Covid-19a hedatzea eragozteko Iruñeko Udalak hartutako neurriek haur eskoletako matrikula egiteko ohiko prozesua aldatu behar izatea ekarri dute. Alarma-egoera dela-eta, behin-behineko izen-ematea etenda gelditu zen, eta orain, maiatzaren 25etik aurrera, berriz ekinen zaio, berritasun batzuekin. Nagusiena era telematikoan egiteko aukera da (Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez) Bestetik, behin-behineko izen-ematea aurrez-aurre egitea hautatzen dutenek aurretiazko hitzordua eskatu beharko dute 948 420 098 telefonoan, 08:30etik 14:30era bitarte. Kasu batean zein bestean epea ekainaren 5ean amaituko da.
Aurretiazko hitzorduen banaketa aste honen hasieratik dago abian. Haur Eskolen erakundeak deitzen dutenei egun bat eta ordu bat esleituko dizkie, datorren astetik aurrera eskabidea eta beharrezkoa den dokumentazioa Zapateria 40ko udal-bulegoetan aurkez ditzaten. Udalak eta Haur Eskolek behar diren segurtasun- eta higiene-neurriak hartuko dituzte bulego horietan, behin-behineko izen-emate hori zuzen egin dadin, Covid-19a kutsatzeko arrisku oro saihestuta.
Aurten lehen aldiz, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez ere egin ahal izanen da behin-behineko izen-ematea. Heldu den astelehenetik aurrera horretarako gune bat sortuko da bertan, eta sarbide erraza izanen du bai Iruñeko haur-eskolen webgunetik (https://www.pamplona.es/escuelasinfantiles/) edo https://www.pamplona.es/escuelasinfantiles/ udal-webgunetik.
Matrikula egiteko agiriak eta egutegia
Izapide hau egiteko behar diren agiriak xehe jasota daude https://www.pamplona.es/escuelasinfantiles/ webgunean, eta besteak beste, beharrezkoa da NANaren edo AIZren eta familia-liburuaren fotokopia (edo horrelakorik ezean jaiotze-agiria) aurkeztea. Horiez gain honako hauek ere aurkeztu beharko dira: lan-egoera eta/edo egoera akademikoaren ziurtagiria, errenta-mailaren ziurtagiria, eta haurraren matrikulan eragin dezakeen bestelako edozein inguruabar bereziri buruzko egiaztagiriak.
Behin-behinean izena emateko epea amaituta, uztailaren 1ean eskola bakoitzean onartuak izan diren haurren behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Egun horretatik uztailaren 6ra bitarte erreklamazioak egiteko epea zabalduko da. Uztailaren 17an onartutakoen behin betiko zerrendak emanen dira argitara. Matrikula uztailaren 17tik 24ra bitarte eginen da. Aurreikuspenaren arabera abuztuaren 17an emanen zaio hasiera ikasturteari.
Ia mila toki 2020-2021eko ikasturterako
Iruñeko Udalak datorren ikasturterako 0 eta 3 urte bitarteko zikloko 964 toki eskainiko ditu ‘Iruñeko Udaleko Haur Eskolak’ erakunde autonomoaren bidez, gaztelania, euskara, eta gaztelania ingelesezko jarduerekin aukeretan banatuta. Guztizko tokietatik 116 egonaldi erdiko edo egonaldi murriztuko modalitatekoak dira, eta ‘Helo Azpilagaña’, ‘Goiz Eder’ eta ‘José María Huarte’ eskoletan banatzen dira.
Kontuan hartzen badugu toki horietako batzuk aurreko ikasturteetan dagoeneko matrikulatuta zeuden eta haur-eskoletan jarraituko duten haurrek beteko dituztela, 445 toki izanen dira ikasle berrientzat egonaldi osoko modalitatean hutsik geldituko diren tokiak eta 99, egonaldi erdikoan edo murriztukoan.
Iruñean Udalaren titulartasuneko hamaika haur-eskola daude (Mendebaldea, Haurtzaro, Mendillorri, Fuerte el Príncipe – Printzearen Harresi, Donibane, Izartegi, Goiz Eder, José María Huarte, Hello Buztintxuri, Hello Azpilagaña eta Hello Egunsenti) eta Nafarroako Gobernuaren eskumeneko beste bost (Santa Teresa, San Jorge, Nuestra Señora de los Ángeles, Ninia Etxea eta Nuestra Señora de Roncesvalles).