Astelehenean irekiko da Gaztediaren Etxean informatikako doako 14 lantegietan eta udaberriko 36 ikastaroetan eskainitako 966 plazetan izena emateko epea

Astelehenean irekiko da Gaztediaren Etxean informatikako doako 14 lantegietan eta udaberriko 36 ikastaroetan eskainitako 966 plazetan izena emateko epea
Bigarren hiruhilekoko berritasunen artean, argazkigintza, flamenko fitnessa, ikatz-ziriz marrazteko lantegia, dance komertziala eta upcycling lantegia dira aipagarrienak

Gaztediaren Etxeak prest du udaberriko programazioa, eta 966 plaza eskainiko ditu martxotik ekainera bitartean doako 14 informatika lantegi eta 36 ikastarotan. Izen-emateak astelehen honetan irekiko dira Gaztediaren Etxean eta Iruñean erroldatuta dauden edo ikastetxea Iruñean duten 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Gainerako gazteendako eta 31 eta 35 urte bitarteko pertsonendako bigarren epe bat izanen da martxoaren 4tik aurrera.

Zangoza kaleko 30. zenbakian dagoen Gaztediaren Etxean izena emateko ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara; larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Epea martxoaren 27an amaituko da. Argibide gehiago, prezioak eta ordutegiak jakin nahi izanez gero, deitu 948 233 512 telefonora edo kontsultatu pamplonajoven.es/eu webgunea. Matrikula egiteko NANa aurkeztu behar da.

Udaberrirako gazteek dantza mota ezberdinak aukeratzen ahalko dituzte: Dantza latinoak I eta II, Dantza garaikidea eta modernoa, Afrodancea, Hip-hopa, Dancehalla eta Comercial Dancea (azken hau euskaraz zein gaztelaniaz). Hainbat kirol-jarduera ere emanen dira: GAP, Hipopresiboak+Core I eta II, Box Fitness, TonoPump, R-fitness, Zumba, Flamenko Fitnessa, Cross Traininga (hastapena) eta Intentsitate handiko ariketen ikastaroa (euskaraz). 

Horiez gain, beste ikastaro batzuk ere aukeratzen ahalko dira, besteak beste, Sortu, ekoitzi eta grabatu zure lehen abestiak; Pilates; Moda-diseinua: eraldatu, ebaki eta josi; Yoga; Argazkigintza; Antzerkia; Makillajea eta Estetika; Ikatz-ziriz marraztea; Munduko sukaldeak; Zura zizelkatzea; Airez lehortzeko zeramika-lantegia; Ezagutu zure hiriko udaberriko sendabelarrak; Akuarelazko ilustrazio-lantegia hasiberrientzat; Buztinarekin irudiak modelatzeko eta interpretatzeko lantegia, eta Upcycling-lantegia: objektu apaingarriak (euskaraz). Programazio horri informatikako doako lantegien eskaintza gehitu behar zaio.

Jarduerak arratsaldez eginen dira astelehenetik ostiralera, edo goizez larunbatetan izanez gero. Ikastaroen prezioa 10,80 eurotik 45,60 eurora bitartekoa da, ordu-kopuruaren arabera eta izena ematen duenaren adinaren arabera. 14 eta 17 urte bitarteko gazteek prezio berezia dute.

Argazkigintza eta upcycling-a, berritasunen artean
Hiruhileko honetako berrikuntzetako bat argazkigintza ikastaroa da. Bertan, kamera maneiatzen eta ekipoa optimizatzeko teknikak ezagutuko dira, harekin praktikatzeko. Lantegiaren helburu nagusia da ikasleek haien argazki-kamerak funtzio eta aukera guztiak baliatuz erabiltzen ikastea. Horretarako, zer programa dituzten erakutsiko zaie, bai eta argazki-moldaketako oinarrizko ezagutzak ere. Ikastaroak 2 orduko 6 saio izanen ditu, eta saio teoriko-praktikoen bidez eginen da. Lantegi honetarako baldintza bakarra argazki-kamera digital bat izatea da, eta ahalik eta etekin handiena ateratzeko gogoa izatea. Ikastaro hori Legardi de Falconek emanen du, Argazkigintza Artistikoko eta Irudi eta Soinuko goi mailako teknikariak.

Hurrengo berritasuna Flamenko Fitnessa da, ariketa fisikoa flamenkoaren mugimendu eta pausoekin uztartzen duen kirol jarduera, entrenamendu bizi eta dibertigarria lortuz. Hori praktikatzeak hainbat onura dakartza, hala nola autoestimua, malgutasuna, indarra, koordinazioa eta erresistentzia handitzea. Era berean, tentsioak eta estresa askatzen laguntzen du. Ikastaroak 24 orduko iraupena izanen du, 2 orduko 12 saiotan banaturik. Nadia Redin dantzari eta kirol jardueren irakasleak emanen du ikastaroa.

Ikatz-ziriz marrazteko lantegia ere berria da; 24 orduko iraupena izanen du, 2 orduko 12 saiotan banatuta. Bertaratzen direnek konposizioarekin, perspektibarekin eta proportzioarekin esperimentatuko dute, ikatz-ziria erabiliz marrazkiak sortzeko. Horren guztiaren helburua da parte-hartzaile bakoitzak, bere estiloan, bere irudimena garatzea eta sormena sustatzea, marrazkiaren bidez bere adierazpen-gaitasunetan barneratzeko. Lantegi hori Leyre Elizarik emanen du, arlo honetan esperientzia zabala baitu.

Gainera, Comercial Dance ikastaroa euskaraz zein gaztelaniaz emanen da udaberri honetan. Astearteetan 18:00etatik 20:00etara izanen da eta Paula Pedrosak zuzenduko du euskaraz, eta ostiraletan, 20:00etatik 22:00etara, gaztelaniaz izanen da, Abel Silvaren eskutik. Bi dantzariek eskarmentu handia dute dantza-diziplina horretan.

Azkenik, hiruhileko honetan honako hauek ere badira: zura zizelkatzeko lantegiak (asteazkenetan), buztinarekin irudiak modelatzeko eta interpretatzeko lantegia (astelehenetan) eta, berritasun gisa, upcycling-lantegia: objektu apaingarriak (ostegunetan). Azken lantegi hori (euskaraz), gazte euskaldunek birziklatzeko teknika, diseinu eta arteetan hainbat trebetasun eskuratzeko diseinatuta dago, hasiera batean zaborretarako ziren objektuak erabiliz eta balio berria emanez. 

Lantegietan teknika ezberdinak erakutsiko dira eta hiru ikastaroen azken helburua bertaratutakoek haien trebetasunak garatzea, zurarekin edo buztinarekin lan egiteko garaian haien estilo propioa sortzea eta irudimena eta sormena garatzea da. Lukene Pinzolasek emanen ditu, Eskultura Tekniketako Arte Plastiko eta Diseinuko goi mailako teknikariak. Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako azken proiektu hoberenerako izendatua.

Informatikako doako lantegiak
Gazteek doan hobetu dezakete beren gaitasun digitala Gaztediaren Etxeak eskaintzen dituen informatikako14 lantegietan. Apirileko, maiatzeko eta ekaineko astearte eta ostegunetan eginen dira, 19:00etatik 21:00etara, egun batean edo bitan. Apirilerako honako hauek aurreikusi dira: Adimen Artifizialari buruzko oinarrizko ezagutzak, Sar zaitez makina birtualen munduan, Informatikari aplikatutako matematiken oinarrizko kontzeptuak, Linuxeko oinarrizko ezagutzak eta Gainbegirada bat Kali Linuxi.

Apirilean honako hauek eskainiko dira: Nola funtzionatzen du Internetek (I eta II), Eskaneatu sareak Wireshark erabiliz, Sortu sareak Packet Tracer bidez eta Defendatu zure etxeko sarea. Azken lau lantegiak, ekainean eginen direnak, hauek dira: Hobetu zure trebetasunak Valorant bideojokoan, Oinarrizko Elektronika eta Ikasi segurtasun informatikoari buruz (I eta II).


GAZTEDIAREN ETXEKO UDABERRIKO PROGRAMAZIOKO BERRITASUNAK

 

  • Argazkigintza ikastaroa
    Bi orduko (18:00 – 20:00) sei saio, ostegunetan
  • Flamenko fitnessa
    Bi orduko (20:00 – 22:00) hamabi saio, asteazkenetan
  • Ikatz-ziriz marrazteko lantegia
    Bi orduko (18:00 – 20:00) hamabi saio, ostiraletan
  • Comercial Dance
    Euskara: Bi orduko (18:00 – 20:00) hamabi saio, asteartetan
    Gaztelaniaz: Bi orduko (20:00 – 22:00) hamabi saio, ostiraletan
  • Zur-lana
    Bi orduko (18:00 – 20:00) hamabi saio, asteazkenetan
  • Buztinarekin irudiak modelatzeko eta interpretatzeko lantegia
    Bi orduko (18:00 – 20:00) hamabi saio, astelehenetan
  • Upcycling lantegia: objektu apaingarriak (euskaraz)
    Bi orduko (18:00 – 20:00) hamabi saio, ostegunetan

Cursos de primavera de la Casa de la Juventud eus

¿Te ha sido útil esta página?