Astelehen honetan, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean aparkatze araututako 51 aparkaleku gehiago jarriko dira martxan. Aparkaleku horiek C pabiloiaren aurrean daude, hematologiako eta onkologiako eremuan aparkaleku gehiago behar baitira. Eremu urdineko plazak dira, eta, beraz, ibilgailuek 2 orduz aparkatu ahal izanen dute, gehienez ere, 2,15 euroren truke. Gutxieneko denbora-tartea hamar minutukoa izanen da, eta kostua, 0,30 eurokoa. Eremu urdineko ordainketak dirutan (parkimetroan) edo Telpark aplikazioaren bidez egin ahal izanen dira.
Aparkatzeko poltsa berri horrek eraiki gabeko eta erabilerarik gabeko 86 x 16,35 metro koadroko orube bat hartzen du. Egokitutako aparkalekuak 1.180 metro koadroko azalera du guztira, bi aparkatzeko gunetan banatuta. Hala, eremu nagusi bat sortu dute, azalera handiagokoa (985 metro koadro hartzen ditu), eta ibilgailuen zirkulaziorako 5 metroko zabalerako bide bat du erdian, noranzko bakarrean. Bigarren eremuak 195 metro koadroko azalera du eta zirkulatzeko lehengo bidearen ondoan dago. Bi kasuetan, aparkatzeko lekuak baterian daude. Egokitu diren 51 horietatik bi mugikortasun urriko pertsonendako gorde dira.
Horrez gain, pertsonendako ibilbide irisgarriak sortu dituzte pareko espaloiraino, oinezkoendako beste pasabide berri bat diseinatuta. Eremuko segurtasuna hobetu egin da, erdibitzailean argiak jarrita; hain zuzen ere, erdibitzaile horrek bereizten ditu sarbidea eta aparkalekuaren gune nagusia.
Obra osatzeko, PVC birziklatuzko pieza banatzaileak jarri dira ibilgailuen gurpilendako tope gisa, eta parkimetro bat jarri da eremuan. Halaber, seinaleztapen horizontala margotu eta seinale bertikalak jarri dira, besteak beste aparkatze arautuko eremuarena.
Aparkaleku-poltsarako sarbidea Odol Bankuaren eremutik egiten da, Nafarroako Unibertsitate Ospitalearen esparruaren barruan, ibilgailu astun gutxiko zirkulazio bikoitzeko bide batetik.
Lanak joan den urriaren 10ean hasi ziren, eta 204.557,64 euroko inbertsioa izan dute; Urbanismo Táctico Pamplona ABEEak egin ditu.
Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak ibilgailuendako 1.290 aparkaleku-plaza ditu gaur egun aire zabalean, horietatik 83 desgaitasuna dutenendako eta 39 motozikletendako. 51 plaza horiek sortuta, eremuaren edukiera handitu eta aparkaleku-eskarira doituko da.