Astelehenean hasiko dira Etxabakoizko Concepción Benítez kalea asfaltatzeko lanak. Soilik goranzko noranzkoan izanen dute eragina lanek, Teodoro Ochoa de Alda kalearen eta Barañaingo etorbideko biribilgunearen arteko tartean. Igotzeko noranzkoko zirkulazioa Teodoro Ochoa de Alda kaletik desbideratuko da, Remiro de Goñi kalerantz; azken horrek irteera du Barañaingo etorbidera. Aurreikuspenen arabera, asteazken arratsaldean amaituko dira lanak, baldin eta eguraldiak obra moteltzen ez badu.
Inguru horretan zoladura osoa ordezkatzeko lanak eginen dira; izan ere, petatxu ugari zituen zoladura horrek, eta bide horrek zirkulazio handia jasaten zuenez, balio-bizitza amaitua zuen dagoeneko. Hala, geruzaren 5 zentimetro fresatuko dira. Aitzitik, beharrezkoa izanez gero, sakontasun handiagoko fresaketa-lanak eginen dira, 13 zentimetroko sakonera lortzeraino. Oinarri-geruza birjarri eta gero, berriz asfaltatuko da, eta horretarako, zabaltzeko bi makina arituko dira batera, luzetarako junturarik ez egiteko.
Lan horiek Concepción Benítez kaleko eremu zehatz batzuetako geruza sakonenen bide-zorua saneatzeko lanen osagarri dira: duela zenbait aste egin ziren, eta esku-hartze hori egin ahal izateko, 60 zentimetroko sakonerako indusketak egin ziren, bide-zorua finkatzeko.
Asteleheneko 08:00etatik aitzina
Lanak azaroaren 3an hasiko dira, 08:00etan: beharrezko mozketak egin eta bide alternatiboak seinaleztatuko dira. Ondoren, fresatzeko lanak eginen dira. Errodatze-geruza barreiatzeko lanak azaroaren 4an eginen dira, asteartearekin. Eta asteazkenean, seinale horizontal guztiak margotuko dira. Hauxe da helburua: asteazkeneko 20:00etan bidea berriz ere irekitzea.
Udalak lanek eragiten ahal dituzten gorabeheren berri eman die auzotarrei, erabiltzaileei, San José Zentroko langileei eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko gerentziari. Lanek ez dute eraginik izanen Iruñerriko hiri-garraioko zerbitzuan.
Bigarren fasean, 2026an, errepideko zirkulazioak behera egiten duen garaiekin bat eginez, Concepción Benítez kaleko tarteko zoladura berrituko da, Teodoro Ochoa de Alda kaletik Aróstegui etorbideraino.