600 kirolaritik gora, 39 kirol-proba eta bi eguneko lehiaketa. Iruñea izanen da datorren asteburuan 16 urtez azpikoen selekzio autonomikoen arteko Espainiako Atletismo Txapelketaren eta Espainiako Atletismo Inklusiboaren Txapelketaren egoitza, azken hori ere selekzio autonomikoen artekoa. Larrabide estadioa nazioko atletismoaren erdigune izanen da berriz ere, oraingoan harrobia ardatz hartuta, 2007an eta 2008an jaiotako kirolariekin
María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Miguel Pozueta Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Raúl Chapado Espainiako Atletismoko Errege Federazioko lehendakariak eta Rodrigo Domínguez Nafarroako Atletismo Federazioko lehendakariak gaur goizean aurkeztu dituzte urriaren 8an eta 9an jokatuko diren txapelketa horiek Autonomia guztiek izanen dute ordezkaritza. Nafarroak 45 kirolari izanen ditu proba ezberdinetan lehiatzen. Larrabide estadiorako sarrera doakoa izanen da nazioko atletismoan etorkizun oparoa izan lezaketen gazteak ikusi nahi dituztenendako.
Iruñeak aurreikusten duenaren arabera 2.000 lagun baino gehiago erakarriko ditu, besteak beste, kirolariak, federazio autonomikoetako teknikariak, epaileak eta arbitroak, bai eta senideak ere, ez baita ahaztu behar 16 urtetik beherakoak adingabeak direla eta jende gehiago mugitzen dutela. Gauza bera gertatzen da kirol inklusiboarekin, gizarteratzearen eta nork bere burua hobetzearen eredu, zeinak hainbat diziplinatako kirolariak izanen baititu.
Kirolari, oinarrizko kirolari eta kirol inklusiboari laguntzeaz gain, txapelketa horiek Iruña helmuga osasungarri gisa ikusaraztea ere badakarte, horrelako lehiaketa batek hirian duen eragin ekonomikoarekin batera. 2012an, Iruñean egin ziren Espainiako Atletismo Txapelketa absolutuak, eta, harrezkero, Larrabiden bertan hainbat kategoriatako nazio zein eskualde mailako beste zenbait lehiaketa ofizial jokatu dira.
Txapelketarako arratsalde bat eta goiz bat
Probak larunbatean hasiko dira, arratsaldez, 16:30etik 21:00era bitarte, gutxi gora behera. Lehenengo egunean 100 metroko eta 110 metro hesietako gizonen eta emakumeen finalerdiak jokatuko dira, parte-hartze indizerik altuenak dituzten diziplinak baitira. Gainera, beste hainbat modalitatetako finalak jokatuko dira, hala nola, mailu-, disko- eta pisu-jaurtiketakoak, pertika-jauzikoa, jauzi hirukoitzekoa, 300 metroko, 300 metro hesietakoa, 600 metroko eta 1.500 metro oztopo-jauzietakoa, gizonen kategorian, eta jauzi hirukoitzekoa, gorako jauzikoa, 300 metrokoa eta 300 metro hesietakoa, diskokoa, 600 metrokoa, 1.500 metro oztopo-jauzietakoa eta 3.000 metro ibilketakoa.
Igande goizean, 09:00etatik 14:00etara arte, hogei finaletik gora jokatuko dira. Honako final hauek daude aurreikusita: 100 metrokoa, 100 metro hesietakoa, luzera-jauzikoa, xabalina-jaurtiketakoa, 1.000 metrokoa, 3.000 metrokoa, 4x100 eta 4x300 erreleboetakoa, gizonen zein emakumeen kategorian. Halaber, mailu, pertika eta pisuko finalak programatu dira nesken kategorian eta 5.000 metro ibilketakoa eta gorako jauzikoa mutilenean. Jardunaldiari eta Espainiako txapelketari 4x100 errelebo inklusiboko lehiaketarekin emanen zaie amaiera.