Astelehenean irekiko da Gurutzeko plazaren berrurbanizazioari eta Zangoza kaleko lurpeko aparkalekuari buruzko herri-kontsulta

Astelehenean irekiko da Gurutzeko plazaren berrurbanizazioari eta Zangoza kaleko lurpeko aparkalekuari buruzko herri-kontsulta
Telematikoki (www.pamplona.es/eu), telefonoz (010 – 948 420 100) eta aurrez aurre (Mikael aretoan eta Zabalguneko Civivoxaren areto zaharrean) parte hartu ahal izanen da
Fitxategi

foto

 

II. Zabalgunean urtebete baino gehiago erroldatuta daramaten 16 urtetik gorakoek eta etxebizitzen jabeek, eta, eragin-eremuaren barruan dauden saltoki eta enpresak irekitzeko lizentzien titularrek parte hartzen ahalko dute, Gurutzeko plazaren berrurbanizazioari eta Zangoza kaleko lurpeko aparkalekuari buruz astelehenean irekiko den herri-kontsultan. Kontsulta –ez da loteslea izanen– abenduaren 17ra arte (igandea) egonen da zabalik.  

Telefonoz, telematikoki eta aurrez aurre parte hartzen ahalko da. Telefonoz, 010 – 948 420 100 zenbakira deitzen ahalko da, zerbitzuaren ordutegian: abenduaren 11ko (astelehena) 09:00etatik abenduaren 16ko (larunbata) 13:30era. Aurrez aurre, guneak gaituko dira hala Zabalguneko Civivoxean (Nafarroako Blanca pl. 9) nola antzinako Mikael aretoan (Bergamin k. 17). Bertan udal-teknikariak egonen dira kudeaketa errazteko. Abenduaren 11, 12, 13, 14 eta 15ean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara parte hartzen ahalko da, eta larunbatean, 10:00etatik 13:00etara. Telematikoki, www.pamplona.es/eu webgunearen bidez parte hartzen ahalko da, abenduaren 11ko (astelehena) 09:00etatik abenduaren 17ko (igandea) 20:00etara. 

Erroldatutakoek eta etxebizitzen jabeek NANa aurkeztu beharko dute parte hartzeko, eta saltoki eta enpresendako beharrezkoa izanen da irekitzeko lizentziaren zenbakia eta sinadura elektronikoa. Proiektu horien eragin-eremutzat hartuko da kale hauek mugatzen duten eremua: Karlos III.aren etorbidea, Nafarroa Behereko etorbidea, Zaragozako etorbidea, Galizia etorbidea eta Amaiurko Gazteluaren kalea. Erroldatutakoen eta jabeen kasuan, emaitzak bereizi eginen dira, eragin handiagoko eremu horretako berariazko emaitza kontuan hartzeko. Informazio guztia kontsultatzen ahal da dagoeneko Udalaren webgunearen sortu den berariazko gunean, https://www.pamplona.es/eu/consulta-ciudadana-2023 URLan.

Bost galdera bitarte
Kontsultan galdera batzuk daude Gurutzeko plazaren berrurbanizazioari buruz eta Zangoza kaleko lurpeko aparkalekuari buruz, eta parte-hartzaileei autorik edo motorrik baduten galdetuko zaie. Lehengo bi galderetan ‘Baldintzen arabera’ erantzuteko aukera eskainiko da. Horregatik, kontsultak beste bi galdera espezifikoago proposatuko ditu, erantzun zehatzago baten baldintzapean dauden baiezkoaren edo ezezkoaren arrazoiak ezagutzeko.

Lehenengoak honako hau galdetzen du: “Ados zaude Gurutzeko plaza eta inguruko kaleak berrurbanizatzearekin, plazaren erdiko zuhaitzak mantenduta?” Eta hiru erantzun daude aukeran: “Bai, edonola ere”, “Ez, inola ere ez” eta “Baldintzen arabera”. Azken hori aukeratuz gero, beste galdera zehatzago bati erantzun beharko diote, eta hauek izanen dira aukerako erantzunak: “Bai, lur gaineko aparkatzeko tokiak murrizten badira”, “Bai, betiere Zangoza kalean lurpeko aparkaleku bat eraikitzen bada”, “Ez, Zangoza kalean lurpeko aparkaleku bat eraikitzen bada” edo “Ez, aparkatzeko tokiak murrizten badira”.

Bigarren galderak Zangoza kalean lurpeko aparkaleku bat eraikitzearekin ados dauden galdetuko du. Aurreko galderako dinamika errepikatuko da: “Bai, edonola ere”, “Ez, inola ere ez” eta “Baldintzen arabera”. Hirugarren aukera horrek, erantzun zehatzago batzuetara bideratuko ditu: “Bai, prezioa eskuragarria bada”, “Bai, Gurutzeko plaza berrurbanizatzen bada eta horrekin batera lur gainean aparkatzeko tokiak galtzen badira”, “Ez, ez bada Gurutzeko plaza berrurbanizatzen” eta “Ez, baina ados egonen nintzateke gertuko beste leku batean jartzearekin”.

Hirugarren eta azken galderari “bai” edo “ez” batekin erantzuten ahalko zaio, eta parte-hartzaileek kotxerik edo motorrik baduten jakitea da xedea.

Gurutzeko plazako erdiko zuhaitzak mantenduko dira
II. Zabalguneko eremu hori berrurbanizatzeko lanek Gurutzeko plazari eta inguruko kaleei eraginen liekete, hau da, Navarro Villoslada, Francisco Bergamín eta San Fermin kaleei. Plazako zuhaitzei ez die eraginen eta espaloi bakoitzean zuhaitz-ilara bat paratuko da txorkoetan, eta egurrezko bankuak, metalezko banku makurrak eta altzairuzko lore-askak jarriko dira. Gurutzeko plazako BHIko espaloia bizikidetza-eremu bihurtuko da, eta lur gainean aparkatzeko tokiak kenduko dira. Plazaren beste hiru aldeetako tokiak ilaran aparkatzeko toki bihurtuko dira, eta eraikinetatik gertuen dauden espaloietan kokatuko dira.

Zangoza kaleko lurpeko aparkalekuaren proiektuan lau solairutako azpiegitura bat deskribatzen da, 346 aparkaleku-plaza dituena. Ibilgailuak sartzeko eta ateratzeko sarbideak Tafalla kalean kokatuko lirateke, espaloiaren ondoan, Zangoza kaletik gertuen dagoen aldean. Aparkalekuak igogailuz hornitutako bi irteera izanen lituzke oinezkoendako: bata Gurutzeko plazan eta bestea Zangoza eta Tafalla kaleen arteko bidegurutzetik gertu.

Bi proiektuak emakida- eta obra-kontratu misto baten bidez lizitatu ziren, 13.735.868 euroan. Iruñeko Udalak gastu horren 2.579.330 euro hartuko lituzke bere gain, plaza eta inguruko kaleak berrurbanizatzekoak bakarrik. Gainerakoa, 11.156.538 euro, aparkalekuaren kudeaketaz arduratuko den adjudikaziodunak jarriko luke, 75 urterako emakida baten bidez, Udalari urtero ordaindutako kanon baten truke. Bi proiektuak egiteko epea 22 hilabetekoa zen: lehenengo 12ak, aparkalekua eraikitzeko, eta hurrengo 10ak, Gurutzeko plaza eta inguruko kaleak berrurbanizatzeko.

Ekainean, aparkalekuaren kudeaketa eta eraikuntza Galizia etorbideko Garajeen Jabeen Elkarteari adjudikatu zitzaizkion. Obrak uztailean hastekoak ziren, sanferminen ondoren, baina jaiak amaitu eta hilabete igaro baino lehen, Iruñeko Udalak bertan behera utzi zituen, Gurutzeko plazako berrurbanizazio-lanei heltzeko politikarien eta herritarren babes nahikoa izanen zuen konponbide bat lortzen saiatzeko.

 

HERRI-KONTSUNAREN GALDERAK

•    1. Ados zaude Gurutzeko plaza eta inguruko kaleak berrurbanizatzearekin, plazaren erdiko zuhaitzak mantenduta?
a)    Bai, edonola ere. (Joan 2. galderara)
b)    Ez, inola ere ez. (Joan 2. galderara)
c)    Baldintzen arabera. (Joan 1.1. galderara)

•    1.1. Ados zaude Gurutzeko plaza eta inguruko kaleak berrurbanizatzearekin, plazaren erdiko zuhaitzak mantenduta?
a)    Bai, lur gaineko aparkatzeko tokiak murrizten badira.
b)    Bai, betiere Zangoza kalean lurpeko aparkaleku bat eraikitzen bada.
c)    Ez, Zangoza kalean lurpeko aparkaleku bat eraikitzen bada.
d)    Ez, aparkatzeko tokiak murrizten badira.

•    2. Ados zaude Zangoza kalean lurpeko aparkaleku bat eraikitzearekin?
a)    Bai, edonola ere. (Joan 3. galderara)
b)    Ez, inola ere ez. (Joan 3. galderara)
c)    Baldintzen arabera. (Joan 2.1. galderara)

•    2.1. Ados zaude Zangoza kalean lurpeko aparkaleku bat eraikitzearekin?
a)    Bai, prezioa eskuragarria bada.
b)    Bai, Gurutzeko plaza berrurbanizatzen bada eta horrekin batera lur gainean aparkatzeko tokiak galtzen badira.
c)    Ez, ez bada Gurutzeko plaza berrurbanizatzen.
d)    Ez, baina ados egonen nintzateke gertuko beste leku batean jartzearekin.

•    3. Baduzu autorik edo motorrik?
a)    Bai.
b)    Ez.

¿Te ha sido útil esta página?