
Iruñeko Udalak asteazkenean irekiko du epea sanferminetako Entzierrilloetan parte hartzeko eskaintzen dituen 1.400 sarrera-baimen bikoitzak eskatzeko. Uztailaren 6tik 13ra, egunero, bi lagunendako 175 sarrera daude eskuragarri, eta ostiralera arte eskatzen ahal dira –eskaera bakarra pertsona bakoitzeko– 010 herritarrendako arreta telefonoan (948 420 100 telefonoan, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero) eta udal-webgunean.
Jasotako eskera guztien artean zozketa bat eginen da ekainaren 11n, ostegunarekin. Sarituek bi pertsonendako egun baterako sarrera-baimena jasoko dute. Udalak irabazleei SMS edo posta elektroniko bidez jakinaraziko die zein egun eta ordutan jaso behar dituzten sarrerak Kondestable Civivoxean, ekainaren 15etik 18ra bitarte. Zozketa irabazi duen pertsonak NANa aurkeztu beharko du sarrerak jasotzeko; sarreren bila doan pertsona ez bada zozketan parte hartu duena, irabazlearen jatorrizko NANa edo haren kopia aurkeztu beharko du.
Zozketan izena emateko ez da beharrezkoa hirian erroldatuta egotea eta ez dago inolako lehentasunik. Pertsona bakoitzak behin bakarrik izena ematen duela bermatzeko, izapidea online edo telefonoz egiterakoan izena, abizenak, NANa, telefonoa eta helbide elektronikoa eskatuko dira. Izen-ematea telefonoz eginez gero, bi pertsonak ematen ahalko dute izena dei bakoitzean.
Ezarritako epean txartel guztiak jasotzen ez badira, itxaron-zerrendara joko da. Sarrera-baimenei esker 350 lagunek, egunero, aukera izanen dute hurrengo egunean zezen-plazan toreatuko diren zezenen igoera ikusteko, Gaseko eskortetatik (Zamargileen zubiaren ondoan) San Domingoko eskortetaraino. 400 metroko ibilbidea gauez eta korrikalaririk gabe egiten da.
2026KO ENTZIERRILLORAKO BAIMEN-TXARTEL BIKOITZAK
Eskaerak: ekainaren 3tik (asteazkena) ekainaren 5era (ostirala)
- 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan (948 420 100 telefonoan, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero).
- udal-webgunean.
- Zozketa, ekainaren 11n, osteguna. Zozketan sarituak izan direnei SMS edo mezu elektroniko bidez jakinaraziko zaie.
- Sarrerak jasotzea: ekainaren 15etik (astelehena) ekainaren 18ra (osteguna) bitarte, aurrez aurre, Kondestable Civivoxean, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara bitarte.