
Iruñeko Udalak asteazkenean irekiko du epea Udaletxea bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duten doako bisita gidatuetan izena emateko: Batasunaren Pribilegioaren 603. urteurrenaren karietara eginen dira bisitak. Bisitak egiteko 34 txanda eskainiko dira eta bakoitzean, gehienez ere, 30 lagunek parte hartzen ahalko dute, goizez zein arratsaldez, irailaren 3tik (osteguna) 11ra (ostirala) bitarte. Ibilbideak 45 minutu inguru iraunen du eta euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera egonen da.
Interesa dutenek www.pamplona.es/eu udalaren webgunean erreserbatzen ahal dute lekua, edo 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan (mugikorretik edo Iruñetik kanpoko tokiren batetik deituz gero, 948 420 100 zenbakia erabili behar da). Lekuak izena eman den hurrenkerarekin bat beteko dira. Sei urtetik beherako haurrek izena eman gabe parte hartzen ahalko dute, izena eman duten helduek lagunduta; sei urtetik aurrerakoek izena eman beharko dute. Mugikortasun-beharrak dituztenek izena emateko orduan adierazi behar dute.
Bisitak irailaren 3ko (osteguna) eguerdian abiatuko dira, eta txanda horretan Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea arituko da gidari. Bisitetarako topalekua Udaletxearen ate nagusia da, bisita hasteko adierazitako ordua baino 5 minutu lehenago. Ostegunean bost bisita eskainiko dira, bi goizez eta hiru arratsaldez, eta ostiralean, bi bisita goizez. Asteburuan, irailaren 5ean (larunbata) eta 6an (igandea), hiru bisita goizez eta hiru arratsaldez antolatu dira, hurrenez hurren. Irailaren 7an, astelehenarekin, hiru bisita eginen dira arratsaldez.
Irailaren 8an, asteartea, Batasunaren Pribilegioaren ospakizun nagusia izanen da eta ez da Udaletxera bisitarik eginen. Bisitak irailaren 9an (asteazkena) abiatuko dira berriz eta egun horretan hiru txanda eskainiko dira arratsaldez; irailaren 10ean (osteguna), hiru bisita goizez, eta, amaitzeko, irailaren 11n (ostirala), hiru bisita eginen dira goizez eta hiru arratsaldez. Eneko Aritza kolektiboko langile espezializatuek gidatzen dituzte bisitak.
Udaletxean barnako ibilbidea ezkaratzean eta oin nagusira joateko eskaileretan hasiko da, eta bertatik harrera-aretorako sarbidea dago: bertan egonen da Iruñeko hiri modernoa sortu zeneko jatorrizko agiria beira-arasa batean. Bisitak, halaber, sanferminak iragartzen dituen txupinazoa jaurtitzen den balkoia ikusteko aukera barne hartuko du. Ibilbidean, eraikinaren eraikuntzari, gordetzen duen ondareari eta hiriko historiari buruzko alderdi garrantzitsuei buruzko informazioa ezagutzeko aukera izanen dute parte-hartzaileek.
Bisita gidatuak Batasunaren Pribilegioaren karietara egiten diren ospakizunen parte dira. Batasunaren Pribilegioa hiria osatzen zuten hiru burguak –Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas Hiria– batu zituen ituna da, eta hari esker, mendeetako liskarrei amaiera eman zitzaien. Itun hori Karlos III.a Nobleak aldarrikatu zuen duela 603 urte, 1423ko irailaren 8an, eta Iruñeko Udala instituzio gisa eratzea ekarri zuen, gaur egunera arte dirauena, bai eta herritarren batasun, elkartasun eta senidetasun nahia gauzatzea ere.
2026KO BATASUNAREN PRIBILEGIOA: BISITA GIDATUAK
• Irailak 3, osteguna:
o 12:00 (gaztelaniaz) Iruñeko alkateak eginen du bisita
o 13:00 (euskaraz)
o 17:00 (gaztelaniaz)
o 18:00 (euskaraz)
o 19:00 (gaztelaniaz)
• Irailak 4, ostirala:
o 11:00 (gaztelaniaz)
o 12:00 (euskaraz)
• Irailak 5, larunbata:
o 11:00 (gaztelaniaz)
o 11:00 (gaztelaniaz)
o 13:00 (gaztelaniaz)
o 17:00 (gaztelaniaz)
o 18:00 (euskaraz)
o 19:00 (gaztelaniaz)
• Irailak 6, igandea:
o 11:00 (gaztelaniaz)
o 12:00 (euskaraz)
o 13:00 (gaztelaniaz)
o 17:00 (gaztelaniaz)
o 18:00 (euskaraz)
o 19:00 (gaztelaniaz)
• Irailak 7, astelehena:
o 17:00 (gaztelaniaz)
o 18:00 (euskaraz)
o 19:00 (gaztelaniaz)
• Irailak 9, asteazkena:
o 17:00 (gaztelaniaz)
o 18:00 (euskaraz)
o 19:00 (gaztelaniaz)
• Irailak 10, osteguna:
o 11:00 (gaztelaniaz)
o 12:00 (euskaraz)
o 13:00 (gaztelaniaz)
• Irailak 11, ostirala:
o 11:00 (gaztelaniaz)
o 12:00 (euskaraz)
o 13:00 (gaztelaniaz)
o 17:00 (gaztelaniaz)
o 18:00 (gaztelaniaz)
o 19:00 (euskaraz)