenak; izan ere, maiatzekoetan botoa eman dezakete tokiko hauteskundeetan, Europakoetan edo bietan. Guztira 152.012 boto-emaile daude; horien artean udal-hauteskundeetan eta Europakoetan botoa eman dezaketen 412 atzerritar daude, udalekoetan bakarrik bozkatu dezaketen 396 eta Europakoetarako botoa besterik eman ez dezaketen beste 98.
Izendatutako guztiek jarraibide-eskuliburua jasoko dute jakinarazpen ofizialarekin batera. Heldu den maiatzaren 26ko hauteskunde orokorretarako 23 hautesleku izango dira zabalik Iruñean, 08:00etatik 20:00etara.
Zozketaren nondik norakoak
Prozedurak bi parte ditu. Osoko Bilkuran, Joxe Abaurreak, Osoko Bilkurako idazkariaren ezkerrean dagoen zinegotziak, bederatzi txandatan, zenbakitutako launa bola aterako ditu, horiekin bederatzi zenbaki osatzeko. Lehenengo zenbakiak mahaiburua izendatuko du; bigarrenak, mahaiburuaren ordezkoa, eta hirugarrenak, bigarren ordezkoa. Halaber, laugarren zenbakiak lehen mahaikidea izendatuko du, eta bosgarrenak eta seigarrenak haren ordezkoak; zazpigarren zenbakia bigarren mahaikidearena izango da, eta zortzigarrena eta bederatzigarrena, haren ordezkoenak. 0000 da balio ez duen konbinazio bakarra, eta hori ateraz gero, berriro atera beharko lirateke lau bola.
Hortik aurrera, bigarren fasea hasten da: zozketa egiten da prozedura-informatiko baten bidez (tresna: hauteskunde-mahaien eraketa eta jakinarazpena). Zenbakiak –karguei esleituak– aplikazio informatikoan sartzen dira, eta horrek Iruñeko hauteskunde-mahai bakoitzeko bederatzi kideen izenak emango ditu. Emaitzak inprimatzeko etenaldiaren ostean, prozeduraren ondorioz lortutako zerrenda onetsiko du Osoko Bilkurak, eta idazkariak sinatuko.
Hortik aurrera jakinarazpena egingo zaie izendatutakoei. Hasiera batean hautatutakoek alegazioak aurkezteko epearen ostean izendapen berririk egin behar bada, Osoko Bilkura horretan bertan ateratako zenbakiak oinarri hartuta egingo da.
Astelehenean bertan, edozein herritarrek kontsultatu ahalko du mahaikide izateko hautatua izan den, NAN zenbakiaz, www.pamplona.es webgunean edo 010 herritarrendako arreta telefonoan.