Asteburuan hasita, Udalak dastatzeak eta bisita gidatuak edo antzerki erakoak antolatu ditu Donejakue bidea hainbat ikuspegitatik ezagutzeko

Asteburuan hasita, Udalak dastatzeak eta bisita gidatuak edo antzerki erakoak antolatu ditu Donejakue bidea hainbat ikuspegitatik ezagutzeko
Jardueretarako erreserbak https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ webgunearen bidez egin daitezke jada
Irudia
Irudia
Irudia

Donejakue bidea Iruñean izanen da Iruñeko Udalak udarako programatu dituen hainbat jardueraren ardatz. Asteburuan abiatuko dira Kalizaren lapurreta antzerki erako bisitak, modu atseginean ezagutzera emate aldera hiria ezagutzeko pista-joko bat, mugikorrerako aplikazio bat baliatuta. Era berean, Donejakue bidea 3Dan izeneko bisita gidatuak garapen teknologikoa baliatuko du turistei Donejakue bideak Iruñean barna egiten duen ibilbidearen mugarriak erakusteko. Bi bisita horietakoren batean edo datorren astetik aurrera Ziudadelan eginen diren ardo-dastatzeren batean parte hartzeko, https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ webgunean sartu behar da 

Iruñeko Udalak, hiriko erakargarritasunak turistendako eta iruindarrendako irisgarriago egiteko asmoz, bi irtenbide teknologiko garatu ditu Donejakue bideak Nafarroako hiriburutik igarotzean dituen mugarrietako batzuk mundu birtualera eta gamifikaziora eramateko. Kalizaren lapurreta ihes-jokoa (www.elrobodelcaliz.es webgunearen bidez eskuragarri) eta Donejakue bidea 3Dan www.caminodesantiagopamplona.com bi irtenbide teknologiko dira, uda honetan bisita gidatuen bidez erabiltzaileengana hurbiltzeko asmoz eginak, horiei esker erabiltzaileek bisitak ezagutu eta ondoren era autonomoan erabili ahal izateko.

Kalizaren lapurreta antzerki erako bisita gidatuan, parte-hartzaileek XV. mendean murgildu eta aukera izanen dute garai hartan Bidean zeuden lanbideetako batzuk ezagutzeko.  Uztailaren 30ean, larunbatarekin, programatutako lehenengo hitzordua, eta hurrengoak abuztuko ostiraletan eginen dira, 19:00etan, Errege Erreginen jauregitik (egun, Nafarroako Artxibo Nagusia) abiatutako ibilbide batean. Parte hartzeko, sarrera https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ webgunean erreserbatu eta erosi behar da, 8 euroan, euro bateko deskontuarekin PIC Pamplona-Iruña Card txartela aurkeztuz gero. 12 urtetik beherakoek doan parte har dezakete.

Donejakue bidea 3 dimentsiotan erakutsiko duen bisita gidatua bideak zeharkatzen dituen kaleetan barna eginen da, eta aplikazioari esker, erromesek bidean topa ditzaketen guneak eta bitxikeriak ikusteko aukera izanen dute. Bisita Frantziako portalean hasi eta Carmen kaletik Katedraleko atarira doa, gero Curia eta Mercaderes kaleak zeharkatu eta Udaletxe plazara eta Done Jakue plazara iristen da, eta, San Saturnino kalean barna, Ultreian, Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroan amaitzen da. Udako hitzorduetako lehenengoa igande honetan izanen da, 31n, eta abuztuaren 7, 14, 21 eta 28an ere eginen da. Pertsona bakoitzak 3 euro ordaindu beharko ditu, 2,5 euro PIC txartela edukiz gero. 12 urtetik beherakoek doan parte har dezakete.

Dastatzeak Ziudadelan, abuztuko astearte eta asteazkenetan: Bideko harmoniak
Donejakue bidearen inguruan antolatutako jarduera-programazioaren barruan, Iruñeko Udalak Nafarroa jatorri-deiturako ardoak gozatzea ere proposatzen du uda honetan, tokiko produktuekin uztartuta. Bideko harmoniak jarduera Ziudadelan eginen da, astearte eta asteazkenetan, abuztuaren 2tik irailaren 7ra, hamabi saiotan. Bi ardo-sorta hautatuko dira, ardo txuri, gorri, beltz eta moskatel bana, denak 2022ko Nafarroa JDko Ardo Hautaketakoak, eta astearteetan eta asteazkenetan aurkezpenak desberdinak izanen dira. Ardoekin uztartuta, Baserriberri jatetxeak egindako pintxoak dastatuko dira. 

Migueltxo Goñi Nafarroa Jatorri Deiturako prestatzaileak gidatuko du jarduera. Aurreikusitako 12 saioak Ziudadelako Arma Aretoaren kanpoaldean eginen dira, 19:30etik 20:30era. Dastatzearen prezioa 8 euro da, euro bat gutxiago PIC Pamplona-Iruña Card txartela aurkeztuz gero. Erreserbak https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ webgunean egin behar dira.

Doako pista-jokoa, turisten eta iruindarren eskura
Kalizaren lapurreta Iruñeko Udalak garatutako pista-jokoaren hasiera da, eta abiapuntua berriki inauguratutako Donejakue bidearen parkea da. Erregearen kalizaren lapurretari buruzko fikziozko istorio bat kontatzen du, eta parte-hartzailea XV. mendeko Iruñean murgiltzen du. Mugikor baten eta Interneteko konexioaren laguntzarekin –plataforman izena eman ondoren– jokalariek kaliza nork lapurtu duen asmatu behar dute, eta horretarako, Bideak hirian egiten duen ibilbidean utzitako pistak banan-banan aztertu eta irtenbideak topatu beharko dituzte.

Doako pista-joko hau urteko egun guztietan eskuragarri dago irtenbide teknologiko baten bidez, 12 urte baino gehiago dituzten iruindarrendako eta askotariko profil sozial eta kulturalak dituzten turistendako. Lau hizkuntzatan dago eskura: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Jokoak geolokalizazio-sistema bat, lotura onlineko mapen aplikazioei eta argibide pertsonalizatuak ditu, erabiltzailea era autonomoan gidatze aldera.

Bideak Iruñean barna egiten duen ibilbidea egitea, birtualki eta 3 dimentsiotan
Iruñeko Udalak garatutako irtenbideak eskaintzen duen bisita birtuala 3Dan (www.caminodesantiagopamplona.com) gidatzen du bisitaria Done Jakue bideak hirian barna egiten duen ibilbideko mugarrietan zehar. Aplikazioak zonaldeko mugarri nagusiak erakutsi eta birtualki bisitatzen ditu Bidearekin lotura duten monumentuak: Andre Maria Erreginaren katedrala, Udaletxea, Domingo Santuaren eliza, San Zernin eliza, Ultreia-Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa eta San Lorentzo eliza. 

Horrez gain, bisitak Bidean eta hirian barna ibilbide bat goitik begiratuta egiteko aukera ematen du, baita Donejakue bideak Iruñean barna egiten duen ibilbidean dauden interesguneei buruzko informazioa eskaini ere. Hori guztia lau hizkuntzatan eskaintzen da: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Ibilbidea eguneko 24 orduetan egin daiteke, edozein tokitatik, tablet, ordenagailu edo gailu mugikor baten bitartez, edo, bestela, bisita birtualaz gozatzeko aukera ematen duten guneetan –Magdalenako zubian, kasurako, ibilbidearen hasieran– instalatutako QR-en bidez. 

¿Te ha sido útil esta página?