
Gaztediaren Etxeak 952 leku eskainiko ditu neguko 37 informatika-ikastaroetan eta 12 informatika-lantegietan. Azaroaren 17an, astelehenarekin, irekiko da epea prestakuntzan izena emateko: 14 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta dago eta urteko lehen hiruhilekoan, urtarriletik martxora bitarte, eginen da. Izena emateko Gaztediaren Etxera joan behar da, NANarekin, eta egin nahi den ikastaroa ordaindu.
Proposamenak 5 arlo tematiko ditu ardatz: kirol-jarduerak; dantza eta adierazpena; estetika eta ongizatea; kultur ikastaroak eta garapen pertsonal eta profesionalekoak; eta doako informatika-lantegiak. Negu honetan hainbat dantza mota aukeratzen ahalko dira, hala nola sabel-dantza, afrodancea, dantza latinoak, hip hopa, dancehalla eta dantza garaikidea eta modernoa. Hainbat kirol-jarduera ere izanen dira aukeran: intentsitate altuko entrenamendua, GAPa, zumba fitnessa, hipopresiboak eta cross traininga, besteak beste. Horiez gain, aukera egonen da modako, yogako, makillajeko eta estetikako ikastaroak egiteko, baita ikatz-ziriz marrazteko eta neguko sukaldaritzako ikastaroak ere.
Izena emateko epea astelehenean irekiko da, eta Iruñean erroldatuta dauden edo Iruñeko ikastetxeetan ikasten duten 14 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta dago. Baldintza horiek betetzen ez dituztenek edo 31 eta 35 urte bitarte dituztenek azaroaren 24tik aurrera ematen ahalko dute izena. Izena emateko epea abenduaren 31n amaituko da. Ikastaroen prezioa 7,35 eurotik 45,60 eurora bitartekoa da, ordu-kopuruaren arabera eta izena ematen duenaren adinaren arabera. 14 eta 17 urte bitarteko gazteek prezio berezia dute.
Ikastaro berriak hiruhileko honetarako
Berritasunak daude datorren hiruhilekoko ikastaro-eskaintzan. Kaleko argazkilaritzako ikastaroan, asteartetan, funtzioak optimizatzeko kamera nola maneiatu irakatsiko da modu praktikoan. Xedea da ikasleek beren argazki-kamerak erabiltzen ikastea, gailuak dituen funtzio eta aukera guztiez baliatuta, baita ikuspegi kritikoa garatzea ere, argazkilaritza adierazpen eta eraldaketa pertsonal eta sozialerako tresna gisa erabil dezaten. Bada beste berritasun bat: jendaurrean hitz egiteko gaitasuna jorratzeko ikastaro bat. Ostiraletan eginen da, eta ahotsa modulatu eta proiektatzeko, arnasketa lantzeko eta ahoskatzeko jarraibideak emanen dira.
‘Sortu zure animaziozko pertsonaiak pausoz pauso’ ikastaroan, hainbat marrazketa-teknika landuko dira asteazkenetan. Askotariko ariketen bitartez bakoitzak bere animaziozko pertsonaiak sortu eta diseinatuko ditu. Figurak eta gorputzaren proportzioak eraikitzeko, bai eta koloreari eta haren aplikazio artistikoari buruzko teknikak ikasiko dira. Laugarren berritasuna sorkuntza kolektiboko lantegi bat da, asteazkenetan ere bai. Topaketarako eta sorkuntza eszenikorako gune bat izanen da, eta bertan gazteek adierazteko, partekatzeko eta pieza eszeniko bat kolektiboki sortzeko gune bat izanen dute.
Gainera, neguan, Dantza komertzialeko ikastaroa eskainiko da,euskaraz (asteazkenetan) eta gaztelaniaz (astelehenetan), pop artistendako bideoklipetan eta kontzertuetan sortzen diren koreografiei buruzko dantza-modalitate hori ikasteko. K-Popa ere bueltan da astelehenetan: Hego Koreatik datorren musika-genero horretako koreografiak dantzatu eta sortuko dira. Antzerki-ikastaroa ere ez da faltako astearteetan, arte dramatikoa ardatz hartuta gorputz zein ahozko adierazpena eta komunikazioa lantzeko.
Informatikako eta psikologiako doako lantegiak
Gaztediaren Etxeko zibergelan, hiruhileko guztietan bezala, informatikako doako lantegiak emanen dira: aste berean ordu eta erdiko saio bat edo bi izanen dira. Hamabi lantegi antolatu dira, eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izanen dira: oinarrizko programazioa Python programan, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, kalkulu-orriak eta nola babestu etxeko wifia.
Datorren hiruhilekoan ere, Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Psikologikoak doako hiru lantegi eskainiko ditu, metodologia parte-hartzailea eta banakako eta taldekako dinamikak oinarri hartuta. Honako lantegi hauek antolatu dira: estresaren eta antsietatearen maneiuari buruzko lantegi bat, hiru saiokoa, urtarrilaren 12tik 26ra bitarte; autoezagutzari eta garapen pertsonalari buruzko bat, lau saiotan banatuta, otsailaren 2tik 23ra bitarte, eta erresilienziari buruzko lau saioko lantegi bat, martxoaren 2tik 23ra bitarte.