Astelehenean irekiko da epea COworkids udal-programak Aste Santuan eskainiko dituen kanpaldietan izena emateko

Astelehenean irekiko da epea COworkids udal-programak Aste Santuan eskainiko dituen kanpaldietan izena emateko
Urteko lehen hiruhilekoan zehar 1.855 izen-emate erregistratu dira COworkidsen jardueretan, eta 2021ean ia 3.000 haur artatu zituzten
coworkids

 

COworkids udal-programak 2.975 haur artatu zituen iaz, eta 2021eko lehen hilabeteetan, guztira, 1.855 izen-emate erregistratu ditu dagoeneko jardueretan. Datorren astean irekiko da ere apirilaren 19tik 22ra bitarte Arantzadi Kirolgunean eginen den Aste Santuko kanpaldian izena emateko epea. 6 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeendako 130 leku eskainiko dira, gaztelaniaz eta euskaraz, 10 euroan parte-hartzaile bakoitzeko, eta hamaiketakoa barne hartzen du.

COworkids udal-programaren Aste Santuko kanpaldiak Iruñeko haur eta nerabeen jolas-eskubidea du ardatz. Udalak, lau egunez, gozamena, dibertsioa eta kirol anitzak proposatzen dizkie haur eta nerabeei, jolasen, eskulanen eta magiaren inguruko jarduerekin. Halaber, Arantzadiko kirolguneak eskaintzen dituen aukerei esker, programak hainbat saio barne hartzen ditu, hala nola igeriketa, pilota, padela, xakea, futbola, puzgarriak eta mozorro-festa bat. Zerbitzua zuzenean Iruñeko Udaleko teknikariek eskainiko dute, COworkidsen eguneroko jardueretan parte hartzen duten kirol federazioekin elkarlanean.

Halaber, kanpaldi horren bidez, COworkids programak haurren eskubideak babesteari dagokionez defendatzen dituen balioak azpimarratuko dira, zehazki, Haurren Eskubideen Konbentzioaren 31. artikuluak biltzen duena: “Estatu kideek aitortzen dute haurrek badutela atsedenerako eta aisialdirako, jolaserako eta beren adinari dagozkien aisia-jardueretarako eskubidea, baita bizitza kulturalean eta arteetan askatasunez parte hartzeko eskubidea ere".

Izen-emateak martxoaren 21etik (astelehena) 25era bitarte (ostirala) egiten ahalko dira, 010 herritarrendako laguntza telefonoan (948.420.100, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Hamar euroko zenbatekoari deskontuak aplikatuko zaizkio, parte hartzen duten anai-arreba kopuruaren arabera. Bik izena ematen badute, guztizkoaren % 20 murriztuko da, eta hiru edo gehiago badira, deskontua % 30 izanen da. Ordainketak banku-txartel bidez eginen dira.

Eskola-laguntza, Erasmus + eta COworkids Larunbatak!, parte-hartzaile gehien dituzten proposamenak

COworkids programak eskaintzen dituen proposamenetako parte-hartzaile kopuruak gora egin du hilabeteak igaro ahala. 2022. urtea hasi zenetik, 1.855 izen-emate erregistratu dira, eta une honetan, parte hartzen ari diren haur eta nerabeen kopuruak 877 jotzen du. Bereziki nabarmena da eskola-laguntzan izandako parte-hartzea, 627 izen-emate baititu.

2022ko lehen hiruhilekoan, halaber, nerabeen parte-hartzea indartu egin da programan, 13 eta 17 urte bitarteko publikoarendako jarduera berriak sortuz. Adibidez, ‘#KrispetaketaTikTok’ jarduera, Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Museoarekin elkarlanean martxan jarri dena. Lehen hilabeteetan, jarduera Milagrosan, Iturraman, eta Txantrean egin da, eta, laster, Mendillorrin ere izanen da. Proposamen horren barruan nerabeek ‘EcoZine’ jaialdiko film laburrak ikusten dituzte, askaria egiten dute, eta ondoren Tik Tok sare sozialaren erronka batean parte hartzen dute, COworkidseko kontu ofizialean ingurumen-gaien inguruko edukiak argitaratuz.

Urteko lehen tarte horretan ere, helmuga Brusela duen Europako Erasmus + programaren xehetasunak argitaratu dira, zeinean berrogeita hamar bat lagunek izena eman baitute jada. Horiek hamalau prestakuntza-saioetan parte hartuko dute, ekainean Bruselara nor joanen den erabakitzeko. Halaber, azpimarratu behar da ‘Zurekin hazten’ gurasotasun positiboari buruzko programa izaten ari den harrera ona, zeinean dagoeneko 150 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten.

COworkids programak proposamenak eta jarduera berriak batzen jarraitzen du, eta datozen asteetan larunbatetako piraguismoa itzuli eta "COworkids Larunbatak!" jardueraren programazio berria argitaratuko da. Azken hori Gazteriaren Etxearekin elkarlanean egiten da, eta dagoeneko 146 haur eta nerabek parte hartu dute. Larunbatero, hiriko auzo ezberdin batera doaz dantzatzera, magia edo antzerkia egitera, edo Rubiken kuboa maneiatzen ikastera. Martxan dauden jarduera guztien eta proposamen berrien xehetasunak www.coworkidspamplona.es webgunean kontsulta daitezke.

Ia 3.000 parte-hartzaile COworkidsen jardueren lehen urte osoan

Abian izan den lehen urte osoan, 2021ean, COworkids udal-programak 2.975 haur artatu zituen, eta horietatik bi herenek oporraldietan antolatutako jardueretan parte hartu zuten, hala nola Aste Santuko kanpaldian, udako kanpaldietan eta Gabonetan egindako proposamenetan. Halaber, guztira 880 haurrek parte hartu zuten urte osoan zehar hiriko hamalau auzoetan egiten diren eguneroko jardueretan.

Hilabeteek aurrera egin ahala, hainbat entitate eta erakunde batu zaizkio COworkids udal-programari, eta gaur egun 17 dira jarduerak garatzen laguntzen dutenak. Kirol federazioek, unibertsitateek edo ikastetxeek beren baliabideak programarenak berarenak direnekin batzen dituzte, eta horri esker, gaur egun, 160 dira programan inplikatutako pertsonak (laguntzaileak, boluntarioak eta praktiketan daudenak, besteak beste). Halaber, COworkids programak aktiboki parte hartzen du auzoetako haur-sareetan, eta modu estuan elkarlanean aritzen da auzo-unitateekin, ikastetxeekin, osasun-zentroekin eta elkarteekin.

Jardueraren eguneroko jarraipenari dagokionez, 2021ean COworkidsen Prebentzio Protokoloa ezarri zenetik, egunero gizarteratzeko teknikari bakoitzak auzoko parte-hartzaile bakoitzaren jarraipena egiten du, zaurgarritasun-adierazleetan oinarrituta. COworkidsen Prebentzio Protokoloak esku-hartzeko hiru kasu-mota ezartzen ditu. COworkidsen lantaldea oinarrizko gizarte-zerbitzuekin, ikastetxeekin, osasun-zentroekin, familiekin eta haurrarekin edo nerabearekin lan egiten duten beste erakunde batzuekin koordinatzea eskatzen duten esku-hartzeak. Prebentzioaren arloko koordinazioa zuzenean gizarteratzeko teknikari bakoitzak egiten du auzo bakoitzeko zerbitzuekin.

 

¿Te ha sido útil esta página?