Astelehenean irekiko da epea Iruñeko Udalaren sei lantegi eskoletan izena emateko: 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude eta bereziki emakumeak animatu nahi dira izena ematera. Eskolak 2026ko irailaren 1etik 2028ko martxoaren 31ra eginen dira, hau da, 19 hilabete iraunen dute. Eskaintzen diren 102 ikaspostuetarako –17, lantegi-eskola bakoitzeko– eskaerak Nafar Lansareren webgunean egin behar dira. Eskolak honako hauek dira: igeltserotza, hargintza eta biltegiaren kudeaketa, zurgintza eta eraikinetako mantentze-lanak egin eta igeltsu ijeztuko plaka-sistemak muntatzea (Landaben industrialdean); soldadura eskola (Maiteminduen pasealekuan, Arrotxapean), eta basozaintza eta lorezaintzako eskola (Arantzadin). Argibide gehiago nahiz izanez gero, escuelastaller.pamplona.es/eu webgunean kontsultatzen ahal da.
Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak gaur (astelehena) aurkeztu ditu 40 urteko ibilbidea duen udal-ekimen horren inguruko berritasun nagusiak. Sei eskolek Nafarroako Gobernuaren Nafar Lansareren dirulaguntzak dituzte: hiru eskolek hitzarmen modalitatean jasotzen dute laguntza eta beste hirurek, lantegi eskolendako berariazko deialdiaren bidez. Lantegi eskola bakoitzak 715.000 euro inguruko kostua du, obraren, makineriaren eta ibilgailuen inbertsioa kanpo, eta 586.854 euroko batez besteko finantzaketa jasotzen du: Udalak % 18 jartzen du, 128.146 euro inguru.
Lantegi eskolek xede dute 16 eta 30 urte bitarteko gazteen enplegagarritasuna hobetzea, ikaskuntza, prestakuntza eta lan produktiboa uztartzen dituen prozesu baten bidez. Hautatutako pertsonak langile gisa kontratatzen dituzte, prestakuntzarako lan-kontratu batekin, eta lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) % 65ari dagokion soldata jasotzen dute. Egun, LGSa urteko 17.094 euro gordinekoa da, eta horri esker, lanbidea ikasten duten bitartean diru-sarrera bat izateko aukera dute. Azkeneko aldiz 2024ko martxotik 2025ko urrira bitarte egin zen, eta datuen arabera laneratzeko batez besteko tasa % 59koa da.
Programa amaitzen duten ikasleek gaitasun tekniko handia eta eskarmentu egiaztagarria dute eta, horri esker, beren laneratzeko aukerak nabarmen handitzen dira. Lanbidea irakasteaz gain, modulu osagarriak ere ematen dira: Laneko Arriskuen Prebentzioa (LAP), enplegua bilatzeko orientazioa, alfabetatze digitala, gizarte-trebetasunak eta oinarrizko laguntzako prestakuntza. Lantegi eskolek metodologia praktikoa erabiltzen dute, hau da, eginez ikasten da, esperimentazio zuzena eta aukeratutako lanbidean lan egitea lehenetsiz, eta horrela, ezagupenak modu naturalagoan eta dinamikoagoan bereganatzen dira.
Hiriarendako onura publikoa
Prestakuntza tradizionalean ez bezala, onura publikoko obrak eta zerbitzuak, ondarearen birgaitzea eta komunitateari hobekuntza egiten dira. Aurten, Landaben zentroan, Igeltserotzako, Mantentze-lanetako eta Zurgintzako lantegi eskolek eginen dituzten lanik garrantzitsuenak Arrotxapeko San Pedro etxe multzoko zazpi udal-etxebizitzetan birgaitze energetikoa eta barrualdea zaharberritzea izanen da . Hargintzako Lantegi Eskolak Ziudadelako gotorleku-multzoaren barruan mantentze- eta kontserbazio-lanak eginen ditu, eta Zurgintzako Lantegi Eskolak domo geodesiko-estalpe bat egin eta instalatuko du.
Soldadurako Lantegi Eskolak corten altzairuzko jardinerak eginen ditu, Karlos III.aren etorbidean daudenen antzekoak. Basogintzako Eskolak Arantzadiko berdeguneen mantentze-lanak egiten ditu, negutegietan ekoizten dutena Elikagaien Bankura bideratzen da eta, udalaren ekimenez sortu ziren CO2-a xurgatzeko basoetan sastrakak kentzeko eta inausteko lanak egiten ditu.
Lantegi eskoletan parte hartzen duten gehienak gizonak dira; hori dela eta, emakumeak parte hartzera eta maskulinizatuta dauden lanbideak ikastera animatu nahi dira. Mauleónek adierazi duenez, aurtengo edizioan kanpaina berezi bat eginen da emakume gazteak izena eman dezaten, eta horretarako, ikaspostuen eskaria eskaintza baino handiagoa bada, emakumeei lehentasuna emanen zaie matrikula egiteko orduan.
% 80 inguru gizonak dira, eta batez besteko adina 22 urte ingurukoa
Lantegi eskolen aurreko edizioan 132 lagunek parte hartu zuten, 102 ikaspostu eskaini baziren ere, ikasturtean zehar altak eta bajak eman zirelako. Izena eman zutenen % 80 (107) gizonak ziren eta % 20 (27) emakumeak. Parte-hartzaileen bataz besteko adina 22 urte ingurukoa da.
Lantegi eskoletan izaera teoriko-praktikoko prestakuntza ematen da, berariazko prestakuntzarik ez duten gazteendako hezkuntza-sistemak duen hutsunea bete eta lan-merkatuaren beharrekin oso lotuta dagoena. Horri guztiari esker, lantegi eskolek ikasturte guztiak laneratze-indize altuekin amaitzen dituzte.
Lehen bi hilabeteetan bertaratze-beka bat jasotzen dute, eta hirugarren hilabetetik lantegi eskolan ikasturtea amaitu bitarte, txandakako prestakuntza-kontratu bat sinatzen dute Iruñeko Udalarekin, ordaindutako lanerako (% 65) eta prestakuntzarako (% 35) denbora bateratzen dituena. Mauleónek nabarmendu du, lehenengoz, sei lantegi eskoletatik hiruk hitzarmena dutela Nafar Lansarerekin, eta horrek kudeaketari segurtasun handiagoa ematen diola, ez baita beharrezkoa lehia askeko deialdi batera aurkeztea.
IRUÑEKO LANTEGI ESKOLETAKO PRESTAKUNTZA-IKASTAROAK
16 eta 29 urte bitarteko gazteendako
Ikaspostuak: 102, 17 sei lantegi eskoletako bakoitzean
Iraupena: 2026ko irailaren 1etik 2028ko martxoaren 31ra (19 hilabete)
Izen emateak: ekainaren 1etik (astelehena) aurrera
IRUÑEKO LANTEGI ESKOLAK
LANDABEN PRESTAKUNTZA ZENTROA
Igeltserotza
- Landabengo industrialdea, A kalea z.g. Tel.: 948420786
- Prestakuntza orduak: 865
- Hautapen-prozesua: elkarrizketa pertsonala, gehienez lau pertsonari ikaspostu bakoitzeko. Izen-emate kopuruaren arabera, maila edo eskuzko trebetasun-probak eginen dira.
- 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria
Hargintza eta Biltegiaren kudeaketa
- Landabengo industrialdea, A kalea zk.g. Tel.: 948420786
- Prestakuntza orduak: 865
- Hautapen-prozesua: elkarrizketa pertsonala, gehienez lau pertsonari ikaspostu bakoitzeko. Izen-emate kopuruaren arabera, maila edo eskuzko trebetasun-probak eginen dira.
- 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria
Zurgin lanak
- Landabengo industrialdea, A kalea zk.g. Tel.: 948420786
- Prestakuntza orduak: 865
- Hautapen-prozesua: elkarrizketa pertsonala, gehienez lau pertsonari ikaspostu bakoitzeko. Izen-emate kopuruaren arabera, maila edo eskuzko trebetasun-probak eginen dira.
- 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria
Eraikinetako mantentze-lanak egin eta igeltsu ijeztuko plaka-sistemak muntatzea
- Landabengo industrialdea, A kalea zk.g. Tel.: 948420786
- Prestakuntza orduak: 865
- Hautapen-prozesua: elkarrizketa pertsonala, gehienez lau pertsonari ikaspostu bakoitzeko. Izen-emate kopuruaren arabera, maila edo eskuzko trebetasun-probak eginen dira.
- 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria
MAITEMINDUEN PASEALEKUKO ZENTROA (ARROTXAPEA)
Soldadura
- Maiteminduen pasealekua 37. Tel.: 948315434
- Prestakuntza orduak: 860
- Hautapen-prozesua: elkarrizketa pertsonala eta idatzizko proba, hautagai kopuruaren arabera
- 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria
ARANTZADI PRESTAKUNTZA ZENTROA
Basogintza eta Lorezaintza
- Arantzadiko Inguruneko k. z. g. Tel.: 948420790
- Prestakuntza orduak: 818
- Hautapen-prozesua: elkarrizketa pertsonala eta idatzizko proba, hautagai kopuruaren arabera
- 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria